URTEAN ZEHAR IV IGANDEA

A zikloa

Sarrerako antifona


Jauna, gure Jainkoa, onik atera gaitzazu, atzerrietatik bil gaitzazu; zure izen santua ospa dezagun, zure gorespenez poza izan dezagun.

Kolekta otoitza


Egizu, Jainko gure Jauna,
Zu bihotz bihotzez maita zaitzagula,
eta gizon-emakume guztiak
geure burua bezala maita ditzagula.
Zure Seme Jesu Kristo… AMEN.

Sofonias profetaren liburutik 2,3;3,12-13


Bila ezazue Jauna, zuek, apalok,
Haren aginduak betetzen dituzuenok;
bila ezazue zuzentasuna, bila apaltasuna;
behar bada aurkituko duzue babesa
Jaunaren haserre-egunean.
Herri apal eta behartsu bat utziko dut Nik, zure erdian;
Jaunaren izena izango du bere babes.
Israelgo hondarrek ez dute txarkeriarik egingo,
ez gezurrik esango;
haien ahotan ez da mingain maltzurrik aurkituko;
inork izutu gabe larratuko dira eta etzango.

ERANTZUN-SALMOA 145


HAU DA POZA, HAU POZ HAUNDIA,
EDERRA BAIT DA ZUEN SARIA.
Leiala da betiren beti,
ematen die eskubidea zapalduei,
ogia gose direnei.
Atzilotuak Jaunak askatzen ditu,
itsuen begiak Jaunak argitzen ditu.
Konkor daudenak Jaunak ditu zutierazten,
zintzoak Jaunak ditu maitatzen.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei. 1 Kor 1,26-31


Senideok: Begira zuen kristau-batzarrari. Gutxi dira zuen artean jakintsuak; gutxi, ahaltsuak; gutxi, haundizkiak.
Jaungoikoak munduko zoroak aukeratu ditu, jakintsuak lotsarazteko; eta munduko argalak aukeratu ditu Jaungoikoak, indardunak lotsarazteko; eta munduko arlote eta baztertuak aukeratu ditu Jaungoikoak, eta ezerezak, zerbait direnak ezerezteko, inor harro ez dadin Jaungoikoaren aurrean.
Hari eskerrak zaudete zuek Kristo Jesusengan. Jaungoikoak Kristo hau guretzat jakinduria egin baitu eta zuzenbidea, eta gainera santutze eta erospen. Horrela, Liburu Santuak dioen bezala: ‘Inor harrotzekotan, Jaunagan harro bedi’.

ALELUIA Poztu zaitezte eta alaitu,


haundia izango da-ta zuen saria zeruetan. ALELUIA!

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 5,1-12


Aldi hartan, jendetaldea ikusirik, mendira igo zen Jesus eta, eseri zenean, bere ikasleak inguratu zitzaizkion, eta Berak honela erakusten zien:
“Zorionekoak, gogoz behartsu direnak:
berena dute eta zeruetako erreinua.
Zorionekoak otzanak;
berak izango dira eta lurraren jabe.
Zorionekoak, negar egiten dutenak;
poztuak izango bait dira.
Zorionekoak, zuzentasunaren gose eta egarri direnak;
aseak izango bait dira.
Zorionekoak errukitsuak;
hauek iritsiko dute eta errukia.
Zorionekoak, bihotzez garbi direnak;
hauek ikusiko dute eta Jaungoikoa.
Zorionekoak bakegileak;
Jaungoikoaren seme esango bait zaie.
Zorionekoak, zuzenagatik erasotuak;
hauena da eta zeruetako erreinua.
Zorionekoak zuek, Nigatik biraoka eta erasoka erabiltzen zaituztenean, eta gezurretan asma-ahalak zuentzat esaten dituztenean; poztu zaitezte eta alaitu, haundia izango da eta zuen saria zeruetan”.


Homiliak

Homilia bakarrik argitaratzen dut hemen, gainerako beste lagungarriak liburu batean argitaratu ditut-eta: Igandetik igandera A urtea. Han daude monizio guztiak eta Jainko-hertriaren otoitza).

