URTEAN ZEHAR XX IGANDEA
Sarrerako antifona
Begira iezaiozu, Jainko, gure Babeskiari, so egiozu zure Gantzutuaren aurpegiari; Hobe da, noski, egun bat zure atarietan eta ez mila bestelakoetan.
Kolekta otoitza
Ondasun miragarrriak dituzu, Jauna, maite zaituztenentzat;
biztu gure bihotzetan zure maitasunaren garra,
Zu gauza guztietan eta gauza guztien gainetik maite izanez,
iritsi ditzagun guk asma ala baino haundiagoak diren
Zuk agindutako ondasunak
Zure Seme Jesu Kristo ... AMEN.
Isaias profetaren liburutik 56,1.6-7
Honela mintzo da Jauna:
“Egin bidezko dena,
eta zabiltzate zuzentasunez;
berehala etorriko baita nere salbamena,
eta agertuko nere garaipena.
Jauna serbitzeko, Haren izena maitatzeko
eta Haren morroi izateko
Berari itsatsi zaizkion arrotzak,
larunbata hutsegin gabe gordetzen
eta nere elkargoan leial irauten dutenak:
bilduko ditut nere mendi santuan,
poztuko ditut nere otoitz-etxean;
onartuko ditut nere aldare-gainean
haien erre-opariak eta eskaintzak.
Nere etxea otoitz-etxe baita,
eta hala deituko dute herri guztiek”.
ERANTZUN-SALMOA
66
O JERUSALEN,
ZURE JAUNARI KANTUZ EKIN.
Erruki bekigu Jainkoa, bedeinka gaitzala,
ager diezagula aurpegi alaia;
ezagutu dezaten lurrean zure bidea,
herri guztietan Zugandiko salbamena.
Poztu bitez kantari atzerriak,
zuzenbidez bait daramazu izadia;
zintzo bait dituzu gidatzen herriak,
eta zaintzen lurrean atzerriak.
San Paulo Apostoluak Erromatarrei 11,13-15.29-32
Senideok: Zuei diozuet, jentiloi: Jentilen apostolu naizenez, goresmen egingo diot nire serbitzuari, ea nire odolekoen bekaizgoa pizten dudan eta horietako batzuk salbatzen ditudan. Haien gaitzesteak munduari baketzea badakarkio, zer izango da haien berriz-hartzea, heriotzatik bizira itzultzea baizik.
Aldaezinak dira Jainkoaren dohainak eta deia. Zuek, garai batean Jainkoari obeditu ez zeniotenak, orain judutarrek ez obeditzean, errukia iritsi duzuen bezala; haiek ere, orain obeditzen ez diotenek, zuei egin zaizuen errukia dela eta, iritsiko dute errukia. Jaungoikoak, obeditzen ez dutenen arteko egin gaitu gizaki guztiak, guztioi erruki egiteko.
ALELUIA Jesusek erreinuko berri ona hotsegiten zuen,
eta gaitz guztiak sendatzen zituen herrian. ALELUIA!
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Mateoren liburutik 15,21-28
Aldi hartan, Jesus Tiro eta Sidongo lurraldera joan zen. Kanaandar emakume bat, alderdi haietatik aterata, deiadarka hasi zitzaion: ‘Jauna, Dabiden Seme, erruki zakizkit! Deabru gaizto-gaizto bat du nire alabak’.
Jesusek, ordea, ez zion hitzik erantzun. Ikasleak, hurbildurik, erreguka ari zitzaizkion: ‘Egiozu nahi duena, eta doala, atzetik datorkigu-eta deiadarka’.
Eta Hark erantzun zien: “Israelgo ardi galduetara bakarrik bidali naute”.
Emakumea hurbildu zen, ordea, eta, ahuspezturik, honela esan zion: ‘Lagun iezadazu, Jauna!’
Jesusek erantzun: “Ez da egoki seme-alaben ogia hartu eta zakurrei botatzea”.
Eta emakumeak: ‘Egia, Jauna; baina txakurkumeek ere jaten dituzte, beren nagusien mahaitik jalkitako ogi-apurrak’.
Orduan Jesusek erantzun zion: “Emakume, haundia da zure sinestea! Gerta bekizu, nahi duzun hori”.
Eta ordu hartantxe sendatu zitzaion alaba.