JAUNAREN JAIOTZA
A zikloaBezperako Eukaristia
Isaias profetaren liburutik Is, 62,1-5
Sionen maitez ez naiz isilduko,
Jerusalenen maitez ez naiz geldi egongo;
Haren zuzentasuna diztira bezala argituko den arte,
Haren salbamena zuzia bezala piztuko den arte.
Ikusiko dute herriek zure zuzentasuna,
erregeek zure ospea;
izen berria ezarriko zaizu,
Jaunaren ahoak emana.
Koroa eder izango zara Jaunaren eskuan,
errege-burestun zure Jainkoaren eskuan.
Ez dizute berriz deituko ‘Utzia’,
ezta zure lurraldeari ere ‘Hondamendia’.
“Nire atsegina” deituko dizute zuri,
eta “Senarduna” zure lurraldeari.
Atsegin izango baitu zuregan Jaunak,
eta senarduna izango da zure lurraldea.
Mutil gaztea neskatxarekin ezkontzen den bezala,
zure eraikilea zurekin ezkonduko da;
senarrak emaztearekin hartzen duen poza,
zurekin hartuko du zure Jainkoak.
ERANTZUN-SALMOA 88
JAUNA, ZURE MAITASUNA ABESTUKO DUT
BETIREN BETI
Elkargo egin dut neure hautatuarekin
Dabid neure morroiari egin nion zin:
“Betiko sendotuko dut zure hazia,
menderen mende eraikiko zure aulkia”.
Berak deituko nau: ‘Zu zaitut Aita,
ene Jainko, nere salbamenaren Harkaitza’.
Gordeko diot beti neure maitasuna,
zintzo edukiko egin nion ituna.
Apostoluen Eginetatik Ap Eg 13,16-17.22-25
Egun haietan, Paulo Pisidiako Antiokiara iritsi zenean, hango sinagogan zutiturik eta isiltzeko keinu eginda, honela hitz egin zien:
- ‘Israeldarrok eta Jainkoaren beldur zaretenok, entzun: Israel-herri honen Jainkoak gure aurrekoak aukeratu zituen, eta herria ugaritu zuen, Ejipton arrotz zirelarik, eta bere besoaren indar haundiaz atera zituen handik.
Hau kenduta, Dabid eman zien errege, harentzat aitormen hau eginez: “Aurkitu dut Dabid, Jeseren semea, nere gogoko gizona, nere agindu guztiak beteko dituena”.
Hitz emana zeukanez, honen hazitik atera zion Jainkoak Israeli Salbatzailea, Jesus. Berau etorri baino lehen, Joanek bihotz-berritzeko bataioa hots egin zion Israel-herri osoari. Eta bere bizia bukatzera zihoanean, honela zioen Joanek: ‘Ez naiz ni, zuek uste duzuena; badator nire ondoren beste bat, eta ni ez naiz inor Haren oinetakoak askatzeko ere’’.
ALELUIA Bihar ezereztua izango da
lurraren gaiztakeria. ALELUIA!
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Mateoren liburutik 1,18-25
Jesu Kristoren jaiotzea honela gertatu zen: Jesusen ama Maria, Joserekin ezkontzeko hitzemana zegoelarik, elkarrekin bizi izan baino lehen, haurdun aurkitu zen Espiritu Santuaren egitez. Haren senar Josek, gizon zintzoa bait zen, eta ez bait zuen bere emaztea salatu nahi, isilka utzi eta joatea erabaki zuen. Baina, asmo hori gogoan zerabilkiela, Jaungoikoaren aingerua ametsetan azaldu zitzaion, eta esan zion:
- “Dabiden seme, Jose: ez izan beldurrik, Maria, zure emaztea, etxean hartzeko, sabelean daraman haurra, Espiritu Santuarengandik bait dator. Semea izango du, eta zuk ‘Jesus’ ezarriko diozu izen, Horrek salbatuko bait du bere herria bekatuetatik”.
Guzti hau gertatu zen, Jaunak profetaren ahoz esandakoa bete zedin:
Begira, birjinak sabelean sortu eta semea izango du eta ‘Emmanuel’ ezarriko diote izen, hau da, ‘Jaungoikoa gurekin’.
Josek, lotatik esnatu zenean, Jaunaren aingeruak agindu bezala egin zuen, eta bere etxean hartu zuen emaztea. Eta elkarrekin harremanik izan gabe, Mariak semea izan zuen. Eta Josek Jesus ezarri zion izen.
Homiliak
No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 26.
No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 27.
