GARIZUMAKO V. IGANDEA
Ezekiel Profetaren liburutik 37,12-14
Honela mintzo da Jauna:
-“Nik irekiko ditut zuen hilobiak, ateraraziko zaituztet zuen hilobietatik eta eramango zaituztet berriro Israelgo lurrera. Eta Nik zuen hilobiak irekitzean, eta zuen hobietatik ateratzean, ene herri, orduan ezagutuko duzue, Ni naizela Jauna. Nere espiritua emango dizuet Nik eta zuek bizi-berrituko zarete; eta zeuron lurrean ezarriko zaituztet, eta ezagutuko duzue, Nik, Jaun honek, esan eta egin egiten dudala”
ERANTZUN-SALMOA
129
JAUNAGAN DAGO ERRUKIA,
HARENGAN ASKATASUN UGARIA.
Barnenetik Zuri dagizut oihu, Jauna,
entzun, Jauna, nere mintzoa.
Beude erne zure belarriak,
nere oihu-eskarira.
Gure erruak gogoan badauzkazu, Jauna,
nor dagoke zutik, Jauna?
Baina barkamena Zugan daukazu,
Zu begirunez serbi zaitzagun.
San Paulo Apostoluak Erromatarrei 8,8-11
Senideok: Haragiaren menpean aurkitzen direnak, ezin izan gogoko Jaungoikoari.
Zuek, ordea, ez zarete haragiaren menpean aurkitzen, Espirituaren menpean baizik, Jaungoikoaren Espiritua zuengan bizi baita. Norbaitek Kristoren Espiritua ez badu, hori ez da Kristorena. Kristo zuengan badago, ordea, gorputza hila dago, bekatuarengatik; espiritua, berriz, bizirik zuzentasunagatik. Jesus hilen artetik biztu zuenaren Espiritua zuengan bizi bada, Jesus hilen artetik biztu zuenak, bizieraziko ditu zuen gorputz hilkorrak ere, zuengan bizi den bere Espirituaren bitartez.
EBANJELIOA
Ni naiz biztuera eta bizia -dio Jaunak-;
Nigan sinesten duena, ez da inoiz hilko.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Joanen liburutik 11,1-45
Aldi hartan, [Ba zen gaiso bat Lazaro izenekoa, betaniarra, Mariaren eta honen ahizpa Martaren herrikoa; (Maria hau zen, Jesus gantzu usaigozodunez igurtzi zuena, eta oinak bere ile-adatsez txukatu zizkiona. Honen anaia Lazaro zen gaiso zegoena).]
Lazaroren bi ahizpek albiste hau bidali zioten Jesusi: ‘Jauna, Zuk maite duzuna gaiso dago’.
Jesusek, hori aditzean, esan zuen:
- “Gaitz hau ez da hiltzeko gaitz; Jaungoikoaren aintzarako baizik, gaitz honen bidez Jaungoikoaren Semea goretsia izan dadin”.
Maiteak zituen Jesusek Marta, honen ahizpa eta Lazaro. Hau gaiso zegoela entzunda ere, beste bi egunez lehen zegoen lekuan jarraitu zuen. Eta egun haien buruan honela esan zien bere ikasleei: “Goazen berriz ere Judeara”.
[Ikasleek esan zioten: ‘Maisu, orain berriki harrikatu nahi zintuzten judutarrek, eta hara joan behar al duzu berriro?’
Eta Jesusek: “Ez al ditu egunak hamabi ordu? Egunez dabilena ez da behaztopatzen, ikusten bait du mundu honetako argia; gauez dabilenak, ordea, behaztopa egiten du, ez bait du argirik”.
Eta jarraitu zuen: “Gure adiskide Lazaro lo dago; esnatzera noakio”.
Ikasleek esan zioten: ‘Jauna, lo badago, esnatuko da’.
(Jesusek heriotzea esan nahi zuen; haiek, ordea, loa esan nahi zuela uste zuten). Orduan Jesusek garbi esan zien: “Lazaro hil egin da eta, zuengatik, pozten naiz han ez ginelako, zuek sinets dezazuen. Goazen hara”.
Tomasek, Bizkia zeritzanak, honela esan zien beste ikasle-lagunei: ‘Goazen gu ere, eta hil gaitezen Berarekin batera’.]
