PAZKO ALDIKO VI IGANDEA
A zikloa
Apostoluen Eginetatik 8,5-8.14-17
Egun haietan, Felipe Samariako herrira jaitsi zen, eta Kristoren berri eman zien; guztiek arretaz eta gogo batez hartzen zuten, Felipek esaten zuena; entzuten bait zituzten eta beren begiz ikusten, hark egiten zituen mirariak: etsaidun askorengandik espiritu lohiak ateratzen ziren deiadarka, eta elbarri eta herren asko sendatzen zituen. Horregatik poz haundia izan zen herri hartan.
Jerusalem-en zeuden apostoluak, Samariak Jaungoikoaren hitza onartu zuela entzun zutenean, Pedro eta Joan bidali zituzten haiengana. Eta biok iritsi zirenean, haien alde otoitz egin zuten, Espiritu Santua har zezaten; oraindik ez bait zen haietako inorengana jaitsia; Jesus Jaunaren izenean bataiatuak bakarrik zeuden. Orduan eskuak ezartzen zizkieten, eta Espiritu Santua hartzen zuten.
ERANTZUN-SALMOA 65
LUR OSOA,
EGIOZU IRRINTZI JAINKOARI.
Lur osoa, egiozu irrintzi Jainkoari,
egin eresi Haren izen ederrari,
eman gorespen eder Berari.
Esan Jainkoari: ‘Zuk eginak bai direla harrigarri’.
Ahuspeztu bedi lur osoa zure aurrean eresi eginez,
zure izenari eresi eginez.
Zatozte eta ikus Jainkoaren lanak,
harritzeko dira-eta gizakiengatik egin dituenak.
San Pedro Apostoluaren epistolatik 1 Pe 3,15-18
Senide maiteok: Gora ezazue Jauna, Kristo, zuen bihotzetan, eta prest egon beti zuen itxaropenaren arrazoi-bidea emateko, eskatzen dizueten guztiei; baina era onean eta begirunez, barrena garbi duzuela. Horrela, zuen kontra esaten dutena, lotsagarri gerta dakien, zuen kristau jokabide ona itsusten dutenei. Hobe da, Jaungoikoak hala nahi badu, ongi eginez nekeak izatea, gaizki eginez baino.
Kristok ere heriotzea jasan zuen bekatuengatik behin betiko –Zintzoak, zintzo ez direnengatik–, gu Jaungoikoarengana eramateko. Heriotzea jasan zuen bere gorputzean, baina bizia hartu zuen berriro Espirituarengatik.
ALELUIA Ni maite nauenak,
beteko du nere hitza -dio Jaunak-;
nere Aitak maiteko du,
eta harengana etorriko gara. ALELUIA!
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Joanen liburutik 14,15-21
Aldi hartan honela esan zien Jesusek bere ikasleei:
- “Maite banauzue, beteko dituzue nere aginduak. Eta eskatuko diot Nik Aitari, eta emango dizue beste laguntzaile bat, beti zuekin egon dadin: egiaren Espiritua; munduak ez dezake har, ez bait du ez ikusten, ez ezagutzen; zuek bai, ezagutzen duzue, zuekin bizi bait da, eta zuen artean bait dago.
Ez zaituztet umezurtz utziko, etorriko natzaizue; laister munduak ez nau ikusiko; zuek bai, ikusiko nauzue eta biziko zarete, Ni bizi bait naiz. Egun hartan ezagutuko duzue, Ni Aitarengan nagoela, eta zuek Neregan eta Ni zuengan. Nere aginduak hartu eta betetzen dituena, hori da Ni maite nauena; eta Ni maite nauena, maiteko du nere Aitak, eta Nik ere maiteko dut eta agertuko natzaio”.
Homiliak
Pazkoak, akordatzerako, oso aurrera egin digu. Gaur dugu azken igandea, Pazkoa burutzen duten bi festaburu handiak alde batera uzten baditugu, Igokundea eta Mendekoste. Eta Pazkoak aurrera egin ahala, giro berezi bat nabari zaio liturgiari. Lehenengo igandeetako poz nabarmen hark, beste giro apalago eta bareago bati egin dio leku. Ez poza galdu dugulako, horixe behar genuke! Baizik, Jesusen Aitarengana joateak giro berezi hori dakarrelako berekin.
