URTEAN ZEHAR XXV IGANDEA

A zikloa

Sarrerako antifona


Ni naiz herriaren salbamena –dio Jaunak–. Edozein estualdietan dei egiten badidate, Nik entzungo diet, eta haien Jauna izango naiz betiko.

Kolekta otoitza


Jainko Jauna, lege bakar hau eman diguzu:
Zu eta lagun hurkoa maitatzea;
iguzu, zure aginduak betez,
betiko bizitzara iritsi gaitezela.
Zure Seme Jesu Kristo... AMEN.

Isaias profetaren liburutik 55,6-9


Bila ezazue Jauna, aurki daitekeen artean;
hotsegiozue, hurbil dagoen artean.
Gizon bihurriak utzi beza bere bidea,
eta gaiztoak bere asmoak;
itzul bedi Jaunarengana,
eta errukituko zaio;
gure Jaungoikoarengana,
guztiz errukior bait da.
Nere asmoak ez dira zuen asmo;
zuen bideak ez dira nere bide –dio Jaunak–.
Lurretik zerua bezain urruti daude
nere bideak zuen bideetatik,
nere asmoak zuen asmoetatik.

ERANTZUN-SALMOA 144


ERRUKI HUTSA DUGU JAUNA,
ERRUKIA TA MAITASUNA.
Egun oro zaitut bedeinkatuko,
zure izena menderen mende dut goretsiko.
Haundi da Jauna, guztiz goresgarri,
Haren haunditasuna ez daiteke igarri.
Gupibera da Jauna eta errukiorra,
berant-haserre eta guztiz onbera.
Ona da Jauna guztientzat,
errukior Berak egin dituenentzat.

San Paulo Apostoluak Filipotarrei 1,20c-24.27a


Senideok: Kristo goretsia izango da nere gorputzean, bizi banaiz edo hiltzen banaiz. Niretzat, bizitzea Kristo da; eta hiltzea, irabazia. Baina gorputz honetan biziz, lan ona egin badezaket, ez dakit nik zer aukeratu. Bi aldetatik nago estu: alde batetik, hiltzea nahi nuke, Kristorekin egoteko; niretzat hau askoz hobe bailitzateke. Bestetik, berriz, bizirik gelditzea beharrago iruditzen zait zuentzat. Gauza guztien gainetik, bizi zaitezte Kristoren Ebanjelioari dagokion bezala.

ALELUIA Ireki iezaiguzu, Jauna, geure bihotza,


gogoz onar ditzagun zure Semearen hitzak. ALELUIA!

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Mateoren liburutik 20,1-16


Aldi hartan, Jesusek parabola hau esan zien bere ikasleei:
- “Zeruetako Erreinua, goizean goiz bere mahastirako langile-bila atera zen etxeko jaunaren antzekoa da. Eguneko denario batean hizketatu ondoren, bere mahastira bidali zituen. Atera zen berriro goizerdi aldera, eta beste batzuk ikusi zituen herriko enparantzan egonean zeudela, eta esan zien: ‘Zoazte zuek ere nere mahastira, eta emango dizuet bidezko dena’. Eta haiek ere joan ziren. Atera zen berriz ere eguerdi inguruan eta arratsalde-erdian, eta gauza bera egin zuen.
Arratsalde-beranduan atera zenean, beste batzuk aurkitu zituen, oraindik geldi zeudela. Eta esan zien: ‘Zertan zaudete hemen, egun osoan geldi?’ Haiek esan zioten: ‘Ez bait gaitu inork hartu lanerako’. Etxeko jaunak orduan: ‘Zoazte zuek ere nere mahastira’.
Iluntzean mahasti-jabeak honela esan zion bere morroi-buruari: ‘Deitu langileei, eta emaiozu bakoitzari bere saria, azkenekoetatik hasi eta aurrenekoetaraino’.
Etorri ziren, bada, arratsalde-berandukoak, eta denario bana hartu zuten. Lehenengoak etorri zirenean, gehiago hartuko zutela uste zuten; baina haiek ere denario bana hartu zuten. Eta marmarrean hasi ziren etxeko jaunaren kontra, esanez: ‘Azken horiek ordu bat besterik ez dute lan egin, eta gurekin berdindu dituzu, egun guztiko nekea eta beroa eraman dugunokin’. Baina hark erantzun zion haietako bati:
- ‘Adiskide, ez dizut bidegabekeriarik egin. Ez al ginen eguneko denario batetan hizketatu? Har ezazu zeurea duzuna, eta zoaz. Azkeneko honi ere, ordea, zuri adina eman nahi diot. Ez al zait neri zilegi, nahi dudana egitea nere gauzetan? Edo bekaizti izan behar al duzu zuk, ni ezkuzabala naizelako?’
Horrela, bada, azkenekoak lehenengo izango dira, eta lehenengoak azkeneko”.