Etorri zen, bada, Jesus, eta Lazaro lau egun haietan hilobian zegoela aurkitu zuen.
[Jerusalendik Betaniara orduerditsuko bidea besterik ez dago. Judutar asko etorri zitzaien Martari eta Mariari, anaiarengatik samin-agurra egitera.]
Jesus zetorrela jakin zuenean, Marta bidera atera zitzaion; Maria, berriz, etxean gelditu zen. Martak esan zion Jesusi:
- ‘Jauna, Zu hemen gertatu bazina, nere anaia ez zen hilko. Hala ere ba dakit, Zuk Jaungoikoari eska-hala guztia, Jaungoikoak emango dizula’.
Jesusek erantzun zion: “Biztuko da zure anaia”.
Eta Martak: ‘Badakit biztuko dela biztuerakoan, azken egunean’.
Eta Jesusek: “Ni naiz biztuera eta bizia; Niregan sinesten duena, hilik ere, biziko da; eta Niregan sinetsiz bizi dena, ez da inoiz hilko. Sinesten al duzu hori?”
Eta Martak: ‘Bai, Jauna, sinesten dut nik, Zu zarela Mesias, Jaungoikoaren Semea, mundu honetara etortzekoa zena’.
[Eta hau esanda, bere ahizpa Mariari deitzera joan zen, eta honela esan zion isilka: ‘Maisua hor dago, eta dei egiten dizu’.
Hori entzutean, Maria berehala jaiki eta Jesusengana joan zen. Oraindik ez zen Jesus herrian sartu; Martak topatu zuen lekuan zegoen.
Etxean Mariari nahigabean laguntzen zeuden judutarrek, bat-batean jaikita joaten ikusi zutenean, jarraitu egin zioten, hilobira zihoalakoan negar egitera. Maria, Lazaroren arreba, Jesus zegoen tokira iristean, Hura ikusi zueneko, oinetara erori zitzaion ahuspez, eta esan zion: ‘Jauna, Zu hemen gertatu bazina, nire anaia ez zen hilko’.]
Jesusek, [Maria eta harekin etorritako judutarrak negarrez ikusi zituenean,] barru-barrutik kupiturik, galdetu zuen: “Non sartu duzue?”
Mariak erantzun zion: ‘Jauna, zatoz eta ikus’.
Eta Jesusek negarrari eman zion. Judutarrek, orduan, honela zioten: ‘Begira zein maitea zuen!’
Haietako batzuek, berriz, zioten: ‘Itsuari begiak ireki zizkion Honek, ez al zezakeen egin hau hil ez zedila?’
Jesus, berriro barrutik antsika, hilobira hurbildu zen. Haitzulo bat zen, eta harlosa bat gainean. Jesusek esan zuen: “Ken harlosa hori!”
Hildakoaren arreba Martak esan zion: ‘Jauna, usaia dario; lau egun baditu’.
Eta Jesusek erantzun: “Ez al dizut esan, sinesten baduzu, ikusiko duzula Jaungoikoaren aintza?”
Kendu zuten, bada, harria. Orduan, Jesusek begiak zerura jasorik, honela hitzegin zuen: “Aita, eskerrak Zuri, entzun didazulako. Nik ba dakit, beti entzuten didazula; baina inguruan dauzkadan hauengatik esaten dizut, Zuk bidali nauzula sinets dezaten”.
Hau esanda, oihu egin zuen ozenki: “Lazaro, atera zaitez kanpora!”
Atera zen hilda zegoena, esku-oinak odol-zapiz lotuak zituela, eta aurpegia hil-oihalez estalia. Jesusek esan zien: “Aska ezazue eta utzi ibiltzen”.
Egin zuena ikusita, Mariaren eta Martaren etxera etorritako judutar askok sinetsi zuten Jesusengan.
Liturgia lagungarriak (Iñaki Beristain)
Senideok: gauza eder asko dira izan, eta denak parean suertatu zaizkio fededunari. Dohain bikain askoren berri ematen ari zaigu Eliza Garizuman zehar: bizi-egarria eta zorion-egarria asetzen duen ur bizia, gure giza bideak argitzen dizkigun argi pozgarria eta gaur, betiko bizira esnatzen gaituen askatasunezko oihu indartsua. Elizak jartzen digun katekesi hariari jarraitzen dionak, badu bere kristau bizitza argitzeko hausnargai franko. Esan dezakegu, egiaz esan ere, kristau bizitzaren askatasunari, poza eta itxaropena darizkiola itsasoka.
