PAZKO ALDIKO III IGANDEA

A zikloa

Apostoluen Eginetatik 2,14.22b-28

Pentekoste egunean, Pedrok, hamaika apostoluen artean zutik, ahotsa indartuz, honela hitzegin zuen:
- ‘Judutar eta Jerusalem-en bizi zareten guztiok, entzun eta jarri erne zuen belarriak nere hitzetara: Nazareteko Jesusez mintzo natzaizue; Jaungoikoak sinesgarri egin zizuen gizon hori; Haren bidez egin bait zituen, zuek dakizkizuen miragarriak, harrigarriak eta ezaugarriak. Jainkoak erabakia eta aurrez jakina zeukan bezala, zuen eskuetara emana izan zen gizon hau, eta zuek hil egin zenuten, jentilen eskuz gurutzean josiz; baina Jaungoikoak biztu egin zuen, heriotzaren lokarriak askaturik. Hura ezin bait zitekeen heriotzaren menpean egon.
Izan ere, honela dio Dabidek Harengatik:
“Begi aurrean ikusten nuen beti Jauna;
eskuinean daukadala, ez naiteke dardara:
horregatik alai daukat bihotza, pozik barrena,
eta haragi honek ere itxaropenean du atsedena.
Ez bait duzu nere bizia Leizera egotziko,
ezta zure zintzoa ustelak hartzen utziko.
Bizirako bidea erakutsiko didazu,
zure aurrean alaitasunez beteko nauzu”’.

ERANTZUN-SALMOA 15

ZU ZAITUT, JAUNA, ONDASUNA
Zaindu nazazu, Jauna,
babes bila bait nator Zugana.
Honela diot Jaunari: ‘Zu zaitut nere jabe’.
Jauna da nere ondare eta edontzia;
Zuk daukazu eskuetan nere zoria.
Onesten dut Jauna, aholku eman didalako,
gauez ere nere bihotzak ohar erazten nauelako.
Begi aurrean ipintzen dut beti Jauna;
eskuinean daukadala, ez naiteke dardara.

San Pedro Apostoluaren epistolatik 1 Pe 1,17-21

Senide maiteok: Zuek Aita esaten diozuenak bakoitzaren egintzen neurrian eta bereizkuntzarik gabe epaitzen duenez gero, joka ezazue zintzo bizitza honetan. Badakizue zuen gurasoengandik hartutako biziera hutsaletik, ez zaretela gauza ustelkorrez erosiak izan –ez urrez, ez zilarrez-, baizik-eta Bildots errugabe eta kutsugabe den Kristoren odol ederrez: mundua mundu den baino lehendik ezagutua izan zena eta azken aldian zuengatik agertua. Haren bidez sinesten duzue zuek, Hura hilen artetik biztu eta goratu zuen Jaungoikoarengan, eta horrela zuen sinesmena eta itxaropena Jaungoikoarengan jarri duzue.

ALELUIA Jesus Jauna, ager iezaizkiguzu Liburu Santuak;

sutu gure bihotzak, hitzegiten diguzunean. ALELUIA!

