JAUNAREN JAIOTZA
A zikloaEguneko Eukaristia
Sarrerako antifona
Haur bat jaio zaigu, seme bat eman zaigu; aginpidea sorbaldan darama; eta honen izena: Kontsejatzaile miragarri.
Kolekta otoitza
Jainko Jauna, miragarriak egin dituzu,
gizona zeure antzeko eginez,
eta miragarriagoak,
Kristoren bidez hura goi mailara goratuz;
iguzu, gizatasunean gurekin bat egin den zure Semeak,
bat egin gaitzala Berarekin jainkotasunean.
Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean
Jainko eta errege bizi bait da
gizaldi eta gizaldietan. AMEN.
Isaias profetaren liburutik 52,7-10
Bai ederrak direla mendi gainetan,
bakea hots egiten duen mezulariaren oinak!
Berri ona zabaltzen
eta salbamena iragartzen dabilenarenak!
Sioni ‘gure Jainkoa errege da’
esaten dionarenak!
Entzun: zure zaintzaileak oihuka ari dira,
irrintzika, guztiak batera;
aurrez aurre ikusten bait dute Jauna,
berriro Siona datorrela.
Ekin kantari, guztiok batera,
Jerusalengo horma zahar eroriok;
poztu bait du Jaunak bere herria;
eta berrerosi du Jerusalem.
Herri guztien aurrean erakutsi du Jaunak
bere beso santuaren indarra;
eta lurbiraren bazter guztiek ikusiko dute
gure Jaungoikoaren salbamena.
ERANTZUN-SALMOA 97
IKUSI DUTE LUR MUGA DENEK
GURE JAINKOAGANDIKO GARAIPENA.
Kanta Jaunari kantu berri,
egin bait ditu hainbat harrigarri.
Bere eskuinak eman dio garaipena,
bere beso santuak.
Ezaguterazi du Jaunak Beragandiko garaipena,
agertu du atzerrien aurrean bere zuzentasuna.
On eta leial izan dela gogoratu du,
Israel etxeari buruz.
Hebertarrei egindako epistolatik 1,1-6
Askotan eta era askotara hitz egin zien Jaungoikoak Profeten bidez aspalditik gure arbasoei; eta azkenak diren egun hauetan, Semearen bidez hitz egin digu. Seme hau egin zuen gauza guztien oinordeko; eta Beraren bidez egin zuen mundua ere.
Bera da, Aitaren aintzaren argi dizdiratsu eta Haren izatearen irudi. Berak eusten die gauza guztiei bere hitz indartsuz. Eta bekatuen garbikuntza egin ondoren, goienean Guztiz Haundiaren eskuin-aldean jarririk dago; zenbat eta aingeruek baino goragoko izena jaso duen, hainbat eta haiek baino gorago jarria.
Izan ere, zein aingeruri esan dio inoiz: “Nere Seme zara Zu; Nik zaitut gaur Zu sortu”? eta beste behin: “Aita izango nau Harek Ni, eta Hura Seme izango dut Nik”?
Eta beste behin, bere Semea munduan sartzerakoan, honela dio: “Gur bezate Jaungoikoaren aingeru guztiek”.
ALELUIA Egun santu bat zabaldu zaigu:
zatozte, herriak; gurtu ezazue Jauna;
argi haundi bat jaitsi da gaur lurrera. ALELUIA!
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Joanen liburutik 1,1-18
Hasieran ba zen Hitza;
eta Hitza Jaungoikoarekin zen;
eta Jaungoiko zen Hitza.
Hitz hau hasieran Jaungoikoarekin zen.
dena Hitzaren bidez egina da;
eta egindakoetan ez da ezer Hura gabe eginik.
Harengan zen bizia.
Eta bizia gizonen argia zen.
Argiak ilunbetan argi egiten du;
baina ilunak Hura ez zuen onartu.
[Agertu zen gizon bat, Jaungoikoak bidalia: Joan zuen izena. Aitormenerako etorria zen: argiaren aitormen egitera, haren bidez sinets zezaten. Bera ez zen argia, argiaren aitormen egin behar zuena baizik.]
Hitza zen, mundura etorritako gizon oro
argitzen duen egiazko argia.
Munduan zegoen;
eta mundua Haren bidez egina da;
baina munduak ez zuen ezagutu.
Bereetara etorri zen,
eta bereek ez zuten onartu.
Onartu zuten guztiei, berriz,
Jaungoikoaren seme-alaba izateko eskubidea eman zien,
Haren izenean sinesten badute.
Hauek ez dira odoletik sortu,
ez haragiaren nahieratik,
ezta gizonaren nahieratik ere;
Jaungoikoarengandik baizik.