Adiskide maiteok: itsasoko uhinen edo olatuen irudia ekartzen dit burura Zoriontasunen irakurraldi honek. Hortxe daude, etorri eta etorri, hortxe atergabeko desafio setati, hortxe inoiz etsitzen ez duen eskaintza berritzaile, hortxe itsas-bazterra plasta-plasta bere kolpe sendoz jotzen duen Jainkoaren olatu sendo... hortxe Jesusen Zoriontasunak! Baina eta... hortxe gure horma sendoa olatuei eusten, hortxe gure ulertu-ezina eskaintza isiltzen, hortxe gure erabaki sendoak desafio guztiei paso ematen... hortxe aurrez aurre!

Batek aspergurea sentitzen du honelakoetan: zertarako beste behin Zoriontasunen eskaintea hots egin? Zertarako beste behin zoriona bide honetatik daukagula esan? Zertarako munduak eta gizarteak egiten dituen aukeren kontra jardun? Zertarako? Ez ote dauzkagu Zoriontasunak domestikatuak, etxekotzat hartuak, kate motzean lotzen den zakur koskorra bezala? Munduaren norabideak oso zehaztuak eta sakonean idatziak daude. Zertarako beste olatualdi batez astindu giza-horma zahar sendoak, dena betiko bere horretan gelditzekotan? Zertarako?!

Baina, aizu!, beste hau ere egia da: Zoriontasunak irakurtzen diren bakoitzean, barrenak salto jotzen du. Halako xarma eta berritasuna darie! Hain arrazoizkoak dira! Gure zoriontsu ezin izanaren motiboa hain argi azaltzen digute! Batek Zoriontasunak maite ditu! Hor mundu berri bat baitager! Hor bihotzaren ametsak betetzeko bidea sumatzen da! Hor zoriontsu egin gaitzakeen jokamoldea ikusten da! Hain arrotzak ez balitzaizkigu! Gureagoak izango bagenitu! Bizitzekoagoak gertatuko balitzaizkigu! Ai Zoriontasun maite eta gorrotatuak! Ai Zoriontasun urrutiko eta gertuko! Ai Zoriontasun ezagun eta ezezagunak! Hain gure, hain beste! Hain maitagarri, hain gozo!

Merezi du Jesusen hitzaldi hau sakonki aztertzea. Ez zaidazu ezetzik esan: ederra da Jainkoak behartsuenak maite dituela jakitea! Ederra da Jainkoak otzanak eta negar egiten dutenak eta zuzentasunaren gose-egarri direnak eta errukitsuak eta bihotz-garbiak eta bakegileak eta erasotuak eta maiteen dituela jakitea! Hori ederra da! Ederra da gaurko gizon-emakumeok bazterrera utzi ditugun aukera horiek Jainkoak bere aukera bezala onartu dituela jakitea. Akaso gure bizimoduan alde batera utziko ditugu, baina ezin ukatu hor badela zerbait giza-eskema guztiak hankaz gora jartzen dituena! Badute, bai, xarma berezia Jesusen zorion-bide hauek!

Eta horrekin ez dut ezer askorik esan. Ederrak direla, liluragarriak... Baina hau da harrigarriena, zorion-bide direla! Bide horietan daukagula zoriona! Gaur gure bizitzari, gure bihotzari, zorionik, irtenbide onik, azken onik, betetasunik opa baldin badiogu, hori Jesusen Zoriontasun hauetan dagoela guretzat, ez beste inon! Eta, onenean, horrexegatik gertatzen zaizkigu hain barruko, hain geure, hain maitagarri! Zoriontasun hauetan sumatzen baitugu gure zorion-ametsak ez direla amets zoroak, Jesusen bidean bete daitezkeen amets baizik! Eta ametserako eskubidea, zoriontsu izateko eskubidea da! Ez ametsak zoriona dakarrelako, baina bai gaurko gizartearen kateari ihes egiteko aukera bakarra gehiagoko baten ametsa delako, zorion beteago baten ametsa delako! Jesusek ematen digun ederrenetakoaez ote, oraindik ere zorion-ametsetan bizitzeko bihotz-gaztetasuna!?