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 24,13-35

Jesusen bi ikasle, Jerusalem-dik bi orduko bidean dagoen Emaus izeneko herri txikira zihoazen. Eta gertakizun guztietaz elkarrekin hizketan ari ziren. Elkarrekin hizketan eta eztabaidan ari zirelarik, Jesus berbera hurbildu zitzaien, eta haiekin batean zihoan; haien begiak, ordea, itsu zeuden eta ez zuten ezagutu. Hark esan zien:
- “Zer da, bidean dakarkizuen hizketa hori?”
Eta goibeldurik gelditu ziren. Kleofas zeritzan bietako batek hitza hartuz, esan zion:
- ‘Zu bakarrik al zaitugu horren arrotz Jerusalen-en, egun hauetan han gertatu direnak ez jakiteko?’
Jesusek erantzun:
- “Zer, bada?”
Eta haiek:
- ‘Nazareteko Jesusi gertatua. Profeta bait zen, egitez eta hitzez gizon ahaltsua, Jaungoikoaren eta herri guztiaren aurrean; nola apaiz nagusiek eta gure agintariek heriotzerako eman eta gurutzean josi zuten. Guk, berriz, Israel askatuko zuena Bera zela uste genuen; baina hirugarren eguna da, hori gertatu zela. Gure arteko emakume batzuek, berriz, harrituta utzi gaituzte: goizean goiz hilobira joan, eta Jesusen gorputzik aurkitu gabe itzuli ziren, eta bizi dela zioten aingeruak ikusi omen zituzten. Joan ziren guretar batzuk ere hilobira, eta emakumeek esan bezala aurkitu zuten: Bera, ordea, ez zuten ikusi’.
Orduan Jesusek:
- “Bai zentzugabeak zaretela! Eta profeten hitzak sinesteko motelak! Ez al zuen, bada, Mesiasek hori jasan behar, bere aintzan sartzeko?”
Eta Moisesengandik hasi eta profetaz profeta, Liburu Santuan Hartaz idatzitako guztia agertu zien. Zihoazen herrira iritsi zirenean, Berak aurrera zihoalakoa egin zuen. Baina haiek, geldierazi nahiez, honela zioten:
- ‘Zaude gurekin; berandu da eta eguna iluntzera doa’.
Eta sartu egin zen haiekin egoteko. Haiekin mahaian zegoela, ogia hartu, bedeinkapen-otoitza egin, zatitu eta eman zien. Orduan ireki zitzaizkien begiak eta ezagutu zuten. Bera, ordea, itzali egin zitzaien. Orduan honela esan zioten elkarri:
- ‘Ez al genuen sutan gure bihotza, bidean hitzegiten zigunean, eta Liburu Santuak adierazten zizkigunean?’
Eta berehala altxa eta Jerusalem-a itzuli ziren. Han aurkitu zituzten Hamaikak eta haien lagunak, esaten:
- ‘Biztu da Jauna egiaz eta Simoni agertu zaio’.
Haiek adierazi zuten bidean gertatu zitzaiena, eta nola ezagutu zuten ogia zatitzean.

Homiliak

Bizitza bidea da. Kristau-bizitza ere bidea da. Jesus Jerusalena bidean ikusten dugu beti Ebanjelioan. Jerusalenen burutu behar duen Pazkora bidean. Gaurko Ebanjelioan ikusi ditugun bi ikasleak, berriz, Jerusalendik kanpora bidean dihoaz. Kontrako bidea egiten ari dira. Pazkora hurbilarazi behar zituen bideak, urrutiratu egiten ditu. Inolako zalantzarik gabe, ikasle hauen bidean frustrazio handi bat sumatzen dugu, eta etsi egin dutela ematen du.  "Gertakizun guztietaz elkarrekin hizketan zihoazen".

Frustrazio edo etsipen horren adierazgarri ederra hortxe daukagu, Jesusi buruz esaten dutenean: "Guk Israel askatuko zuena bera zela uste genuen; baina hirugarren eguna da hori gertatu zela". "Bera zela... uste genuen... hirugarren eguna da...". Ikasle hauen bihotzek etsi egin dute. Eta beren artean dakarten elkarrizketa horretan tristura eta hutsune handiegia sumatzen dugu. Lehen Jesusekin Jerusalenerako bidea egin zuten ikasleok, berriz bueltan datoz. Ilusiotik bueltan. Beren itxaropen guztiak, beren espektatiba guztiak hutsean geratu dira. Ez dago zer eginik.

Eta beren etsipenari begira baitoaz, beren barrura bilduta baitoaz, ezin dute Jesus ezagutu. Lehen Jerusalenerako bidean bidelagun izan zutena, oraingo beren etsipen-bidean ere lagun dute, bidelagun. Gertatu denaren haria ezin dute ikusi. Beren barrena erabat ilundua, erabat itsua, daukate. Baina Jesus ondoan jarri zaie. Eta Jesusek pixkanaka bi ikasleen bihotza argituko du. Liburu santuetan esana zegoena gogora ekarriz, Jainkoaren asmoaren norabideak zehaztuz eta, batez ere, ogia zatituz, haien bihotzetan sua sortuko da, dena berritzen duen sua, etsipena erretzen duen sua. Berriro ere, Jerusalena bidean jarriko dituen sua.

