URTEAN ZEHAR XXX IGANDEA

A zikloa


Exodo liburutik 22,21-27


Honela mintzo da Jauna:
- “Ez egin arrotzari, ez zapalketarik, ez nahigaberik, zuek ere Egiptoko lurrean arrotz izanak bait zarete.
Ez egin kalterik, ez alargunari, ez umezurtzari; holakorik egiten baduzue, eta haiek Neri dei egin, entzungo dut haien deia; sutuko da nere haserrea, eta ezpataz hilko zaituztet, eta zuen emazteak alargun geldituko dira eta zuen semeak umezurtz.
Nire herriko bati, zure herritar behartsu bati, dirua aurreratzen badiozu, ez izan harekin hartzekodun biotzgabea, ez kendu diru-saririk. Zure lagun hurkoari soingainekoa bahituran hartzen badiozu, itzul iezaiozu eguzkia sartu baino lehen; beste estalkirik ez izanik, zertan gorputza bilduta egingo du lo? Dei egiten badit, entzungo diot, errukiorra naiz-eta Ni”.


ERANTZUN-SALMOA 17


ERRUKI HUTSA DUGU JAUNA,
ERRUKIA TA MAITASUNA.
Maite zaitut, Jauna, nire indar,
Jauna, nere harkaitz, gaztelu eta salbatzaile;
Zugana biltzen naiz, harkaitz zaitudan Jainko,
nere babes, salbamen-indar, nere gordeleku.
Egiten diot dei Jaun goresgarriari,
eta salba naiteke etsaiengandik.
Gora Jauna! Bedeinkatua nere Harkaitza!
Jaso bezate gorespenez Jainkoa, nere Salbatzailea!
Garaipen handiak eman bait dizkio bere erregeari,
ta maitasuna agertu bere Gantzutuari.


San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei 1 Ts 1, 5c-10


Senideok: Badakizue nola jokatu genuen zuen artean, zuen onerako. Eta zuek gure eta Jaunaren jarraitzaile egin zineten, Espiritu Santuaren pozetan hitza hartuz, hainbesteko estualdien artean. Horrela, eredu izan zineten Mazedoniako eta Akaiako fededun guztientzat.
Izan ere, Jaungoikoaren hitza zuen bitartez zabaldu da, eta ez Mazedoniara eta Akaiara bakarrik; bazter guztietara iritsi da Jaungoikoaganako zuen sinesmena, guk ezer hitz egin beharrik ez izateraino. Izan ere, guztien ahotan dabil, nolako sarrera izan genuen zuen artean, eta nola sasijainkoetatik Jaungoikoarengana itzuli zineten, egiazko Jaungoiko biziaren serbitzari izateko, eta Harek hilen artetik berpiztutako bere Seme Jesus zerutik noiz etorriko den zain egoteko; Berak salbatzen bait zaituzte, geroko haserretik.


ALELUIA Ni maite nauenak, beteko du nere hitza


–dio Jaunak–;
nire Aitak maiteko du,
eta harengana etorriko gara. ALELUIA!


Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 22, 34-40


Aldi hartan, farisearrek jakin zutenean Jesusek saduzearrak isilerazi zituela, elkarrekin bildu ziren eta beren arteko legegizon batek, azpikeriaz, galdetu zion:
- ‘Maisu, zein da Legeko agindurik nagusiena?’
Hark erantzun zion:
- “Maita ezazu Jauna, zure Jaungoikoa, bihotz-bihotzez, gogo-gogoz, adimen osoz. Hau da agindurik nagusiena eta lehenengoa. Eta bigarrena, horren parekoa da: Maita ezazu lagunurkoa zeure burua bezala. Bi agindu horietan dute oinarri Lege osoak eta Profetek”.



Homiliak

Kristau-bizitzari buruz eta kristauak egin beharrekoei buruz, asko eta luze hitz egin daiteke. Azterketa eta programazio luze-zabalak egin daitezke. Mila ñabardura eta aberasgarri gogoeman dezakegu horretaz. Baina, Jesusek ez du zeharbide asko erabiltzen gauzak garbi esateko: kristau izatearen zuztarra eta ardatza maitasuna da, eta ez dago besterik. Kristau izatea maitatzea da. Jainkoa gauza guztien gainetik maitatzea eta besteak geure burua bezala maitatzea.

Jainkoa maitatzea, aurrena. Eta hemen ere ez da teoria handirik behar. Jainkoarengan oinarritzea gure bizitza guztia. Tesalonikarrek egin dutena: sasi-jainkoak utzi eta Jainko biziarengana itzuli. Gure bihotzaren eta gure sentimenduen eta gure jarduera guztiaren erdigune Jainkoa jarri. Eta Jainkoa maitatzeak, haren hitza entzutea esan nahi du. Harekiko harremana afektibitatez bizitzea, ez baikabiltza irudi poetiko eta filosofiko batekin. Jainkoarekiko harremanak gure biziaren sustraiei eragin behar lieke, benetako maitasun izatekotan. Jainkoa norbait baita, azkeneraino eta bete-betean maite izan gaituen norbait. Jainkoa ez da zerbait lausotua. Jainkoa ez da ideia bat. Jainkoa ez da filosofia bat. Jainkoa ez da, guztiaren atzean eta azpian dagoen fondo bat.