Eta giro hori zehazteko, hauxe ikusten dut lehenengo: Jesus badihoa eta ikasleek triste bezala sentitzen dute beren burua. Orain artean beren maisuarekin ongi ibili dira. Orain, Maisua badihoakie, eta zer egin dezakete, pentsatzen jarrita? Jesusek, giro honetan, Espiritu Santuaren promesa bikaina egiten die. Fededunak ez dira munduan bakarrik geratzen. Fededunak ez dira umezurtz eta irtenbiderik gabe gelditzen. Jesus beraiekin geldituko da, Espiritu Santuaren bidez. "Egiaren Espirituak" argituko ditu Berri Onaren ezaupide betean eta munduan bete behar duten egitekoan. Pazkoak ez die Jesus galarazi ikasleei. Baina bai beste era batera tartean jarri.
Espiritu horrek Jesusen eta Jainkoaren presentzia gorpuztuko du fededunen artean. Espirituarengan Jesus ikusten du fededunak. «Ikusiko nauzue eta biziko zerate, Ni bizi bainaiz». Munduak antzematen ez badio ere, fededunak badu entzumen berezia, Espirituaren presentzia gozo horri arrastoa hartzeko.
Bi zeratan antzematen zaio Espirituaren eraginari:
- - Lehenengo, maitasunean. «Ni maite nauena, maiteko du nire Aitak eta Nik ere maiteko dut eta agertuko natzaio». Eta, gainera, maitasun honek gure arteko maitasun izatera iritsi behar du: «Maite banauzue, beteko dituzue nire aginduak». Eta, dudarik gabe, bete behar dugun agindua, maitasunaren agindua da. Pazkoko Espirituak sortzen digun maitasuna.
- - Bigarrenik, Espirituari bere egintzetan antzematen zaio. Lehenengo irakurgaian ikusi dugu: Espirituak sendotzen du, ikasleen bidez finkatu zen bizi eta bide berria. Espirituaren egitez Berpiztuak osasuna eta salbabidea sortzen zuen. Espiritua egiaz presente dago Elizaren bizibidean.
Pazko esaten dugu. Eta egia da, Pazkoak poza du bere ondoriorik nabarmenena eta argiena. Poza. Gaur Liturgiari baimena eskatuta, poz honi buruz hitz egin nahi dizuet zuei, gaixo eta oinazetan aurkitzen zaretenoi. Izan ere gaur gaixoen eguna dugu. Eta nik galdetzen dut: zuentzat ere Pazkoa poza ote? Gaixoentzat ere Pazko? Hala ote?
Zuentzat ere poza. Eta zuentzat, batez ere, poza. Eta hori esanez, ez nuke inoren mina edo negarra atximurkatu nahi, min hori areagotzeko. Ez horixe! Baina, aizu, adiskide jator, zuretzat da poz Pazkoa. Ez poz, gaixo zaudelako, gaixo egotea inork ez baitugu nahi. Baina poz, gaixo egonda ere. Jesus berpiztuari, gaitzari baino askoz ere indar eta ahalmen gehiago aitortzen baitiogu. Eta horregatik diot nik, Pazkoa denontzat dela poz. Eta guk, egia esateko, inori pozik opa badiogu, zuei, gaixo zaudetenoi, opa dizuegu. Hain zarete gureak, eta hain zarete Pazkokoak.
San Pedrok ederki asko esan digu: «Gora ezazue Jauna, Kristo, zuen bihotzetan». Beti ere horixe dugu gure eginkizun nagusi: Jesu Kristo goratu gure bizitza osoan, gure zailtasunetan, gure gaixoaldian, gure ezinean, gure suerte txarrean, gure eguneroko une guztietan. Eta Jesu Kristo goratu, batik-bat, pozaren testigantzaz. Begira: pozik bizi denak beti sortzen du inguruan galdera hau: Zergatik bizi da hori pozik? Eta poz hori gaixo dagoenen batengan ikusten denean galdera hau sortzen da: zergatik dago hori pozik, gaixo egonda ere? Eta orduan, Pedrok esan diguna: «Prest egon beti zuen itxaropenaren arrazoibidea emateko, eskatzen dizueten guztiei». Eta orduan gure poza, aukera paregabe bihurtzen da Jesu Kristoren Pazkoko argiaz eta salbazioaz hitz egiteko.