Entzule fededun, ikasle hauei gertatua, nolahala guztiongan ere gertatzen da. Fedeak, bere hazkuntzan eta hezkuntzan, frustrazioak sufritu beharra dauka. Ikasle haiek bezala, guk ere Jesusen irudia geure neurrira egokitzen dugu. Jesusengan berarengan sinestu ordez, harengandik espero ditugun gauzetan sinesten dugu. Jesusekiko geure sinesten dugu, berarengan sinetsi ordez. Eta horrek erori beharra dauka. Eta guk geuk Jesusi buruz eratutako ilusioak erortzen zaizkigunean, nolabaiteko etsipena sor daiteke: Jesusek ez digu ematen beragandik espero genuena, fedeak ez du erantzuten, Jesusen jarraitzaile izateak ez du ezer ematen... Uste genuen...  Hirugarren eguna da...

Eta espektatibak erorita, biluzik geratzen garenean, dena bukatu dela uste dugunean, aurrera-pauso ikusgarria emateko aukera sortzen da: Jesusekin topo egin dezakegu. Harengandik espero ditugunak hutsean geratzen zaizkigunean, berarekin egin topo, bera ezagutu. Eta berriro ere Jerusalena begira jarri, baina argitasun berriaz. Berriro ere Jerusalena bidean, baina ez handik ezer espero dugulako, baizik han hil eta piztu zenarekin elkartasunean bizi nahi dugulako. Eta hor fedearen martxak, fedearen prozesuak, beste sakontasun bat hartzen du. Bizitzako bideak beste sentidu bat hartzen du.

Ikasle haientzat bezalaxe, guretzat ere inportantea da Jainkoaren hitza, Liburu santua. Eta inportantea da ogiaren zatitzea. Jesusen presentziaren bi adierazgarri garrantzizkoak. Eta inportantea da fededunen elkartea. Hiru gauza hauek falta badira, oso da zaila fedean aurrera egitea. Jainkoaren hitza sarri hausnartuz, Eukaristia ospatuz, elkartearen fedezko testigantza entzunez... horrela bakarrik gainditu ditzakegu gure fedeak sufritzen dituen frustrazio eta erorialdiak. Aurrera ematen den pausoak zerbait uzten du beti atzean. Geldirik dagoenak ez du ezer uzten atzean. Baina Jainkoaren hitzaz argiturik, jakin beharko genuke  Jesus berpiztua gurekin doala antzematen. Eta harekiko elkartasunean hazi egin beharko genuke.

Gaur ere elkarrekin gaude ospaketa honetan. Agian aste honetan ere, gure lanean edo gure gaixoaldian edo gure sufrimenduan, gure fedeak igoal etsi egingo zuen. Agian Jerusalemerako bidea utzi eta atzera egiteko tentaldia sentituko genuen. Eta igoal ez genuen Jesus gure bidelagun sentituko. Baina, entzule fededun, Jainkoaren Hitz honek ez al ditu argitzen zure etsipenak? Zatitzera goazen ogi honek ez al dizu Jesus bera ezagutzera ematen? Ez al duzu Pazkoaren sua sentitzen? Berriro ere, Jerusalena bidean jarri behar dugu. Berriro ere elkartera itzuli behar dugu. Berriro ere, barnean sentitzen dugun suak eraginda, eguneroko eginkizunera, eman zaigun misiora itzuli behar dugu.  Horixe da Pazkoa. Horixe da Jesusekin elkartasunean bizitzea.

Hauxe dugu gure poza, entzule adiskide! Gure fedea aitortu eta ogia zatitu behar dugu. Jaun berpiztuak argi diezazkigula gure barrenak gure fedearen bideak argitzeko. Bizitza bidea baita. Kristau-bizitza ere bidea baita.

Iñaki Beristain (2014-4-27)

Homilia bakarrik argitaratzen dut hemen, gainerako beste lagungarriak liburu batean argitaratu ditut-eta: Igandetik igandera A urtea. Han daude monizio guztiak eta Jainko-hertriaren otoitza).