Hasieran "zertarako?" galdetzen genuen. Orain badakigu: Zoriontasunak oraindik ere aldarrikatuko ditugu, gizon-emakumeon zorion-bide betea direlako, fededunon zorion-proportzio bakarra direlako, gure barruak sentitzen duen gehiago beharraren amets-bide bakarra direlako! Horrexegatik Sofonias profetarekin biziki poztuko gara eliztarrok, Jainkoak munduan utzi duen herri apal eta behartsua garelako. Biziki poztuko gara gure babes eta irtenbide bakarra Jaunaren indarra dugulako. Biziki poztuko gara San Paulorekin gure artean, Elizan, ez dagoelako jakintsurik asko, ez dagoelako ahaltsurik asko, ez handizkirik asko. Biziki pozten gara Jainkoak munduarentzat zoro eta arbuiagarri dena aukeratu duelako. Biziki pozten gara munduko argala, zorion-bide bihurtu duelako. Eskerrak ematen dizkiogu gure Jainkoari, zorion-bidean jarri gaituelako!

Bai, badakigu munduan zehar joan behar dugula zorion-bide hauen erakusle bezala! Badakigu guri eskuetara jarri zaigun zorion-bide hau, mundu guztiarentzat zorionbide bihurtu behar dugula! Horrexegatik, zorionbide honen zerbitzura jarriko ditugu gure guztiak. Zertarako ditugu dauzkagunak, zoriontsu ez bagara? Dauzkagunetatik libre garenean, pobre alegia, orduan goza dezakegu daukaguna! Eta gaur ez zaigu askorik eskatzen, libre izatea bakarrik, bihotza pobre egitea bakarrik, gure bihotzean bizirik eustea zoriontsu izateko ametsari!

Arantzazun gaude eta apaltasunari eta pobretasunari gorespen egiterakoan, nola ahaztu gure Andre Maria? Berak zein egoki eta zein gozoki bizi eta kantatu zituen Zoriontasunak! Zein zabal, zein hutsik, entregatu zion bere toki guztia Jainkoari, Hark nahi zuena egin ziezaion! Zein ederra den Maria bere zorion-bidean! Eredu paregabea! Laguntzaile gertukoa! Merezi duenak merezi du, eta merezi ez duenak ez du merezi! Zorion-bideek merezi dute, gureek ez asko!

Orain Eukaristiara goaz! Hortxe jasoko dugu, bihotz behartsuz, ondasunik beteena eta zorion-emaleena! Aitor dezagun Zoriontasun hauek sinesten ditugula! Eta har dezagun zoriontsu egiten gaituen dohaina!


Iñaki Beristain (2017-1-26)



Beti bidean, beti bila

(Igandeko Ebanjelioa: Lk 2, 22-32)

Gaur jai berezia ospatzen dugu liturgian. Jesus Tenpluan aurkeztua izan zeneko jaia. Herri-mailan «Kandelaria-eguna» deitu ohi diogu. Alderdi asko eta aberatsak gordetzen ditu bere barnean gaurko jaiak. Baina nik, gaurko idaztitxoan, bat aipatu eta sakondu nahi nuke. Eta hauxe da: nola topo egiten duten Simeon zaharrak eta Jesusek, itxaropenak eta argiak, Itun zaharrak eta berriak. «Argiaren festa» ere deitu izan zaio gaurko jai honi, eta halaxe da! Itxaro zuenak itxaro zuena aurkitzen du, eta horrek sekulako poza sortzen du. Argiak poztu egiten du!