Entzule fededun, gaixo maite, benetan esango dizut: zu, zeure sufrimenduz, zeu zara Piztueraren aitorlerik onena. Zuk baitaukazu, pozik bizi bazara, Piztueraren argumenturik eta arrazoirik ukaezinena. Pozik eramaten den sufrimenduak kezka edo galdera handia sortzen du bere inguruan.
Pazkoa eta poza. Pazkoa eta Espiritua. Espiritua eta poza. Jainkoaren argitan bizitzetik datorkigun bizimaila berri eta ordainduezina. Jainkoak maite gaitu. Jesusek maite gaitu. Guk elkar maite dugu. Eta maitasun horrek elkarrekin pozik bizitzera garamatza. Jesus Berpiztua gurekin baitago Espirituaren eraginean. Eta Jesus presente dugularik ez diogu ezeri eta inori beldurrik. Presentzia horren poza ez digu ezerk kenduko bihotzetik.
Goazen Eukaristiara. Pazkoko dohaina hartu behar dugu hortxe. Jesus gurekin dago Espiritu-emale. Espiritu horren eraginez aitor dezagun gure kristau fedea.
Elizarengan sinesten dugula kanta dezagun pozik!
Iñaki Beristain (2014-5-10)
Homilia bakarrik argitaratzen dut hemen, gainerako beste lagungarriak liburu batean argitaratu ditut-eta: Igandetik igandera A urtea. Han daude monizio guztiak eta Jainko-hertriaren otoitza).
Pazkoak, akordatzerako, oso aurrera egin digu. Gaur dugu azken igandea, Pazkoa burutzen duten bi festaburu handiak alde batera uzten baditugu, Igokundea eta Mendekoste. Eta Pazkoak aurrera egin ahala, giro berezi bat nabari zaio liturgiari. Lehenengo igandeetako poz nabarmen hark, beste giro apalago eta bareago bati egin dio leku. Ez poza galdu dugulako, horixe behar genuke! Baizik, Jesusen Aitarengana joateak giro berezi hori dakarrelako berekin.
Eta giro hori zehazteko, hauxe ikusten dut lehenengo: Jesus badihoa eta ikasleek triste bezala sentitzen dute beren burua. Orain artean beren maisuarekin ongi ibili dira. Orain, Maisua badihoakie, eta zer egin dezakete, pentsatzen jarrita? Jesusek, giro honetan, Espiritu Santuaren promesa bikaina egiten die. Fededunak ez dira munduan bakarrik geratzen. Fededunak ez dira umezurtz eta irtenbiderik gabe gelditzen. Jesus beraiekin geldituko da, Espiritu Santuaren bidez. "Egiaren Espirituak" argituko ditu Berri Onaren ezaupide betean eta munduan bete behar duten egitekoan. Pazkoak ez die Jesus galarazi ikasleei. Baina bai beste era batera tartean jarri.
Espiritu horrek Jesusen eta Jainkoaren presentzia gorpuztuko du fededunen artean. Espirituarengan Jesus ikusten du fededunak. «Ikusiko nauzue eta biziko zerate, Ni bizi bainaiz». Munduak antzematen ez badio ere, fededunak badu entzumen berezia, Espirituaren presentzia gozo horri arrastoa hartzeko.
Bi zeratan antzematen zaio Espirituaren eraginari:
- Lehenengo, maitasunean. «Ni maite nauena, maiteko du nire Aitak eta Nik ere maiteko dut eta agertuko natzaio». Eta, gainera, maitasun honek gure arteko maitasun izatera iritsi behar du: «Maite banauzue, beteko dituzue nire aginduak». Eta, dudarik gabe, bete behar dugun agindua, maitasunaren agindua da. Pazkoko Espirituak sortzen digun maitasuna.
- Bigarrenik, Espirituari bere egintzetan antzematen zaio. Lehenengo irakurgaian ikusi dugu: Espirituak sendotzen du, ikasleen bidez finkatu zen bizi eta bide berria. Espirituaren egitez Berpiztuak osasuna eta salbabidea sortzen zuen. Espiritua egiaz presente dago Elizaren bizibidean.