Homiliak

Senideok, oraintxe entzun dugun ebanjelio zatia ez da erraz uletzen den horietakoa. Eskerrak, lehenengo irakurgaiak prestatu gaituen: «Nire asmoak ez dira zuen asmo; zuen bideak ez dira nire bide». Zinez, Jainkoaren asmoak asmo bereziak dira. Jainkoaren ilusioa ez da gure ilusioen berdina. Eta, hala ere, gaurko ebanjelioko jokaera ulertzea, ezinbestekoa da Ebanjelioa bera ulertzeko. Langileekiko nagusiaren jokabide horrekin gustura sentitu denak, ulertu du Ebanjelioa.

Izan ere, fededun adiskide, kontua ez da lan asko edo gutxi egitea. Kontua ez da asko edo gutxi kobratzea. Gaurko ebanjelioak ez digu adierazi nahi zerk balio duen eta zerk ez, Jainkoaren aurrean. Nagusiaren jokaera ez dihoa giza justiziaren bidetik. Zer esan nahi digu orduan gaurko ebanjelio-zati honek? Jainkoaren argazkia eman nahi digu beste ezeren gainetik. Jainkoa nolakoa den esan nahi digu. Jainkoak zer ilusio eta amets dauzkan adierazi nahi digu. Eta, azken batean, Jesusek juduen artera ekarri zuen ikuspegi-aldaketa izugarria erakusten digu. Jesusek Jainkoaren bihotza nolakoa den erakutsi baitzigun.

Garai hartako juduentzat, eta erlijio-buruentzat batik bat, eskandalu gehiegizkoa gertatu zen. Haiek Berri Ona, jokabide bati ematen zaion sari bezala ulertzen zuten. Joanen Bataioa hartu, bihotzak garbitu, legea bete, merituak irabazi.... eta, orduan bai, emango zitzaizun Berri Ona. Juduen ikuspegitik begiratuz, Jesusek zuzen-zuzen joan behar zuen farisearrengana, legea zintzo asko betetzen zutenengana, herriko jende zuzenarengana... Haiek lehenengo orduan joan baitziren mahastira lanera. Eta edozein zuzenbide normalek agintzen zuen, haiei Ebanjelioa ematea, beren jokaeraz irabazitako merituen ordain. «Odolkiak ordain» beste behin. San Mateok zati hau idatzi zuenean ere, baziren berdintsu pentsatzen zutenak: alegia, betidanik judu izandakoekin ezin zitezkeela konparatu, azkeneko momentuan federa iritsitako jentil pagano haiek. Ez zegoen horretarako eskubiderik.

Baina, Jainkoak ez du horrela jokatzen. Eta hori da Ebanjelioak ematen duen oinarrizko sustoa. Jainkoaren neurriak oso dira bestelakoak. Jainkoak ez du meriturik eta aurreko irabazirik begiratzen. Jainkoak gizon-emakume guztiak bere erreinura biltzeko ilusioa dauka. Batzuk lehenago, besteak geroago, beste batzuk azken orduan... horrek ez dio inporta. Inporta diona zera da: Jainkoak denoi bere mahastira dei egiten digula, eta dei egin, bere bihotz onaren handiagatik egiten digula dei, ez beste ezergatik. Eta hark eskatzen diguna zera da, deitutako orduan jarri gaitezela erreinuko lanera, deiaren pozez eta esker onez.