Eta Hitza haragi egin zen,
eta gure artean jarri zuen bizilekua;
eta geuk ikusi dugu Haren aintza,
Aitaren Seme bakarrari dagokion aintza,
graziaz eta egiaz betea.
[Joanek Hartaz egiten zuen aitormen, oihuka esanez:
- ‘Hau zen, nik esan nizuen Hura: Nire ondoren datorrena nire aurrean jarria izan da, ni baino lehenagokoa bait zen’.
Eta Haren betearen betetik, grazia graziaren gain hartu dugu guztiok. Legea Moisesen bidez emana izan da; grazia eta egia, berriz, Jesu Kristoren bidez etorri dira. Jaungoikoa ez du inork ikusi; Aitaren altzoan dagoen Seme bakarrak eman digu Haren berri.]
Homiliak
(Gauerdiko Mezako ebanjelioa hartzen dut komentagai: Lk 1-14)
Eguberri, senideok, eguberri! Eliza eta mundua pozten duen berri eta dohain edertzailea! Eguberri dugu, Eguzki berriak gure ilunpeak argitu dituen egun handia. Eguzki berriak egun berria eskura jarri digun dohaina. Gorabeheraz beterik, ezbaian, nahasian, baina gaur poza sentitzen dugu. Eguberri baitugu!
Eguberri krisian. Horixe zenbaitentzat txarra. Eguberri ezinean, justuan, eskasian. Zorionez hala da. Zorionez, sekula baino hobeto jarrai baitezakegu Mariak eta Josek egin zuten bidea. «Ez baitzen ostatuan haientzako lekurik». Jo ate bat, jo bestea: denak zeuden beteta edo, beharbada, ez zioten ostatua emateko txukundaderik eta duintasunik ikusiko bikote pobre hari. «Ez zen lekurik haientzat».
Guk ere, beharbada, ezin izan dugu aurten beste urteetan bezain leku dotore eta apaina prestatu. Krisiak beharbada gastuak murriztera ekarri izango gaitu. Ez dugu, beharbada, baliabiderik aurkitu gure Eguberriri ostatu dotorea prantatzeko. Eta, beharbada, ostatu egokirik ezean, gure pobreziaren ganbela eskaini behar izan diogu. Beharbada!
Hala izan baldin bada, pozten naiz. Izan ere, zenbat aldiz ezkutatu dugun Eguberri gure oparotasun handien azpian. Zenbat aldiz mututu dugun poz neurritsua, gure barre-algara zaratsu eta azalekoen azpian. Zenbat aldiz galdu dugun Jesusen Jaiotza, gure ugaritasunen gehiegikerian ospatu dugulako festa. Hor ez da Jesus jaiotzen. Hor ez da Maria erditzen. Gure gehiegikeriez Eguberri abortatu egiten dugu. Zenbat aldiz galdu dugun Eguberri irabazi ustez!
Gure gehigikerien Ostatu epelik ezin aurkitu eta geure pobreziaren hotza dastatu baldin badugu, agian Eguberri gozatu ahal izango dugu. Beste askorik ez beharbada gozatzeko, eta Jesus Haurrari begiratuko diogu gozagai. Eta hark poza emango digu, beti poza ematen digu. Jesusek ez du poza kentzen, Jesusen pobreziak ez du bihotza pobretzen, Mariaren txikiak ez digu duintasunaren handitasuna galarazten.
Gauza bat eskatu behar dizut adiskide horri: begira ezazu zeuregan, zeure barruenean, eta bila ezazu pobre egiten zaituen hori, akats hori, ezintasun sikologiko hori, onartu ezin duzun eskasia hori, besteen aurrean irudia zatartzen dizun zera hori... Eta geldi zaitez hor luzaz. Ez zaitez atera zure irudia dotoretzen duten gezurrezko muntaietara. Ez ezazu denbora gal, besteen aurrean zure irudia hobetzen duten dohainak gezurrez bilatzen. Geldi zaitez zeure pobrezian, zeure egian, zeure «ganbelan». Begiratu..., begiratu luzaz, begiratu sakonki... Ez al duzu ikusten Jesus hor jaiotzen zaizula? Ez al duzu ikusten pobrezia horretan maite zaituela Jainkoak? Ez al diozu Jainkoaren irribarre gozo horri antzematen?
Eta, gero, zeure pobrezia bedeinkatua sentitutakoan, atera zaitez kalera, pobreen bila, ostatu gabekoen bila. Atera zaitez kalera Eguberri dela jakin ez dutenen bila. Eta geldi zaitez haiekin. Begiratu..., begiratu luzaz, begiratu sakonki... Ez al duzu aurpegi ilun horietan Jesus Haurraren aurpegi jainkozkoa ikusten? Ez al duzu jantzi zikin eta narrats horietan duintasunaren jainkozko jantzi ederra sumatzen? Ez al duzu, haragi zartatu horretan, Jainkoaren haragi berria sumatzen?
