URTEAN ZEHAR IX IGANDEA

A zikloa

Deuteronomio liburutik 11,18.26-28


Moisesek honela hitzegin zion herriari:
- ‘Sar itzazue hitz hauek zuen bihotzetan eta gogoetan; lotu ezaugarritzat zuen eskumuturretan, eta seinaletzat zuen bekokian.
Horra, bedeinkapena eta madarikapena eskaintzen dizkizuet gaur; bedeinkapena, gaur ematen dizkizuedan Jaunaren, zuen Jaungoikoaren, aginduak aditzen badituzue; madarikapena, Jaunaren, zuen Jaungoikoaren, aginduak aditzen ez badituzue, eta agintzen dizuedan bidetik saihesten bazarete, ezagutu ez dituzuen jainko arrotzetara bihurtzeko”.

ERANTZUN-SALMOA 30


EZ EGON, JAUNA, NIGANDIK URRUN;
ZUREA NAUZU, ZATOZKIT LAGUN.
Zugana biltzen naiz, Jauna,
ez nadila behinere lotsa:
zure zuzentasunez onik nazazu atera.
Belarri hori hurbil iezaidazu;
zatoz laister, aska nazazu.
Izan zakizkit harkaitz, ni gordetzeko,
gaztelu sendo, ni salbatzeko.
Zu bait zaitut harkaitz eta gaztelu,
zure izenagatik eraman nazazu eta gidatu.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei 3,21-25a.28


Senideok: Orain, Legean eta Profetetan zegoen Jaungoikoaren zuzentasuna, Legerik gabe agertu da; Jesu Kristogan sinestetik dator Jaungoikoaren zuzentasuna, sinesten duten guztiengana, bereizkuntzarik egin gabe. Guztiek egin dute bekatu, eta Jaungoikoaren aintza galdu dute; eta Haren graziaz, hutsean iristen dute zuzentasuna, Jesu Kristoren erospenari esker.
Hau jarri du Jaungoikoak opari bakegarri, Haren odolean sinesten dela. Uste dugu-ta, gizonak fedearen bidez iristen duela zuzentasuna, Legeko egintzarik gabe.

ALELUIA Ni naiz mahatsondoa, eta zuek aihenak –dio Jaunak–;


Nigan dagoenak, eta Ni harengan,
fruitu asko ematen du. ALELUIA!

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 7,21-27


Aldi hartan, honela esan zien Jesusek bere ikasleei:
- “Neri ‘Jauna, Jauna!’ ari zaizkidanak, ez dira guztiak sartuko zeruetako erreinuan; zeruan dagoen nire Aitaren nahia egiten dutenak baizik. Egun hartan askok esango dit: ‘Jauna, Jauna, ez al ginen zure izenean profeta izan? Ez al genituen zure izenean deabruak uxatu, eta zure izenean mirari asko egin?’ Orduan esango diet garbi: “Ez zaituztet behinere ezagutu; alde Niregandik, gaizkileok!”
Beraz, nire hitz hauek entzuten eta betetzen dituena, bere etxea harkaitz gainean eraiki zuen gizon zentzudunaren antzekoa da. Egin zuen euria, etorri ziren uholdeak, atera zuen haizea, eta jo zuten etxe hura; baina ez zen erori, harkaitz gainean oinarritua bait zegoen. Nire hitz hauek entzuten dituena, eta betetzen ez, bere etxea hondar gainean eraiki zuen gizon burugabearen antzekoa da. Egin zuen euria, etorri ziren uholdeak, atera zuen haizea, jo zuten etxe hura, eta erori egin zen; eta haundia izan zen haren hondamena”.


Homiliak

No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 26.

No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 27.