Pazko esaten dugu. Eta egia da, Pazkoak poza du bere ondoriorik nabarmenena eta argiena. Poza. Gaur Liturgiari baimena eskatuta, poz honi buruz hitz egin nahi dizuet zuei, gaixo eta oinazetan aurkitzen zaretenoi. Izan ere gaur gaixoen eguna dugu. Eta nik galdetzen dut: zuentzat ere Pazkoa poza ote? Gaixoentzat ere Pazko? Hala ote?
Zuentzat ere poza. Eta zuentzat, batez ere, poza. Eta hori esanez, ez nuke inoren mina edo negarra atximurkatu nahi, min hori areagotzeko. Ez horixe! Baina, aizu, adiskide jator, zuretzat da poz Pazkoa. Ez poz, gaixo zaudelako, gaixo egotea inork ez baitugu nahi. Baina poz, gaixo egonda ere. Jesus berpiztuari, gaitzari baino askoz ere indar eta ahalmen gehiago aitortzen baitiogu. Eta horregatik diot nik, Pazkoa denontzat dela poz. Eta guk, egia esateko, inori pozik opa badiogu, zuei, gaixo zaudetenoi, opa dizuegu. Hain zarete gureak, eta hain zarete Pazkokoak.
San Pedrok ederki asko esan digu: «Gora ezazue Jauna, Kristo, zuen bihotzetan». Beti ere horixe dugu gure eginkizun nagusi: Jesu Kristo goratu gure bizitza osoan, gure zailtasunetan, gure gaixoaldian, gure ezinean, gure suerte txarrean, gure eguneroko une guztietan. Eta Jesu Kristo goratu, batik-bat, pozaren testigantzaz. Begira: pozik bizi denak beti sortzen du inguruan galdera hau: Zergatik bizi da hori pozik? Eta poz hori gaixo dagoenen batengan ikusten denean galdera hau sortzen da: zergatik dago hori pozik, gaixo egonda ere? Eta orduan, Pedrok esan diguna: «Prest egon beti zuen itxaropenaren arrazoibidea emateko, eskatzen dizueten guztiei». Eta orduan gure poza, aukera paregabe bihurtzen da Jesu Kristoren Pazkoko argiaz eta salbazioaz hitz egiteko.
Entzule fededun, gaixo maite, benetan esango dizut: zu, zeure sufrimenduz, zeu zara Piztueraren aitorlerik onena. Zuk baitaukazu, pozik bizi bazara, Piztueraren argumenturik eta arrazoirik ukaezinena. Pozik eramaten den sufrimenduak kezka edo galdera handia sortzen du bere inguruan.
Pazkoa eta poza. Pazkoa eta Espiritua. Espiritua eta poza. Jainkoaren argitan bizitzetik datorkigun bizimaila berri eta ordainduezina. Jainkoak maite gaitu. Jesusek maite gaitu. Guk elkar maite dugu. Eta maitasun horrek elkarrekin pozik bizitzera garamatza. Jesus Berpiztua gurekin baitago Espirituaren eraginean. Eta Jesus presente dugularik ez diogu ezeri eta inori beldurrik. Presentzia horren poza ez digu ezerk kenduko bihotzetik.
Goazen Eukaristiara. Pazkoko dohaina hartu behar dugu hortxe. Jesus gurekin dago Espiritu-emale. Espiritu horren eraginez aitor dezagun gure kristau fedea.
Elizarengan sinesten dugula kanta dezagun pozik!
Iñaki Beristain (2017-5-17)
Beti bidean, beti bila
(Igandeko Ebanjelioa: Jn 14, 15-21) Azken Afariko Jesusen hitzek badute halako zera bat, mistika liluragarri bat edo. Askotan «zerutar mistika» gertatzen zaizkigu, horixe txarra, haizearen kantu, desioen dantza. Baina, ondo begiratuta, badute hitz horiek halako indar sakona, geure bizitzari barruko gihar guztiak tirabiran jartzen dizkiona. Espirituaz hitz egitea, geure barruan daramagun bokazioaz hitz egitea ote den! Materialismoz zauritu dugun geure ingurua, geure bizia eta ingurukoena alegia, Espirituzko izanbidera ote dagoen deitua!