Baina, oinarrira etorriz, zer erakutsi nahi du Jainkoak? Jainkoak doakotasuna maite du, «debaldetasuna». Dena dohain eta erregali bezala eman nahi digu. Hark ez du nahi ordaintzerik, eskertzea baizik. Eta galdera bat egingo nizuke, entzule fededun: Esker onerako ona ote da ordaintzea? Ordaindu ezin duenak ez ote du gehiago eskertzen? Lana bukatzean langileei eman zitzaien txanpon hura jasota, nork eskertu zuen gehiago, lehenengo ordukoek ala azkenekoek? Ba, begira, nahi baduzu esan ez dela zuzena, baina Jainkoak azkeneko ordukoen esker ona sortu nahi du guztiongan. Esker onaren poza. Honako esaldi hau sortu nahi du Jainkoak gure bihotzetan: «Merezi baino gehiago eman zait». Merezi baino maitatuagoa sentitzen naiz.

Horretatik pentsa dezakezu hemen daukagun meritu bakarra esker ona eta poza dela. Jainkoaren Erreinuaren alde lan egitea ere, ez dela gero zerbait ordain jasotzeko. Lan hori bera dela gure poz eta zorion. Jainkoak bere deiaz «liluratu» egin gaituela. Eta deia bera gertatzen dela gehiegizko ordain. Zer gehiago behar duzu? Zuri ematen zaizuna ikusita, ez al zaitu pozten besteei ere sari bera emateak? Zergatik emango zenieke besteei gutxiago? «Nik izan ere hainbeste ordu sartzen ditut eliz lanetan eta beste horiek berriz askoz gutxiago egiten dute». «Ni betidanik naiz kristau, eta beste horiek berriz ez». «Nik honela edo hala jokatzen dut, eta begira nola dabiltzan beste horiek».

Zergatik daukagu bihotz kaskarra? Zergatik ez digu ilusioa sortzen bihotzean, azken orduan bada ere denak Erreinuko mahai berean ikusteak? Zergatik ez dugu bizi Jainkoaren ilusio bera? Aizu, entzun: Ebanjelioko nagusiaren jokamoldeak pozten ez bazaitu, zer esan nahi du horrek? Jainkoaren aurrean eskubideren batzuk badauzkazula irabazita? Ai gizarajoa! Ez duzu poz asko bizi zeure bizitzan. Oraindik ez diozu Jainkoari ulertzen. Ez duzu Ebanjelioaren poza entenitzen. Eta hori ez ulertzekotan, zertarako dituzu zure meritu guztiak? Merituz benetako kapitalista izan zaitezke, baina poza kikara batean kabitzen zaizu.

Bai, eskerrak Jainkoa horrelakoa den! Eskerrak bekatarioi ere bere deia egin zigun! Eskerrak Jainkoak merezi gabe eta merezi baino gehiago maite gaituen! Gero ezer emango ez baligu ere, nahikoa eman digu dagoeneko! A! eta eskerrak igandea daukagun gauza hauek ikasteko. Izan ere, astegunean gizarteko justizi molde estuetan sartuta baikabiltza. Dena ordaintzea gustatzen zaigu. Eta ordainaren arabera neurtzen dugu dena. Igandean, elkarrengana etorri eta Jainkoaren bihotz handia ezagutzen dugu. Justizi molde berria ikasten dugu. Eta gero gizartean eman dezakegu kobratu gabe. Izan gaitezke bihotz oneko merezi ez duenarekin ere. Barka dezakegu. Bihotz zabalez joka dezakegu.

Eukaristia ospatzera goaz oraintxe bertan. Merezi gabeko mahaira bildu gaitu Jainkoak. Esker onez, harriturik, pozez ospa dezagun azken ordukoen bankete ederra.


Iñaki Beristain (2014-9-15)



Beti bidean, beti bila

(Igandeko ebanjelioa: Mt 20, 1-6a) Justiziaz ari garenean, auskalo zertaz ari garen! «Bakoitzari berea ematea» edo «bakoitzaren eskubideak errespetatzea» edo «bakoitzari zor zaiona itzultzea». Eta definizio hauen eskutik, era askotako adibideetan zehaztu ditzakegu esanahiak. Nork erabaki, ordea, zer den bakoitzarena edo zeintzuk diren eskubideak edo zer zor zaion bakoitzari? Bada zuzenbidea eta badira zuzenbide-arauak harreman horiek bideratzen dituztenak. Justizia, azken batean, ez du pertsonaren balioak neurtzen, legeak baino; ez du pertsonaren on izateak zehazten, arauek baizik.