Gaurko ebanjelioan ageri den Simeon zaharra, zain egoten zahartu den gizakia da. Bihotzak zerbait gehiagoren promesa egiten zion. Egunero igotzen zen Tenplura, bai baitzekien bere besoek egunen batean besarkatu behar zutela espero zuena. Bizitza itxaropena da. Bihotzak barru-barrutik beti gehiago espero eta nahi baitu. Barruko amets handien eta begietako i­txaropen gordeen historia da gure historia. Gure barruari ase-ezina gailentzen zaio beti. Ez baikaude edozerekin eta nolanahi asetzeko eginak. Gure eguneroko mugen artean, mugarik ez duena desio dugu. Eta horrek eusten digu eguneroko amets berrien poderioz.

Barruak gehiago eskatzen digula, alde guztietatik antzematen zaigu. Gure aurpegiko zimur bakoitzak, amets ezinezkoen erretena erakusten du. Gure begirada lausotuari, nahi eta ezinaren kolore arrea nabaritzen zaio. Gure hitzetan, amets hau­tsien etsipena aletzen dugu. Baina gure barruak badu zerbait, etsitzen uzten ez diona. Amets asko hautsi baldin bazaigu ere, ametsari eutsi egiten diogu. Esperantzak su gehiegi du, amets batean edo bitan i­tzaltzeko. Eta beti pizten zaigu argi bat, handik ez bada he­men­dik. Beti esnatzen gara itxaropen berrietara. Gau guztiek bai baitute egunsentia.

Txarra, amets hori itotzea da. Frustraziora ohitzea. Amets berrien iturria agortzea. Itxaropenari izanbideak etetea. Eta gaur jende askotxo dago ezer berririk espero ez duena. Esku artean daukana, eta kitto! Eta horrelakoen historia benetan iluna gertatzen da: gauzak pilatzea, dirua inguratzea, etxe dotorea, erosotasuna, lanpostu gero eta hobea... Ez daukate bestelako ezeren egarririk. Eduki, edukiko dituzte barruan egarri eta amets sakonagoak ere; baina ito egin dituzte. Esperantzarik gabeko gizon eta emakume bihurtuta dabiltza. Eta barruko frustrazioaren hutsunea, gauzez estali nahi izaten dute. Baina, jakina!, barruko hu­tsa ere islatu egiten da aurpegian.

«Ikusi dute nire begiok Zugandiko salbamena. Atzerriak argitzeko argia». Simeon zaharrak argia ikusi du, eta ez du besterik ezer behar. Hiltzeko ere bapo gelditu da, argiak bete baitio barrua. Gure gizarte honek asmatuko ote du gizaki bakoitzaren barruan amets handiak pizten? Edo gutxienez, asmatuko ote dugu, ametsen kontrako borroka ez egiten? Errespetatuko ote dugu giza bihotzaren gehiago-nahia? Gure gazteek berreskuratuko ote dute guk ito diegun etorkizunaren ametsa? Asmatuko ote dugu gizarte materialista honi arima txertatzen?

Gaur kandela eskuetan hartu eta Jesus giza bihotzarentzako argitzat aitortzean, itxaropenean bizitzeko de­sa­fioa egingo diot neure buruari. Batzuek esaten dute ez dagoela beti itxaropenean bizitzerik. Eta, horren harian, eskuz uki daitezkeen gauzez konformatzen ikasi dute. Nik diot, ez dagoela uki daitezkeen gauzen lilura hutsez bizitzerik. Eta, horren harian, beti gehiagoren esperan­tzari eutsiko diot. Ametsa ez dut kateatuko. Itxaropena ez dut itoko.

Simeon zaharrak bezala, egunero jasoko dut nire bihotza esperantzaren gainera. Eta ametsez begiratuko dut, ea zerbait berririk sortzen ari zaidan nire bizitzan. Eta seguru nago, argia piztuko zaidala handik edo hemendik. Eta argiak itxaropen berri baterako indarra emango dit egunero. Itxaropenak pozaren indarra behar baitu. Argiak pozten gaitu!