Iñaki Beristain (2017-4-24)

Beti bidean, beti bila

(Igande honetako ebanjelioa: Lk 24, 13-35) Gaurko gure Elizaren ibilbideak parekotasun handia erakusten du Emausera bidean zihoazen ikasleenarekin. Gertatutakoaz ari ziren. Izan behar omen zuenaz eta izan ez zenaz. Beren ametsaz eta beren frustrazioaz. Beren herritik ametsaren eta ilusioaren argitan atera zirenak, Jesusekin joateko, orain bueltan datoz, ez amets, ez ilusio, ez Jesus eta ez segizio.

Izan ere, ikasleei gertatu zaiena handia izan da. Dena utzi eta Jesusekin joan ziren. Jesusekin zebiltzala bi alderdiak bizi izan zituzten: alde batetik, Jesusen egintza askatzaileek sortzen zuten zirrara neurrigabea; eta bestetik, Jesusen inguruan indartzen joan zen kontrajartzea. Eta kontrajartze horren suak harrapatu zuen Jesus, gurutzean hiltzerainoko poderioz.

Eta orain dena bukatua ikusten dute ikasleek. Egia aitortzeko, hanka hondo-hondoraino sartu zuten harekin joan zirenean. Eta gaur bueltan datoz, frakasoaren ahogustu mingotza erakutsiz. Lotsaturik ere bai. Jendeak zer esan behar du?

Gure Elizak ere antzekoa: garai batekoak hustu dira, badirudi ez gabiltzala oso jantziak ilusioz. Badirudi Jesus ezkutatu zaigula gure jardunbidetik eta, egia esateko, ez da ilusio gehiegi sumatzen eliz inguruan. Ilusio asko frustrazio bihurtu zaigu. Frakasoa? Etorkizunik eza? Gaurko mundura egokitu ezina? Jesus hil egin zaigu gaurko gizarterako balio bezala. «Espero genuen..., baina bi egun pasa dira». Usteak ustel. Baina gauzak nola diren!: Jesus hortxe, frustrazio horretantxe, hurbiltzen zaie ikasleei. Beren saminaren bidelagun egiten zaie Jesus. Ez dute ezagutzen, saminak estaltzen baitizkie begiak.

Jesusek, ordea, pedagogia gorde baten bidetik eramango ditu gauzak argitzera eta, batez ere, Jesus ezagutzeko begiak argitzera. Sakonera jota, kontua ez baita ideiak argitzea, Jesus ezagutzeko begiak argitzea baino, Jesus maitatzeko bihotza poztea. Pedagogia horren bideak jaso behar ditugu geurerako. Lehenengo bidea, Jainkoaren Hitza, harreman baten historia kontatzen duen Hitza. Moises eta Profetak. Jainkoak bere historia guztia bere bihotzeko koherentziaz lotu baitu. Eta Jesusi gertatua aurrez ikusia zegoen Aitaren asmo salbatzailean.

Jainkoaren Hitzarekiko erreferentzia ezinbestekoa du gaurko Elizak ere. Gure ideiak eta planak argigarriak izan daitezke onenean, baina benetako erreferentzi puntua Jainkoaren Hitza dugu eta, batez ere, Jesusen Ebanjelioa. Hori baztertu ezin daitekeen bidea da.

Bigarren bidea, Eukaristia, ogia zatitzea. «Begiak ireki zitzaizkien eta ezagutu zuten». Ikasleentzat nortasun-agiria bezala izan zen ogia zatitzea. Hori Jesusek bakarrik egiten zuen. Nekaldi aurreko azken afaria datorkie instant batean gogora. Gaurko Elizak ere ezin bazter dezake Eukaristia. Maitasunaren ogia zatitzean gertatzen da Jainkoaren erreinua. Ogi zatituan jasotzen dugu Jesusen presentzia. Gaurko eliz elkarteak serio eta gordinki planteatu beharra dauka nola indartu eta nola berritu Eukaristiaren ospakizuna. Eukaristiaren ospakizuna ezin daiteke asperdura nazkatu baten ariketa bihurtu.