JAUNAREN JAIOTZA
A zikloaGauerdiko Eukaristia
Sarrerako antifona
Poztu gaitezen guztiok Jaunagan, gure Salbatzailea jaio bait da munduan. Gaur zerutik egiazko bakea jaitsi zaigu.
Kolekta otoitza
Egiazko argia den Kristoren jaiotzaz
argitzen duzu, Jauna, gau santu hau;
iguzu, lurrean argi honen diztirak ezagutu ditugunok
zeruan Haren aintzaren ederra goza dezagula.
Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean
Jainko eta errege bizi bait da
gizaldi eta gizaldietan. AMEN.
Isaias Profetaren liburutik 9,2-4.6-7
Ilunpetan zebilen herriak
argi haundi bat ikusi zuen;
herio-itzalean bizi zirenak
diztira batek argitu zituen.
Gehitu zenuen poza
eta handitu atsegina;
pozetan dabiltza zure aurrean,
igitai-aroan den pozez,
harrapakinak banatzerakoan izaten den atseginez.
Puskatu baituzu
haren uztarri astuna, haren bizkar-makila,
eta zapaltzailearen zigorra,
Madiango egun hartan bezala.
Haur bat jaio bait zaigu,
seme bat eman zaigu;
aginpidea sorbaldan darama;
eta haren izena:
Kontsejatzaile harrigarri, Jaungoiko indartsu,
betiko Aita, Bake-errege.
Bere erregetza zabal dezan,
amairik gabeko bakea ezarriz;
Dabiden aulkian eta bere herrian.
Sendotu eta indartu dezan,
zintzotasunez eta zuzentasunez,
gaurdanik eta betiraino.
Diren guztien Jaunaren maite-minak
egingo du hau.
ERANTZUN-SALMOA 95
SALBATZAILE BAT JAIO ZAIGU GAUR:
MESIAS, JAUNA.
Kanta Jaunari kantu berri,
kanta, lur osoa, Jaunari.
kanta Jaunari, bedeinka Haren izena,
iragarri egunez egun Harengandiko salbamena.
Poztu bitez basoko zuhaitzak
Jaunaren aurrean, badatorrelako,
lurra epaitzera datorrelako.
Zuzenbidez epaituko du lurbira,
eta leialtasunez herriak.
San Paulo Apostoluak Titori 2,11-14
Agertu zaigu Jaungoikoaren grazia, gizon-emakume guztion salbamenerako. Jainkorik gabeko bizitzari eta munduko grina txarrei uko egiten, eta neurriz, zuzentasunez, eta jainko-zaletasunez mundu honetan bizitzen erakusten digula; zorioneko itxaropenari begira, Jesu Kristo gure Salbatzaile eta Jaungoiko haundiaren agertze ospetsua itxaroten dugula. Harek gugatik eman zuen bere burua, gu gaiztakeria guztietatik ateratzeko eta bere herri garbi eta egintza onen zale egiteko.
ALELUIA Poz handi baten berri ona dakarkizuet:
Salbatzaile bat jaio zaizue gaur:
Mesias, Jauna. ALELUIA!
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 2,1-14
Egun haietan, mundu guztiaren izenak hartzeko agindua atera zen Zesar Augustorengandik. Hau izan zen Kirino Sirian buruzagi zelarik egindako lehenengo izen-hartzea. Eta denak izen ematera zihoazen, bakoitza bere herrira. Jose ere, Dabiden etxekoa eta jatorrikoa izanik, Galileako Nazaretetik Judeara igo zen, Belen deritzan Dabiden herrira, han, bere emazte Maria haurdunarekin, izen ematera. Han zeudelarik, haurra izateko egunak bete zitzaizkion Mariari. Eta bere lehen semea izan zuen eta, oihaletan bildurik, ganbela batetan etzan zuen; ez bait zen ostatuan haientzako lekurik.
Ba ziren inguru hartan artzain batzuk, mendian gaua igaroz, beren artaldeak txandaka zaintzen zituztenak. Honetan, Jaungoikoaren aingeru bat agertu zitzaien; Jaungoikoaren aintzak argiz inguratu zituen, eta beldurrak jota gelditu ziren. Aingeruak, ordea, esan zien:
- “Ez izan beldurrik; begira, poz haundi baten berri ona dakarkizuet, herri guztiarentzat izango dena: salbatzaile bat jaio zaizue gaur Dabiden herrian: Mesias, Jauna. Honetan ezagutuko duzue: oihaletan bildurik eta ganbelan etzanik aurkituko duzue haurra”.