Iñaki Beristain (2016-12-20)
Beti bidean, beti bila
Anthony de Mello idazle eta pentsalariak bazuen gauzak ipuin edo parabola bidez adierazteko trebetasun berezia. Horietako bat aipatu nahi nuke, Abenduaren buruan fededunon barne-jarrera aditzera emateko.
«Jesus jaio zen gauean, han inguruko mendietan zebiltzan artzainei jaiotzaren berri pozgarria iritsi zitzaien. Eta haiek pentsatu zuten haurrarengana joan behar zutela, beren erregaloak eramanez. Eta hala hasi zen bakoitza bere opariak prestatzen. Baina artzain haien artean bat oso pobrea zen. Ez zeukan ezer Jesus jaio berriari oparitzeko. Eta pentsatu zuen ez joatea, ezer ez eramatearen lotsaz. Baina beste artzainek joateko eta joateko, eta azkenean, esku-hutsik izanik ere, joatea erabaki zuen. Haurra zegoen lekura iritsi zirenean, poz handiz ikusi zuten haurra Maria amaren besoetan. Eta gogoz hasi ziren beren erregaloak eskaintzen: esnea, gazta... Mariak, harrarentzako erregaloak jasotzeko haurra nonbaiten utzi behar eta, ezer gabe zetorren artzain pobrearen besoetan utzi zuen».
Ez du kontakizun honek ondorioa zehaztu beharrik. Berez mintzo zaigu. Gauzaz beterik gabiltza, eginbeharrez beterik, proiektuz beterik... Okupatuegiak ezer jasotzeko. Oso eginzaleak gara. Eta ez daukagu lekurik Jainkoak egin diguna ulertu eta jasotzeko. Eta era horretan, Eguberritan gauza asko egin ditzakegu eta egingo ditugu; baina ezer gutxi ulertuta geldi gaitezke, ezer jasotzeko lekuaren faltaz. Eta kontua ez da gauza asko egitea, Eguberriko misterio eder eta edertzailea ulertzea baino.
Hortik aurrerakoa bakoitzak zehaztu beharko dugu. Abenduko ariketak besoak husten eta lekua uzten lagundu nahi izan digu. Abenduaren asmoa ez baita gu ontzea edo gure portaera txukuntzea edo guk gehiago errezatzea edo... Abenduaren ametsa, guregan lekua egitea da. Ase ezinak gauza asko pilatzera eramaten gaitu. Gauza asko, eginkizun asko, asmo handiak... eta azken batean bizitza distraitzen eta okupatzen diguten gauzak besterik ez dira. Eta Eguberriko misterioan bada bat, Jesus jaio berria, gure barruko leku osoa behar duena. Belehemeko ostatuetan harentzat lekurik ez zen bezala, guregan ere sarri asko ez da lekurik izaten.
Kontsumismoa dela, jan-edan beharra dela, besteen aurrean maila jakin bat erakutsi beharra dela, sekulako zalaparta bizi dugu. Eta barruko pobreziak ematen duen isiltasun bildua falta dugu. Eta Eguberriz zarata eta builarik franko entzungo dugu, baina barruko soinu isilak galduko ditugu. Barruko beharrraren beso gorrietara itzuli behar genuke, ezer ez dagoen tokian entzun baitaitezke maitasunaren soinu isilak. Hori da Eguberriko mezua jasotzeko bide eta aukera bakarra.
Norbaitek bere bizitza pobre sentitzen badu, hobe. Norbaitek zer egin behar duen ere ez badaki, hobe. Norbaitek bere barruan dena hutsik ikusten badu, nahiz eta horrek ondoeza sortu, hobe. Gure bizitza gorri uzten duten esperientzia guztiak onerako ditugu Eguberritan. Izan ere ez dugu satisfakzioz geure buruari begira gelditzeko poz handirik izango, baina gure esperientzia huts horretan Ama Mariak bere seme Jesus utziko digu. Eta gure bizitzak behar duena horixe da, Jesus.
Poza oso ona da. Familian elkartzearen alaitasuna oso ona. Barrua onez sentitzearen esperientzia, gozoa. Baina onena, pobrezia. Gabon gauean, elkarrekin afaldu aurretik edo elkarrekin afaldu ostean, zer esperientzia ona den une batez isiltasunera biltzea. Eta barruari hitz egiten uztea. Jesus haurraren aurrean jarri eta pobre sentitzea. Gure barruko besoak pobreziaren gorritasunez hutsik ikustea. Gure beso gorrietan misterioaren poza jasoko dugu.
Adiskidea: besoak gorri! Eta zorion Eguberriz!
Iñaki Beristain (2016-12-20)