Hirugarren bidea, bihotzeko berotasuna. Jesusen presentziak, Hitzean eta Eukaristian gertarazten duen presentziak, berotasuna sortzen du bihotzean. Harreman afektiboaren berotasuna da. Ez da nahikoa ideiak garbi edukitzea, ez da nahikoa elizkizun batean parte hartzea; ezinbestekoa da harreman afektibo eta berotzailea. Gure eliz elkarteetan lantzen al dugu harreman hori? Sumatzen al dugu harreman horren berotasunik?

Eta gero, azkenik, misioa. Korrika itzultzen dira ikasleak. Honuntzakoan triste zetozen, nekez, ondoezik. Harutzakoan, berriz, presaka doaz, korrika, onez, gertatuaren pozak eraginda. Bistan da, topaketatik sortzen dela misioa.  Gaurko eliz elkarteak hau ere ezin dezake ahaztu. Ez da planen kontua, horiek egitekoak badira ere. Bihotzeko suaren eragina da. Presentzia baten poza da. Orduan, topaketa gertatutakoan, misioa berez sortzen da, nonahitan, edozertan. Gaur Emaus bideko Eliza behar dugu!

Iñaki Beristain (2014-4-27)

(Igandeko Ebanjelioa: Lk 24, 13-35)

Gaurko gure Elizaren ibilbideak parekotasun handia erakusten du Emausera bidean zihoazen ikasleenarekin. Gertatutakoaz ari ziren. Izan behar omen zuenaz eta izan ez zenaz. Beren ametsaz eta beren frustrazioaz. Beren herritik ametsaren eta ilusioaren argitan atera zirenak, Jesusekin joateko, orain bueltan datoz, ez amets, ez ilusio, ez Jesus eta ez segizio.

Izan ere, ikasleei gertatu zaiena handia izan da. Dena utzi eta Jesusekin joan ziren. Jesusekin zebiltzala bi alderdiak bizi izan zituzten: alde batetik, Jesusen egintza askatzaileek sortzen zuten zirrara neurrigabea; eta bestetik, Jesusen inguruan indartzen joan zen kontrajartzea. Eta kontrajartze horren suak harrapatu zuen Jesus, gurutzean hiltzerainoko poderioz. Eta orain dena bukatua ikusten dute ikasleek. Egia aitortzeko, hanka hondo-hondoraino sartu zuten harekin joan zirenean. Eta gaur bueltan datoz, frakasoaren ahogustu mingotza erakutsiz. Lotsaturik ere bai. Jendeak zer esan behar du?

Gure Elizak ere antzekoa: garai batekoak hustu dira, badirudi ez gabiltzala oso jantziak ilusioz. Badirudi Jesus ezkutatu zaigula gure jardunbidetik eta, egia esateko, ez da ilusio gehiegi sumatzen eliz inguruan. Ilusio asko frustrazio bihurtu zaigu. Frakasoa? Etorkizunik eza? Gaurko mundura egokitu ezina? Jesus hil egin zaigu gaurko gizarterako balio bezala. «Espero genuen..., baina bi egun pasa dira». Usteak ustel.

Baina gauzak nola diren!: Jesus hortxe, frustrazio horretantxe, hurbiltzen zaie ikasleei. Beren saminaren bidelagun egiten zaie Jesus. Ez dute ezagutzen, saminak estaltzen baitizkie begiak. Jesusek, ordea, pedagogia gorde baten bidetik eramango ditu gauzak argitzera eta, batez ere, Jesus ezagutzeko begiak argitzera. Sakonera jota, kontua ez baita ideiak argitzea, Jesus ezagutzeko begiak argitzea baino, Jesus maitatzeko bihotza poztea. Pedagogia horren bideak jaso behar ditugu geurerako.

Lehenengo bidea, Jainkoaren Hitza, harreman baten historia kontatzen duen Hitza. Moises eta Profetak. Jainkoak bere historia guztia bere bihotzeko koherentziaz lotu baitu. Eta Jesusi gertatua aurrez ikusia zegoen Aitaren asmo salbatzailean. Jainkoaren Hitzarekiko erreferentzia ezinbestekoa du gaurko Elizak ere. Gure ideiak eta planak argigarriak izan daitezke onenean, baina benetako erreferentzi puntua Jainkoaren Hitza dugu eta, batez ere, Jesusen Ebanjelioa. Hori baztertu ezin daitekeen bidea da.