A zer kontenplazio-une gozo eta sakona aukeran jarri zaiguna. «Barnenetik zuri dagizut oihu, Jauna». Garizumak bistaratzen digun Jesusen ekintza, gizon-emakumeon sakonenera jotzen duen ekintza da. Guk heriotza, geure berrenenean baitaramagu. Eta Jesusen askatasunezko oihuak, bizirako deiak, hantxe entzunarazten du bere oihartzuna. Eta han, hilak sentitzen garen barru sakon eta barreneko hartan, Ebanjelioa biltzen duen mezua entzuten da: «Ni naiz biztuera eta bizia; Niregan sinesten duena, hilik ere, biziko da». Paregabea! Ikusgarria!
Une honetako kasua ez da hizkera ilun eta beltz baten bidez dena hila eta tristea ikustea. Baina, nik uste, Ezekiel profetaren hizkera erabiliz, hilobi bat daramagula geure barnean: hilobi horri dei diezaiokezu \"tristura\", \"etsipena\", \"zentzurik gabe bizitzea\", \"nazka\", \"maitasun faltaren zuloa\", \"bakardade onartu gabea\", \"bazterttua sentitzea\", \"geure burua onartu ezina\"... Nahi duzun bezala deitu, baina denok daramagu geure hilobia barrenenean. Ez al da egia? Eta hortxe hasten da biziarazten gaituen notizia: «Lazaro, atera zaitez kanpora». Eta batek, eta fededunen elkarte osoak, Jesusen hitzaren indarra sumatzen du. Indar biziemalea. Indar biziarazlea. Indar ederra! Eta, zeure eguneroko bizigiroan eta ezinean eta larrialditan jarraitu beharko duzu, baina bizi zara! Bizi zara!
Eta non dago biziaren hitza?, galdetzen duzu. Garizuma burutzen duen aste honetan eta aste santuan ere garbi asko esango zaizu: Jesusen gurutzean daukazu biziaren hitza! Gurutze horretatik ematen zaizu San Paulok bigarren irakurgaian aipatu duen Espiritu biziarazlea. Eta Jesus berpiztu zuen Espiritu bera daukanak, Espirituaren bizia biziko du. Eta Espiritu hori sakramentuetan ematen zaizu. Egun batean Bataioan jaso genuen Espiritu huraxe berritzea da kontua! Eta Eukaristiak, Penitentziak eta beste sakramentuek Espirituaren esperientzia biziemailea berriztatu besterik ez dizute egiten.
Nik ez dakit, egia esatea nahi baduzu, zure Garizumak zer nolako argazkia eman dizun zeure buruaz, ez dakit. Baina, Jesu Kristo gure Jaunaren izenean, gonbite bat egin behar dizut: aste santurako falta zaizkigun egun hauetan, begira iezaiozu Gurutzeari. Begira eta kontenpla ezazu Gurutzeari darion barkaziozko eta bizi berrizko bakea. Eta han, begiratzearen begiratzez, ikus ezazu biziaren garaipena. Ikus ezazu nola gaitza eta heriotza atzera egiten hasiak diren. Ikus ezazu zure bokazioa bizirako bokazioa dela. Eta poztu zaitez. Eta pozaren baretasunez, bizi zaitez. Eta bizitzearen askatasunez, sor ezazu bizia zeure inguruan. Kontenplazio bete baten egunetan sartzen gara. Baina Gurutzea barne-gozatzeak ez lituzke ahaztuta utziarazi behar gure gizartearen minak eta ezinak. Hori gurutzetik ihes egitea izango litzateke.
Jesusek Martari egin zion galdera egin behar dizut, entzule adiskide: «Sinesten al duzu hori?». Galdera horri erantzuna emateko egokiera ezin hobea daukazu Eukaristia honetan. Hementxe gureganatzen zaigu Gurutzearen hitz ahaltsua. Jan dezagun bizia eta bizi gaitezen! Eta aurrera egin aurretik, Martak bezala, aitor dezagun gure fede ederra!