SANTU GUZTIEN EGUNA – azaroak 1
Apokalipsis liburutik 7,2-4.9-14
Nik, Joanek, beste aingeru bat ikusi nuen sortaldetik igotzen. Jaungoiko biziaren silua zeukan; eta oihu handiz hots egin zien, itsasoa eta lurra zigortzeko zeuden lau aingeruei, esanez: “Ez zigortu lurrik, ez itsasorik, ez zuhaitzik, harik eta gure Jaungoikoaren serbitzariei ezaugarria bekokian ezarri arte”.
Eta entzun nuen ezaugarridunen zenbakia: ehun eta berroigeita lau mila, Israelgo leinu guztietatik.
Horren ondoren, talde handi bat ikusi nuen, inork zenbatu ezinahalakoa, enda eta leinu, herri eta hizkuntza guztietakoa, aulkiaren eta Bildotsaren aurrean zutik, zuriz jantziak, eta palma-adarrak eskuetan. Eta oihu handiz hots eginez, honela zioten:
- “Salbamena, aulkian eserita dagoen gure Jaungoikoarena da eta Bildotsarena”.
Aulkiaren, zaharren eta lau bizidunen inguruan zeuden aingeru guztiak ahuspez erori ziren aulkiaren aurrean, eta Jaungoikoa gurtu zuten, esanez:
- ‘Amen! Bedeinkapena, aintza eta jakinduria, esker ona eta ospea, ahalmena eta indarra gure Jaungoikoarenak dira, gizaldi eta gizaldietan. Amen!’.
Eta zaharretako batek honela esan zidan: “Nor dira eta nondik datoz zuriz jantzirik dauden hauek?” Nik erantzun nion: ‘Ene Jauna, Zuk jakingo duzu!’
Hark orduan: “Hauek nekaldi handitik datozenak dira. Bildotsaren odoletan garbitu dituzte eta zuritu beren jantziak”.
ERANTZUN-SALMOA
23
KANTA JAUNARI JAI HONETAN,
SANTU GUZTIEN OHORETAN.
Jaunarena da lurra, eta lurra betetzen dutenak,
lurbira eta bertan bizi direnak.
Hark eman dizkio itsasoak oinarri,
eta ibaiak sendogarri.
Jaunaren mendira nor igoko?
Jaunaren toki santuan nor egongo?
Eskuak errugabe eta bihotza garbi dituena,
huskerietara jotzen ez duena.
San Joan Apostoluaren epistolatik 1 Jn 3,1-3
Senide maiteok: Begira zenbaterainoko maitasuna agertu digun Aitak: Jaungoikoaren seme izena daramagu, baita izana ere. Horra zergatik munduak ez gaituen ezagutzen, Jainkoa ere ezagutu ez zuelako.
Senide maiteok: Orain, Jaungoikoaren seme gara; gero izango garena, oraindik ez da ageri. Badakigu, Jauna agertzen denean, Haren antzeko izango garela, den bezalakoa ikusiko bait dugu; Harengan itxaropen hau duen guztia garbitu egiten da, Hura garbia den bezala.
ALELUIA Zatozte Nigana nekatuok, lanpetuok,
eta Nik arinduko zaituztet –dio Jaunak–. ALELUIA!
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 5,1-12a
Aldi hartan, jendetaldea ikusirik, mendira igo zen Jesus eta, eseri zenean, bere ikasleak inguratu zitzaizkion, eta Berak honela erakusten zien:
“Zorionekoak, gogoz behartsu direnak:
berena dute eta zeruetako erreinua.
Zorionekoak otzanak;
berak izango dira eta lurraren jabe.
Zorionekoak, negar egiten dutenak;
poztuak izango bait dira.
Zorionekoak, zuzentasunagatik gose eta egarri direnak;
aseak izango bait dira.
Zorionekoak errukitsuak;
hauek iritsiko dute eta errukia.
Zorionekoak, bihotzez garbi direnak;
hauek ikusiko dute eta Jaungoikoa.
Zorionekoak bakegileak;
Jaungoikoaren seme esango bait zaie.
Zorionekoak, zuzenagatik erasotuak;
hauena da eta zeruetako erreinua.
Zorionekoak zuek, Nigatik biraoka eta erasoka erabiltzen zaituztenean, eta gezurretan asma-ahalak zuentzat esaten dituztenean; poztu zaitezte eta alaitu, haundia izango da eta zuen saria zeruetan”.