Begiratu beharko genuke geure barruan zer bizi dugun eta zer bizi nahi genukeen! Gure gizartera ere begiratu beharko genuke, espiritua kentzen diogunean zenbateraino zauritzen dugun ikusteko. Geure harremanetara begiratzea ez letorkiguke batere gaizki, harremanak barrutik ez biziaraztean galdu egiten baitira. Erakundeak baztertzea, Eliza zapuztea, doktrinak mespretxatzea, portaera moral batzuk gutxiestea... hori gauza bat da; eta bestea, bizitzari «espiritua» kentzea. Batak eta besteak badute zer ikusia; baina ezin daitezke erabat parekatu.
Jesusek «bere Espiritua» agintzen die ikasleei eta, beraz, guri guztioi. Ikasleek Jesus «gorputzez» galduko dute, baina «Espirituz» beraiekin geldituko da. Jesusek bere bizi-arnasa utziko die, haiek ere Espiritu beretik arnasa har dezaten. Eta barrutik bizitzeak bizitza osoa aberasten du. Gizakia pobretu eta aberastu barrutik egiten baita. Barrutik pobrea denak, nahiz eta patrika beroa eduki, bizitza oso pobrea biziko du. Espirituak aberasten digu bizitza.
Zergatik aberastu? «Ni Aitarekin nago, zuek nirekin eta ni zuekin». Aberastu, beraz, Jainkoarekiko, Jesusekiko, harreman berria sortzen delako. Gure bakardadeak Jainkoa hartzen duelako bizilagun. Gure bakardadea ez da bakarkeria, barrua aberasten digun presentzia baizik. Maite dugunarekin «egoteko» bakardadea da «espirituz» bizi denarena.
Ondo dakigu gure bizi ezinak barrutik sortzen zaizkigula, afektibitatearen zauriek eraginda. Eta afektibitatea sendatu, maitearen «presentziak» bakarrik senda dezake. Eta presentzia hori sumatzeko, bizitzeko, gozatzeko eta sufritzeko, «Espiritua» ezinbestekoa dugu. Espirituak biziarazten digu Jesusen presentzia.
Nola zaindu, nola mantendu, nola mimatu «Espiritua» gure bizitza estresatu eta estuan? Hori da galdera. «Espirituari» bere denbora eskaini behar zaio. Afektibitateak «bere» denbora behar baitu. Espirituaz ohartu egin behar dugu. Espirituari antzematen ikasi egin behar da. Espirituari entzun eta aditzeko sen berezia behar da, sen hezia, sen hazia. Bestela, ez diogu Espirituaren lanari tankerarik hartuko. Ustegabean galduko zaigu, ezer ez duela egiten pentsatuz.
Barruko belarria fintzeko denbora behar da. Barruko sentimenduaren taupada sentitzeko sena piztu behar da. Espirituaren hizkera ikasteko Jesusen Berri Onaren sentidua behar da. Gainontzean, erakunde handiak eraikiko ditugu, doktrina zuzenak sortu eta mantenduko ditugu, portaera moralaz arduratuko gara, otoitzari emango diogu balioa..., baina «Espirituaren» sentidua ez edukitzekotan, beste horrek guztiak ez gaitu kristau egingo, ez eta gizaki oso garatu ere barrutik.
Materialismoak zauritzen duen gure gizartean «Espirituaren» orduak jo du. Espirituaren beharra daukagu. Gure tristura, etsipen, lotura, ilunpe eta gainerako ezintasunek garbi erakutsi digute gure ustekeria askoren hutsa. Barruak «espiritua» eskatzen digu, barrua zaintzea, barrutik bizitzea, espiritualtasuna zaintzea. Irakurle horrek galdetuko zenuen, beharbada, zergatik idazten dudan batzuetan espiritua hizki txikiaz eta beste batzuetan hizki larriaz. Neuk ere ez dakit. Seguru asko giza espirituaren barruan Jesusen Espirituaren lana sumatu nahi dudalako izango da. Izan ere, denontzat da Espirituaren ordua!
Iñaki Beristain (2014-5-21)
Azken Afariko Jesusen hitzek badute halako zera bat, mistika liluragarri bat edo. Askotan «zerutar mistika» gertatzen zaizkigu, horixe txarra, haizearen kantu, desioen dantza. Baina, ondo begiratuta, badute hitz horiek halako indar sakona, geure bizitzari barruko gihar guztiak tirabiran jartzen dizkiona. Espirituaz hitz egitea, geure barruan daramagun bokazioaz hitz egitea ote den! Materialismoz zauritu dugun geure ingurua, geure bizia eta ingurukoena alegia, Espirituzko izanbidera ote dagoen deitua!