Iñaki Beristain (2014-1-31)

(Igandeko ebanjelioa: Mt 5, 1-12)

«Zoriontasunen» ebanjelio-mezua entzuten dugun bakoitzean, gizatasunaren muina ukitzen ari garela konturatzen gara. Honetan ez dago interpretazio-bide askorik. Zorioneko izatea guztion bokazioa da, eta albora saihestu ezineko bokazioa. Eta, onez edo txarrez, denok lortu nahi dugu zorioneko zoriona. Ezetz esaten duenak gezurra dio. Zorionarena da, zalantzarik gabe, gizakiok bizi dugun apustu nagusia da eta, beharbada, bakarra.

Baina nik uste dut ahaztu egiten dugula hori, gure apustu nagusia zoriona dela, alegia. Eta, horren arabera, mila gauza eta ahaleginetan sakabanatzen zaigu gure bizitza. Lana, aisialdia, harremanak, kon­tsumoa, etxea, trasteak...

Eta zoriontsu izateko bide eta laguntza izan behar lutekeenak, helburu baterako bitarteko izan behar lutekeenak, helburutzat hartzen ditugu. Eta kotxea ez daukagu zoriontsu izateko, kotxe hau edo bestea daukadala erakusteko baino. Eta dirua ez daukat zorionaren zerbitzurako, daukadala ikus dezaten baizik eta dirua edukitzeak ematen duen boterea lortzeko.

Eta geure bide okertu eta edukizale horietatik, denak behar! Denak behar, eta gero eta gehiago behar! Beti besteek baino gehiago behar! Eta eduki dezakegun zoriona, gehiago beharraren grinatan erretzen dugu. Asko daukagu, baina sekula ez aski; eta ez gara zorioneko.

Zoriona gauza oso sinplea da. Zorionak ez ditu gauzak behar. Zorionak ez du suerte ona ere behar. Zorionak bihotza behar du. Eta bihotza ez da gauzen sintonian pozten, maitasunaren sintonian baizik. Maitasunak ez du, ordea, gauza handirik behar. Maitasunak ez du gauzarik ere behar. Maitasunak aski du maite duenarekin. Eta maite denarekin egotea izaten da zoriona. Sentimenduen barruko mundua ez da gauzen pilaketaz hazten, sentimenduaren bakuntasunean baizik.

Jesusek ere zoriona opa digu. Eta zoriontasunaren muina nola iritsi erakusten digu «zoriontasunak» ai­pa­tzen dizkigunean. Ondo begiratuta, «zoriontasunak» maitasunaren taupadak dira, «egiten» eta «su­fritzen» duen maitasunaren taupadak. Behartsu izan, negar egin, sufritu, justiziaren aldeko borroka biz­ka­­rrean hartu, erruki izan, bihotz osoz jokatu, bakea bilatu, erasoa jasan... maitasunari darizkion taupada sakon eta berritzaileak dira. Maitasunak bakarrik daki zoriontsu izaten.

Bihotzaren sakoneko mugimenduak eragiten du zoriona, aurrena barruan eta gero inguruan. Tsunami zorigaiztokoaren antzera da: itsaso-barruko mugimenduak sekulako eragina sortzen du ingurura. Bihotz-ikara txiki batek indar handia hartzen du gizartearen alorretara iristerako. Bihotzeko gune maitale txikia, eragin handiko olatu bihurtzen da gure gizartean.

Eta gure gizartea, jende zorionekoaren beharrean dago. Negarra asko ugaldu dugu, injustizia ere bai; bakea nekez bizi da eta azpijoko gehiegi dabil; triste asko... Gauzak bai, sekula ez bezala. Jende zorionekoa behar da, zoriona gauzez ez dela egiten erakutsiko duen jendea. Bere barruko zoriona bazter guztietara hedatuko duen jende poztua behar da. Bere barruko poztasuna elkarbanatzen dakien jende gozoa. Barrutik kanpora begiratzen dakien jendea.

Eta ez gabiltza ametsetan. Zorionaren dinamika ezinbestekoan gabiltza. Bizitza xumetu eta pobretzen duen barruko edertasunaren ariketan gabiltza. Xumetasunaren pobreziak irabazten baitu zorionaren apustua. Zorioneko zoriona!


Iñaki Beristain (2017-1-26)