JAUNAREN ANTZALDATZEA -abuztuak 6
Daniel profetaren liburutik 7,9-10.13-14
Begira nengoela, aulkiak jarri zituzten han,
eta gizon zahar bat eseri zen.
Haren soinekoa, elurra bezain zuria;
buruko ilea, artile garbia bezala;
haren aulkia, su, eta aulkiaren kurpilak sugar.
Suzko ibai bizi bat zerion haren aurretik.
Milaka zituen morroiak, miloika bere aurrean serbitzariak.
Auzia hasi zen, eta zabaldu ziren liburuak.
Eta oraindik begira nengoela,
gizonaren semea zirudien bat ikusi nuen,
zeruetako hodeietan zetorrela.
Gizon zaharrarengana hurbildu zen,
eta haren aurrean aurkeztu.
Agintaritza, ospea eta erregetza eman zitzaizkion;
eta herri, herrialde eta hizkuntza guztiak serbitzari zituen.
Haren agintea, betiereko agintea da,
inoiz ere amaituko ez dena;
eta haren erregetzak ez du azkenik izango.
ERANTZUN-SALMOA
96
ERREGE DA JAUNA,
GOIKO-GOIKO, LUR GUZTIAREN GAINETIK.
Errege da Jauna, alai bedi lurbira!
Poztu bitez uharte guztiak!
Inguruan Laino eta Hodei beltza dakarzki,
Zuzena eta Bidezkoa ditu bere aulkiaren oinarri.
Mendiak ezkoa bezala urtzen dira Jaunaren aurrean,
lur guztiaren Jaunaren aurrean.
Adierazten du ortziak Haren zuzentasuna,
herri guztiek dakuste Haren edertasuna.
San Pedro Apostoluaren epistolatik 2 Pe 1,16-19
Senide maiteok: Jesu Kristo gure Jaunaren indarra eta azken-etorrera ezaguterazi nizuenean, ez nizkizuen asmatutako ipuiak esan, baizik-eta geuron begiz ikusitako Haren handitasuna.
Gorespena eta aintza hartu zituen Harek Aita Jaungoikoarengandik, aintza bikain hartatik harako hitz hura etorri zitzaionean: “Hau da nire Semea, nire Maitea: Honengan dut neure atsegina”. Guk geuk entzun genuen, zerutik etorritako ahots hori, Berarekin mendi santuan geundela.
Guzti honek sendotu egiten du guregan Profeten hitza, eta ederki egiten duzue hitz horri erne-erne egotean, toki ilunean argi egiten duen argiontziari bezala, harik-eta eguna argitzen hasi arte, eta artizarra zuen bihotzetan sortu arte.
ALELUIA Hau da nire Semea, nire Maitea;
Honengan dut neure atsegina.
Entzun iezaiozue. ALELUIA!
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Mateoren liburutik 17,1-9
Aldi hartan, hartu zituen Jesusek Berekin Pedro, Santiago eta honen anaia Joan, eta mendi goi batetara igo zen. Hiruen aurrean antzaldatu egin zen; aurpegia eguzkia bezain dizdizari zeukan, eta soinekoak argia bezain zuri. Eta Moises eta Elias agertu zitzaizkien, Jesusekin hizketan. Pedro mintzatu zen orduan, eta honela esan zion Jesusi:
- ‘Jauna, bai ederki gaudela hemen! Nahi baduzu, egingo ditut hiru txabola: bata Zuretzat, bestea Moisesentzat, eta bestea Eliasentzat’.
Hizketan ari zela, hodei argi batek estali zituen, eta hodeitik ahots bat entzun zen:
- “Hau da nire Semea, nire Maitea; Honengan dut nire atsegina. Entzuiozue”.
Hori entzutean, ahuspez lurrera erori ziren ikasleak, beldurraren beldurrez.
Hurbildu zitzaien Jesus, ukitu zituen eta esan zien:
- “Jaiki zaitezte; ez izan beldurrik”.
Begiak jasorik, Jesus bera besterik ez zuten ikusi.
Menditik behera jaisterakoan, Jesusek honela agindu zien:
- “Ez esan inori ikusi duzuen hau, harik-eta Gizonaren Semea hilen artetik biztu arte”.