URTEAN ZEHAR XV IGANDEA
Isaias profetaren liburutik 55,10-11
Honela mintzo da Jauna:
“Euria eta elurra zerutik jaisten dira,
eta ez dira berriro hara itzultzen,
lurra ase, ernaldu eta lehertarazi gabe,
ereileari hazia eman diezaion,
eta jaleari ogia;
hala izango da nere ahotik ateratako hitza:
ez da Nigana hutsik itzuliko;
baizik egingo du Nik nahi nuena,
eta beteko Nik agindutakoa”.
ERANTZUN-SALMOA
64
ZURE HITZAK, JAUNA,
ESPIRITU ETA BIZI DIRA.
Agertu zatzaizkio lurrari eta euriz beratu duzu,
oparo aberastu duzu.
Jainko-ibaia urez da betea,
eman diezu gari-alea.
Zeure ondasunez burutu duzu urtea,
guritasunez jarioka daude zure bideak.
Mendiko larreak hor daude guri,
eta muinoak atseginez apaindurik.
San Paulo Apostoluak Erromatarrei 8.18-23
Senideok: Nire iritzian, oraingo neke-lanak ezer gutxi dira, gero gugan azalduko den aintzaren aldean. Izadia bera ere zain-zain dago, Jaungoikoaren seme-alaben agerkunde beteari itxaroten. Hutsaren menpeko egina baitago; ez, ordea, bere nahiz, menperatu zuen harengatik baizik. Baina, beti ere, izadiak berak badu itxaropen, ustelkeria-morrontzatik aterata, Jaungoikoaren seme-alaben aintzazko askatasunera iritsiko dela.
Badakigu, jakin ere, izadi osoa orain arte, erdiminez eta intzirika dagoela, eta ez hura bakarrik; bai gu ere, Espiritua lehen-dohain bezala daukagunok, intziriz gaude geure barruan, noiz Jaungoikoaren seme-alaba izango, noiz gure gorputza salbatuko!
ALELUIA Hazia Jainkoaren hitza da; ereilea, berriz, Kristo;
Honi aditzen dionak izango du betiko bizia. ALELUIA!
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Mateoren liburutik 13,1-23
Aldi hartan, Jesus etxetik atera eta itsas ertzean eseri zen. Jendetza haundia bildu zitzaion inguruan, eta horregatik ontzixka batera igo zen, eta han eseri. Jende guztia itsas bazterrean zegoen.
Gauza asko esan zien parabolatan:
- “Atera zen ereilea ereitera: Eta ereitean, hazi batzuk bide bazterrean erori ziren; etorri ziren txoriak, eta jan egin zituzten.
Beste batzuk, lur gutxi zegoen leku harritsu batean erori ziren; berehala jaio ziren, lurra ez bait zen lodia; baina eguzkia atera orduko, erre egin ziren eta, zainik ez zutelako, ihartu.
Beste batzuk harantz artean erori ziren; eta arantzek, hazi zirenean, ito egin zituzten.
Beste batzuk lur onean erori ziren, eta eman zuten alea: batzuek bateko ehun, besteek hirurogei, eta besteek hogeitamar.
Belarririk duenak, entzun dezala”.
[Ikasleek, hurbilduta, galdera hau egin zioten Jesusi:
- ‘Zergatik hitzegiten diezu parabolatan?’
Harek erantzun zien:
- “Zuei eman zaizue, zeruetako erreinuaren misterioak ezagutzea; horiei, berriz, ez. Izan ere, duenari eman egingo zaio eta gainezka izango du; baina ez duenari, duen hura ere kendu egingo zaio. Horregatik hitzegiten diet parabolatan: begiratu arren, ez dutelako ikusten; entzun arren, ez dutelako, ez aditzen, ez ulertzen. Horietan betetzen da Isaias profetak esandako hura:
Zuen belarriz entzungo duzue, eta ez duzue ulertuko;
zuen begiz begiratuko duzue, eta duzue ikusiko;
gogortu egin bait da herri honen bihotza.
Belarri-gogorrak dira
eta begiak itxi egin dituzte:
begiz ez ikusteko, eta belarriz ez entzuteko;
bihotzez ez ulertzeko, eta ez bihotz-berritzeko,
Nik senda ditzadan.
Zorionekoak, ordea, zuen begiak, ikusten dutelako; eta zuen belarriak, entzuten dutelako. Benetan diotsuet: Profeta eta zintzo askok ikusi nahi izan zuen, zuek ikusten duzuena, eta ez zuten ikusi; eta entzun, zuek entzuten duzuena, eta ez zuten entzun.
Entzun, beraz, zuek ereilearen parabola:
Erreinuko hitza entzun bai, eta ulertzen ez duenari, Gaiztoak, etorrita, kendu egiten dio bihotzean ereindakoa; hori da bide bazterrean ereindakoa.
Lur harritsuan ereindakoa, hitza entzuten duena da eta, berehala hartan, pozik hartzen duena; baina zainik ez du, ezta iraupenik ere; eta hitz hori dela-eta erasoa eta nekea sortu orduko, berehala hutsegiten du.
Harantz artean eraindakoa, hitza entzuten duena da; baina munduko grinek eta aberastasunen lilurek hitza ito egiten dute, eta uztarik eman gabe gelditzen da.
Lur onean eraindakoa, berriz, hitza entzun eta ulertzen duena da. Hark, bai, ematen du alea: honek bateko ehun, hark hirurogei, besteak hogeitamar”.]