Begiratu beharko genuke geure barruan zer bizi dugun eta zer bizi nahi genukeen! Gure gizartera ere begiratu beharko genuke, espiritua kentzen diogunean zenbateraino zauritzen dugun ikusteko. Geure harremanetara begiratzea ez letorkiguke batere gaizki, harremanak barrutik ez biziaraztean galdu egiten baitira. Erakundeak baztertzea, Eliza zapuztea, doktrinak mespretxatzea, portaera moral batzuk gutxiestea... hori gauza bat da; eta bestea, bizitzari «espiritua» kentzea. Batak eta besteak badute zer ikusia; baina ezin daitezke erabat parekatu.
Jesusek «bere Espiritua» agintzen die ikasleei eta, beraz, guri guztioi. Ikasleek Jesus «gorputzez» galduko dute, baina «Espirituz» beraiekin geldituko da. Jesusek bere bizi-arnasa utziko die, haiek ere Espiritu beretik arnasa har dezaten. Eta barrutik bizitzeak bizitza osoa aberasten du. Gizakia pobretu eta aberastu barrutik egiten baita. Barrutik pobrea denak, nahiz eta patrika beroa eduki, bizitza oso pobrea biziko du. Espirituak aberasten digu bizitza.
Zergatik aberastu? «Ni Aitarekin nago, zuek nirekin eta ni zuekin». Aberastu, beraz, Jainkoarekiko, Jesusekiko, harreman berria sortzen delako. Gure bakardadeak Jainkoa hartzen duelako bizilagun.
Gure bakardadea ez da bakarkeria, barrua aberasten digun presentzia baizik. Maite dugunarekin «egoteko» bakardadea da «espirituz» bizi denarena. Ondo dakigu gure bizi ezinak barrutik sortzen zaizkigula, afektibitatearen zauriek eraginda. Eta afektibitatea sendatu, maitearen «presentziak» bakarrik senda dezake. Eta presentzia hori sumatzeko, bizitzeko, gozatzeko eta sufritzeko, «Espiritua» ezinbestekoa dugu. Espirituak biziarazten digu Jesusen presentzia.
Nola zaindu, nola mantendu, nola mimatu «Espiritua» gure bizitza estresatu eta estuan? Hori da galdera. «Espirituari» bere denbora eskaini behar zaio. Afektibitateak «bere» denbora behar baitu. Espirituaz ohartu egin behar dugu. Espirituari antzematen ikasi egin behar da. Espirituari entzun eta aditzeko sen berezia behar da, sen hezia, sen hazia. Bestela, ez diogu Espirituaren lanari tankerarik hartuko. Ustegabean galduko zaigu, ezer ez duela egiten pentsatuz.
Barruko belarria fintzeko denbora behar da. Barruko sentimenduaren taupada sentitzeko sena piztu behar da. Espirituaren hizkera ikasteko Jesusen Berri Onaren sentidua behar da. Gainontzean, erakunde handiak eraikiko ditugu, doktrina zuzenak sortu eta mantenduko ditugu, portaera moralaz arduratuko gara, otoitzari emango diogu balioa..., baina «Espirituaren» sentidua ez edukitzekotan, beste horrek guztiak ez gaitu kristau egingo, ez eta gizaki oso garatu ere barrutik.
Materialismoak zauritzen duen gure gizartean «Espirituaren» orduak jo du. Espirituaren beharra daukagu. Gure tristura, etsipen, lotura, ilunpe eta gainerako ezintasunek garbi erakutsi digute gure ustekeria askoren hutsa. Barruak «espiritua» eskatzen digu, barrua zaintzea, barrutik bizitzea, espiritualtasuna zaintzea. Irakurle horrek galdetuko zenuen, beharbada, zergatik idazten dudan batzuetan espiritua hizki txikiaz eta beste batzuetan hizki larriaz. Neuk ere ez dakit. Seguru asko giza espirituaren barruan Jesusen Espirituaren lana sumatu nahi dudalako izango da. Izan ere, denontzat da Espirituaren ordua!
Iñaki Beristain (2017-5-16)