Eta bada, agerian ez bada ere oso bistan, justiziaren ulermoldearekin oso lotua daukaguna: justiziak zerikusi gutxi daukala errukiarekin. Justizi gaietan erruki gutxi. Gehiago esango nuke: justizia dagoen tokian ez dago erruki beharrik! Sakon-sakonean, errukiaz mintzo direnak edo garenak, justiziaren ezinez mintzatzen gara errukiaz. Errukiak ez du, ikuspegi horretatik, ahuldadea besterik erakusten. Gizarte bat ezin daiteke inolaz ere errukiaren gainean eraiki. Aurrena, justizia! Eta gero, justizia!

Eta ni ez naiz hasiko argumentu horien kontra borrokan. Akaso, gure gizartean ikusten dugun errealitateak izan dezake zer esana! Eta gure munduan justiziaren izenean egin diren «disparate neurri gabekoek» izan dezakete zer esana! Edo justizia bikainenaren atzaparretan Afrikan gosez eta beharrez itota dauzkagun herriek izan dezakete zer oihukatua! Edo, justizi adierazpen ahobetekoen egunotan, bazterretan ikusten den ustelkeriak ere zerbait erakutsiko luke.

Adibide mingarriak asko dauzkagu; gure herrian otarreka. Pertsonak atxilotu eta kartzeletara eramaten dituztenek justizia dute arrazoi eta eragile. Kartzeletan daudenek eta horien senideek justizia eskatzen dute. Gogorkeriaren kaltetuek justizia besterik ez omen dute eskatzen. Gogorkeria egin dutenek, kartzela-zigorra beteta, justiziaren eskutik kaleratzea eskatzen dute. Herriarentzat justizia eskatzen da han-hemen.

Gaurko ebanjelioan Jesusek proposatzen duen justiziak zer ikusi gutxi dauka orain arte aipatu ditugun justizi bideekin. Jesusek proposatzen duen justizia, bihotz onetik ateratzen den dohaina da. Bakoitzari zer zor zaion ez da neurtzen egin duenetik, bere duintasunetik baizik. Eta duintasun hori ez du legeak erabakitzen, Jainkoaren maitasun neurrigabeak baino. Jainkoak ez digula alegia, merezi duguna ematen, berak bere ontasun neurrigabean eman nahi diguna baizik. Eta hau bestelako justizia da!

Jakina!, era honetako justiziaz baliatu ahal izateko, barru handia eta sakona behar da, asko maitatu behar da, debalde maitatu behar da, baldintzarik gabe maitatu behar da, barkazioraino maitatu behar da. Eta hori, Jainkoak bakarrik egiten du. Esango zait, Jainkoaren jokamolde honek ez daukala zer ikusirik munduko justizi moldeekin, eta ez duela izan behar inolako loturarik. Nik gauza bat esaten dut: askoz bide hobeak eta gizalegezkoagoak urratuko genituzkeela Ebanjelioko justizi ulerkera erabiliko bagenu. Legearen justizia beharrezkoa dela? Hala izango da.

Nik dakidana gauza bat da: legeak ez duela inoren bihotza aldatzen; legeak ez duela pertsona salbatzen; legeak ez duela gaitza sendatzen; legeak ez duela inor maitasunera eramaten. Eta, beraz, legearen justiziak askotan pertsonaren barrua beratu ordez, gogortu egiten duela. Eta justizia beharko lukeena, injustizia bihur­tzen dela.

Jesusen Ebanjelioko justizia hori zuzenkontrakoa ere badela? Beharbada bai! Baina, pertsona askatu eta barrutik poztekotan, ez dago beste bide hoberik. Hori egia da: Ebanjelioko moldeak bestelako moldeak direla. Jesusek proposatzen duena bestelako justizia dela! Hori bai!


Iñaki Beristain (2014-9-15)