Eta bat-batean aingeruari zerutar talde bat bildu zitzaion, Jaungoikoa goresten zutela, esanez:
- “Aintza zeruetan Jaungoikoari, eta bakea lurrean Haren gogoko gizonei”.
Homiliak
No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 26.
No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 27.
JAUNAREN JAIOTZA
A zikloaGoizeko Eukaristia
Sarrerako antifona
Gaur argi batek diztiratuko du gure gainean, Jauna jaio bait zaigu; eta Haren izena: Harrigarri, Jainko, Bake-errege, eta betiko Aita; eta Haren erregetzak ez du azkenik izango.
Kolekta otoitza
Jainko ahalguztiduna,
gizon egin den zure Hitzaren argi berriak
betetzen gaitu;
iguzu, gure bihotzetan argi egiten duen fede honek,
gure egintzetan ere diztira egin dezala.
Zure Seme Jesu Kristo ... AMEN.
Isaias Profetaren liburutik 62,11-12
Horra, Jaunak azken-mugetaraino adierazi duena:
“Esan Siongo hiriari: Badatorkizu zure Salbatzailea;
Berekin dakar bere saria;
eta bere aurretik, irabazia.
‘Herri santu’ deituko diete,
‘Jaunak askatuak; eta zuri, ‘Herri maitagarri’,
‘Herri ez utzia’ deituko dizute”.
ERANTZUN-SALMOA 96
ARGI BATEK ARGITUKO GAITU GAUR,
JAUNA JAIO BAIT ZAIGU.
Errege da Jauna, alai bedi lurbira!
Poztu bitez uharte guztiak!
Adierazten du ortziak haren zuzentasuna,
herri guztiek dakuste haren edertasuna.
Argia sortu zaio zintzoari,
alaitasuna bihotz-zuzenari.
Poztu zaitezte, zintzoak, Jaunarengan,
ospa ezazue haren izen santua.
San Paulo Apostoluak Titori 3,4-7
Jaungoiko gure Salbatzailearen bihotz ona eta gizonenganako onginahia agertu zaigunean, salbatu egin gaitu, ez guk egindako zuzenbidezko egintzengatik, baizik bere errukiagatik; Espiritu Santua dohain ematen duen jaiotza berriaren garbialdiz eta zahar-berritzez; Espiritu hori oparo eman baitigu Jaungoikoak, Jesu Kristo gure Salbatzailearen bitartez. Horrela, onginahi hutsez Jainkoak zuzen egiten gaituelarik, itxaropenez betiko bizitzaren oinordeko egin gara.
ALELUIA Aintza zeruetan Jaungoikoari
eta bakea lurrean Haren gogoko gizonei. ALELUIA!
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 2,15-20
Aingeruak joan zirenean, artzainek honela zioten elkarri:
- ‘Goazen Belena, eta ikus dezagun Jaunak jakin erazi digun gertakari hau’.
Lasterka joan ziren, eta han aurkitu zituzten Maria eta Jose, eta haurra askan etzana. Ikusi zutenean, jakin erazi zuten, haur hartaz esan zitzaiena. Entzun zuten guztiak harriturik gelditu ziren, artzainek esaten zutenarekin. Mariak, berriz, gogoan jasotzen zituen gauza guzti hauek, bere bihotzean hausnartuz. Eta artzainak Jaungoikoari aintzaka eta goraka itzuli ziren, entzun eta ikusi zutenarengatik.
Homiliak
No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 26.
No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 27.
JAUNAREN JAIOTZA
A zikloaEguneko Eukaristia
Sarrerako antifona
Haur bat jaio zaigu, seme bat eman zaigu; aginpidea sorbaldan darama; eta honen izena: Kontsejatzaile miragarri.
Kolekta otoitza
Jainko Jauna, miragarriak egin dituzu,
gizona zeure antzeko eginez,
eta miragarriagoak,
Kristoren bidez hura goi mailara goratuz;
iguzu, gizatasunean gurekin bat egin den zure Semeak,
bat egin gaitzala Berarekin jainkotasunean.
Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean
Jainko eta errege bizi bait da
gizaldi eta gizaldietan. AMEN.
Isaias profetaren liburutik 52,7-10
Bai ederrak direla mendi gainetan,
bakea hots egiten duen mezulariaren oinak!
Berri ona zabaltzen
eta salbamena iragartzen dabilenarenak!
Sioni ‘gure Jainkoa errege da’
esaten dionarenak!