Zertan zehazten den Jainkoarekiko maitasuna? Zertan izango da ba? Berarekiko harremana zaindu beharko dugu, aurrena. Otoitza, baina harreman bezala bizitako otoitza. Ez da errezoetan jardutea, harreman afektiboa bideratzea eta indartzea baizik. Haren nahia bilatu eta betetzea. Horrek haren hitza entzutea esan nahi du. Jainkoa bizitza eta egintzaren argitasun eta muin bihurtzea da.

Baina Jainkoarekiko maitasun-harreman honek ez gaitu engainatu behar. Bestela, hainbestetan bezala, gure kristautasuna teoriazko jarduera ihesle bihurtuko dugu. Eta hori ez da kristauarena. Hori ez da Jesusena. Jainkoarekiko harreman horrek badu epaia edo badu irizpidea: lagun hurkoarekiko maitasuna. Lagun hurkoa maitatu behar da, bestela Jainkoarekiko maitasuna ideia hutsa edo gezur hutsa izango litzateke. San Joanek beste hartan esaten duena: «Norbaitek esaten badu: “Nik Jainkoa maite dut”, baina bere senidea maite ez badu, gezurti hutsa da; ikusten duen senidea maite ez duenak ezin dezake maite ikusten ez duen Jainkoa» (1Jn 20).

Jainkoarekiko maitasunak eta lagun hurkoarekiko maitasunak, beraz, elkar epaitzen dute. Jainkoarekiko maitasunak lagun hurkoa maitatzera eramaten gaitu eta lagun hurkoarekiko maitasuna bide zuzena da Jainkoarengana joateko. «Maite duena Jainkoagandik jaio da eta ezagutzen du Jainkoa» (1Jn 7). Maitasuna dagoen tokian han dago Jainkoa, eta Jainkoa dagoen tokian han dago maitasuna. Maitasunaren irizpidea erabatekoa da, eta ez du inolako ihesbiderik uzten.

Horretatik ikusten da, kristauarentzat inportanteena, inportante bakarra ez bada, maitasuna dela. Beste guztiak maitasuna indartzeko balio duen neurrian balio du. Maitasuna bihurtzen zaio, beraz, kristauari beste ekintza guztien erreferentzi puntu. Maitasunik ez dagoen tokian dena hutsa eta sentidu gabea gertatzen da. Maitasunak betetzen du kristauaren eta pertsona ororen barne-bokazioa. Maitatu, denak maitatu. Maitatu eta barkatu. Inor baztertu gabe maitatu.

Baina, lagun hurkoarekiko maitasun honek badu zehaztasunik gaurko irakurgaietatik begiratuta. Denak maitatu behar dira, baina Jesusen maitasunak bazituen bere lehentasunak eta bere berezitasunak. Eta gure maitasunak ere behar ditu bere lehentasunak eta berezitasunak. Pobreak, txikiak, baztertuak, horiek dira Jesusek bereziki maite zituenak. Gaur entzun dugun lehen irakurgaiak gordintasun guztiaz hitz egin digu. Alarguna, umezurtza, behartsua, etorkina ziren orduko pobreak eta ahulak. Eta horientzako maitasun berezia eskatzen digu Jesusek.

Gaur ere gure kristau-maitasunak baditu bere zehaztasunak. Bat, etorkinekiko harremana da. Zenbat jarrera eta jokaera arrazista bazterretan. Zenbat ezbehar eta desastre bazterretan etorkinei ateak ixten dizkiegulako. Zenbat hildako geure itsasoetan. Zenbat komentario negargarri etorkinei buruz! Zenbat bereizketa iguingarri gure gizartean! Baina Jainkoaren Hitzak ez du zirrikitu handirik uzten jokaera horientzako: «Ez egin arrotzari, ez zapalketarik, ez nahigaberik, zuek ere Egiptoko lurrean arrotz izanak baitzarete». Ulertzen da, ezta? Jesusen eta Bibliaren proposamena oso argia da. Argiegia ere!

Gure herriko berradiskidetze-beharra izan daiteke beste zehaztasuna. Armak isildu ziren, egia da; baina oraindik urratu asko dago sendatzeko, samin asko goizatzeko, barkazio asko eskatu eta emateko…

Maitasunaren lege honek izan ditzake beste zehaztasun asko: gure familian, auzoan, lantegian… Bakoitzak begiratu beharko dugu geure barrura, maitasuna nola bizi dugun ikusteko. Honek guztiak ez du esan nahi, maitasunak zailtasun guztiak kentzen dituenik. Gure elkarbizitzan beti izan dira eta izango dira zailtasunak eta ezinak. Baina maitasunak badaki pertsonari begiratzen eta arazoak pertsonaren zerbitzura konpontzen. Pertsona bere duintasunean salbatzea baita garrantzizkoa.