Entzun: zure zaintzaileak oihuka ari dira,
irrintzika, guztiak batera;
aurrez aurre ikusten bait dute Jauna,
berriro Siona datorrela.
Ekin kantari, guztiok batera,
Jerusalengo horma zahar eroriok;
poztu bait du Jaunak bere herria;
eta berrerosi du Jerusalem.
Herri guztien aurrean erakutsi du Jaunak
bere beso santuaren indarra;
eta lurbiraren bazter guztiek ikusiko dute
gure Jaungoikoaren salbamena.
ERANTZUN-SALMOA 97
IKUSI DUTE LUR MUGA DENEK
GURE JAINKOAGANDIKO GARAIPENA.
Kanta Jaunari kantu berri,
egin bait ditu hainbat harrigarri.
Bere eskuinak eman dio garaipena,
bere beso santuak.
Ezaguterazi du Jaunak Beragandiko garaipena,
agertu du atzerrien aurrean bere zuzentasuna.
On eta leial izan dela gogoratu du,
Israel etxeari buruz.
Hebertarrei egindako epistolatik 1,1-6
Askotan eta era askotara hitz egin zien Jaungoikoak Profeten bidez aspalditik gure arbasoei; eta azkenak diren egun hauetan, Semearen bidez hitz egin digu. Seme hau egin zuen gauza guztien oinordeko; eta Beraren bidez egin zuen mundua ere.
Bera da, Aitaren aintzaren argi dizdiratsu eta Haren izatearen irudi. Berak eusten die gauza guztiei bere hitz indartsuz. Eta bekatuen garbikuntza egin ondoren, goienean Guztiz Haundiaren eskuin-aldean jarririk dago; zenbat eta aingeruek baino goragoko izena jaso duen, hainbat eta haiek baino gorago jarria.
Izan ere, zein aingeruri esan dio inoiz: “Nere Seme zara Zu; Nik zaitut gaur Zu sortu”? eta beste behin: “Aita izango nau Harek Ni, eta Hura Seme izango dut Nik”?
Eta beste behin, bere Semea munduan sartzerakoan, honela dio: “Gur bezate Jaungoikoaren aingeru guztiek”.
ALELUIA Egun santu bat zabaldu zaigu:
zatozte, herriak; gurtu ezazue Jauna;
argi haundi bat jaitsi da gaur lurrera. ALELUIA!
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Joanen liburutik 1,1-18
Hasieran ba zen Hitza;
eta Hitza Jaungoikoarekin zen;
eta Jaungoiko zen Hitza.
Hitz hau hasieran Jaungoikoarekin zen.
dena Hitzaren bidez egina da;
eta egindakoetan ez da ezer Hura gabe eginik.
Harengan zen bizia.
Eta bizia gizonen argia zen.
Argiak ilunbetan argi egiten du;
baina ilunak Hura ez zuen onartu.
[Agertu zen gizon bat, Jaungoikoak bidalia: Joan zuen izena. Aitormenerako etorria zen: argiaren aitormen egitera, haren bidez sinets zezaten. Bera ez zen argia, argiaren aitormen egin behar zuena baizik.]
Hitza zen, mundura etorritako gizon oro
argitzen duen egiazko argia.
Munduan zegoen;
eta mundua Haren bidez egina da;
baina munduak ez zuen ezagutu.
Bereetara etorri zen,
eta bereek ez zuten onartu.
Onartu zuten guztiei, berriz,
Jaungoikoaren seme-alaba izateko eskubidea eman zien,
Haren izenean sinesten badute.
Hauek ez dira odoletik sortu,
ez haragiaren nahieratik,
ezta gizonaren nahieratik ere;
Jaungoikoarengandik baizik.
Eta Hitza haragi egin zen,
eta gure artean jarri zuen bizilekua;
eta geuk ikusi dugu Haren aintza,
Aitaren Seme bakarrari dagokion aintza,
graziaz eta egiaz betea.
[Joanek Hartaz egiten zuen aitormen, oihuka esanez:
- ‘Hau zen, nik esan nizuen Hura: Nire ondoren datorrena nire aurrean jarria izan da, ni baino lehenagokoa bait zen’.
Eta Haren betearen betetik, grazia graziaren gain hartu dugu guztiok. Legea Moisesen bidez emana izan da; grazia eta egia, berriz, Jesu Kristoren bidez etorri dira. Jaungoikoa ez du inork ikusi; Aitaren altzoan dagoen Seme bakarrak eman digu Haren berri.]
Homiliak
No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 26.
No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 27.
FAMILIA SANTUA: JESUS, MARIA eta JOSE
A zikloaSiraken liburutik 3,3-7.14-17a
Goresgarriago egiten du Jainkoak aita, seme-alabak baino;
eta amari eskubidea ematen dio bere umeen gainean.
Aita goresten duenak bere bekatuak ordaintzen ditu;
eta ama goresten duenak ondasunak pilatzen.
Aita goresten duenak poz izango du bere seme-alabetan;
eta otoitz egunean entzun egingo zaio.
Aita goresten duena luzaro biziko da;
eta Jaunak entzuten dio, amari atsegin ematen dionari.
Ene seme, iraun zure aita goresten, eta ez utzi bizidaino.
Burua galtzen badu ere, izan zakizkio bihotz haundiko
eta ez gutxietsi bizi zeraino;
aitari emandako laguntza ez da ahaztuko,
bekatuen ordain izango duzu;
zoritxar egunean, gogoan hartuko dizu Jaunak.
ERANTZUN-SALMOA 127
DOHATSU, JAUNAREN BELDUR DENA,
HAREN BIDEETAN DABILENA!
Dohatsu, Jaunaren beldur dena,
Haren bideetan dabilena!
Zure eskuen lana bait duzu jango,
zoriontsu izango zara eta ongi zaizu joango.
Zure emaztea mahasti emankorraren antzean,
zure etxe barnean;
zure semeak badirudite olio-kimuak,
zure mahai inguruan.
San Paulo Apostoluak Kolosarrei 3,12-21
Senideok: Jantzi zaitezte bihotz errukitsuz, onberatasunez, apaltasunez, egokitasunez, eraman-onez, Jaungoikoaren herri aukeratu, santu eta maitea zaretenez gero. Eramazue ondo elkar eta barkatu batak besteari, inork inorentzat ezer baleuka. Jaunak barkatu dizuen bezala, barka zuek ere.
Guzti hoien gainetik, ordea, izan ezazue maitasun; hori bait da lokarririk bikainena. Kristoren bakeak agindu beza zuen bihotzetan, bake hortara deituak zaretenez gero gorputz batean; eta izan esker onekoak. Oparo bizi bedi zuengan Kristoren hitza: Jakinduriarik osoenean elkar argituz eta berotuz; salmoak, goratzarreak, eta goi-arnasezko abestiak Jaungoikoari bihotzez eta esker onez kantari. Edozer esaten edo egiten duzuela, egizue dena Jesu Kristo Jaunaren izenean, Beraren bidez Jaungoiko Aitari eskerrak emanez.
Emazteok, zaudete zeuron senarren menpean, Jaunarengan egoki den bezala. Senarrok, maita itzazue zeuron emazteak, eta ez izan gogorrak haiekin. Seme-alabok, egin zuen gurasoen esana gauza guztietan, hori nahi du-eta Jaunak. Gurasuok, ez samindu zuen seme-alabak, gogoa gal ez dezaten.
ALELUIA Kristoren bakeak agindu beza zuen bihotzetan;
oparo bizi bedi zuengan Kristoren hitza. ALELUIA!
Jesu Kristoren Ebanjelioa s. Mateoren liburutik 2,13-15.19-23
Magoek aldegitean, Jaunaren aingerua agertu zitzaion Joseri, esanez:
- “Jaiki zaitez; hartu haurra eta ama, eta zoaz ihes Ejiptora; eta egon han, nik esan arte; Herodes, haurra hil-nahian ibiliko da-eta”.
Jaiki zen, beraz, Jose, hartu zituen haurra eta ama gauez, eta Ejiptora joan zen eta han egon, Herodes hil zen arte; horrela bete zen Profetaren ahoz Jaunak esandakoa: Ejiptotik dei egin nion nire semeari.
Herodes hil zenean, Jaunaren aingerua agertu zitzaion ametsetan Joseri Ejipton, esanez:
- “Jaiki zaitez, hartu haurra eta ama, eta zoaz Israelgo lurraldera, hilak dira-eta haurrari bizia kendu-nahirik zebiltzanak”.
Jaiki zen, beraz, Jose, hartu zituen haurra eta ama, eta Israelgo lurraldera itzuli zen.
Baina, Herodesen ondoren, Judean haren seme Arkelao zegoela errege jakinik, beldur izan zen hara joateko. Eta ametsetan albiste harturik, Galileara jo zuen. Hara iritsi zenean, Nazaret deritzan herrian gelditu zen bizitzen, profetek esan zutena bete zedin: Nazaretarra deituko diote.
Homiliak
No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 26.
No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 27.