Eukaristia ospatzeak maitasunaren mahaira gakartza. Jainkoak hemen erakutsiko digu bere maitasun neurrigabea. Hemen maitatuko dugu Jainkoa. Eta hemen hartuko dugu lagun hurkoaren maitasunerako ogi indartzailea. Ospa dezagun maitasunaren misterio handia!


Iñaki Beristain (2014-10-22)



Beti bidean, beti bila

(Igandeko ebanjelioa: Mt 22, 34-40)

San Frantziskoren biografo batek kontatzen du pasadizoa: behin batean, Asisko gizona basoan barrena omen zihoan garrasi batean, «maitasuna ez da maitatua» oihukatuz. Nonbait berak garbi ikusten zuen Jainkoak emandakoaren eta gizakion erantzunaren arteko etena. Gizakiok ez diogu sekula egoki erantzungo Jainkoaren maitasunari. Egia da, desegokitasun hori estaltzeko bide asko erabili izan dugula eta erabiltzen dugula, baina maitasunaren aurrean nekez estali daiteke esker txarraren erantzuna.

Maitasun hitza hitzetik hortzera erabiltzen dugu, gaur inoiz baino gehiago. Eta gizartean egiten den erabilera alde batera utzita, geure kristau-esparruan egiten duguna aztertu beharko genuke. Garai bateko jarrera batzuk gainditu ditugu, ustez. Moralkeria hura, legekeria hura! Gaur badakigu kristau-izatea maitasunaren sintonian jokatzen dela. Jainkoaren irudia bera, gaur garbi daukagu ez dugula arauen galbahetik zehaztu behar, maitasunaren ikuspegitik baino. Eta jarrera hauen kontra ez dago ezer esaterik; barruan zer gordetzen duten eta zer erakusten duten da aztertu beharrekoa.

«Maita ezazu» entzuten dugu gaur behin eta berriz. Kontua ez da analisi sakon eta luzeetan sakabanatzea. Maitatzeko onena maitatzen hastea da. Bi eratara gerta daiteke maitasunaren miraria. Bihotza janaritzetik sor daiteke maitasuna, barrua garatuz heldutasun gizatiar eta espiritual baten bidetik. Orduan maitasuna barne-bizitza egiten zaizu, bizitzaren iturburu. Eta onginahizko, bihotz handiko, entregazko sentimendua sortzen zaizu barru horretatik. Edo sentimendua izatera iristen ez bada ere, bestearekiko irekitasunera eramaten zaitu, barkatzera...

Maitasunaren mirariak badu bigarren bide bat ere: maitasuna praktikatzen hastea da, zeure esparrutik ateraz. Besteentzako prest bizitzen hasi, gizarte-ekintzetan parte hartu, pertsonarteko harremanetan arduratsu izan... Hori ere normalean bihotzetik sortzen da. Egia da, batzuetan betebehar hutsa dela ematen duela. Betebeharra ematen duenean ere, lagun hurkoaren aurpegi zehatzei begiratzen jakin behar du, pertsona konkretuei begiratzen, orokorkerietan geratu gabe. Sufritzen duten aurpegietatik sortzen den etikaz ari gara. Jarrera hori beti barrukoa eta sakona izaten da.

Azken batean, geuretik ateratzea da kontua, ahaztu behar ez dugun zehaztasuna. Garbi utz dezagun, hala ere, beti ez dela sakrifizioa eta autonegazioa. Iturriaren gorabeheran ari gara: Ni norena naiz? Nire bizitza norena da, neurea ala Bestearena? Hori da kristau-maitasunaren iturburua. Eta hor urtzen dira gure bereizkeria eta etenak; hor batzen da da maitasuna, Jainkoarekikoa eta lagun hurkoarekikoa. Maitasuna bakarra baita. Eta maitasun bakarraren iturritik edatea da dagokiguna.

Nola berritu maitasunaren iturriak, nola edan maitasunaren iturritik? Zeintzuk dira niretzat zehazki maitasunaren iturriak? Otoitza izan daiteke. Bikote barruko maitasuna izan daiteke. Inguruan eguneroko zeregin txikietan maitasuna era xume eta garbian bizi duen jendea izan daiteke. Inguruan dauzkadan pobreak izan daitezke. Seme-alabak izan daitezke. Kristau-elkartea izan daiteke. Bistakoa da prozesu sakon bat dagoela azpian.

Igande honetako testuak aditzean, gerta daiteke sentsazio desberdinak izatea. Bati akaso betebeharra etorriko zaio gogora. Beste batek akaso, betebeharra gainditu zuela eta, ez du bere maitasun-bizitzarako iturria ikusiko. Beste batek, beharbada, maitasuna ez duela maite sentituko du, hutsune handia alegia. Beste batek esker txarra. Nolanahi ere, denok egin beharko genuke, gaurko hitza Jainkoaren maitasunetik entzuteko ahalegina. Aita batek bezala argitzen dizkigu gure bideak: «Maita ezazu». Betebeharra den maitasunetik bizi-iturri den maitasunera pasa behar dugu, farisearraren parean ez gelditzeko. «Maitasuna ez da maitatua».


Iñaki Beristain (2014-10-22)