URTEAN ZEHAR XXI IGANDEA
Isaias profetaren liburutik 22,19-23
Honela dio Jaunak Sobna-ri, errege-etxeko buruari:
“Kendu egingo zaitut zure lekutik
eta atera zure eginkizunetik.
Egun hartan nire serbitzari Eliakini dei egingo diot,
Alkiasen semeari:
zure soinekoa eta zure gerrikoa jantziko dizkiot,
eta zure aginpidea haren eskutan ipiniko dut;
eta aita izango da Jerusalenen bizi direnentzat
eta Judako etxekoentzat.
Hari ipiniko diot lepotik Dabiden etxeko giltza;
hark irekia, ez du inork itxiko;
hark itxia, ez du inork irekiko.
Ziria egur gogorrean bezala sartuko dut,
bere aitaren etxeari aulki ospetsua emango dio”.
ERANTZUN-SALMOA
137
JAUNARI KANTA, ONA BAITA,
HAIN DU HAUNDIA BERE BETIKO ERRUKIA.
Jauna, bihotz-bihotzez dizkizut eskerrak emango,
nire hitzak entzun dituzulako.
Eresi egingo dizut aingeruen aurrean,
ahuspeztuko naiz zure jauretxe santuan.
Benetan garai da Jauna, umilari dio begiratzen;
harroa, berriz, urrundik du ezagutzen.
Betiko dago, Jauna, zure maitasuna,
ez eskutik utzi zeure eskuz egin duzuna.
San Paulo Apostoluak Erromatarrei 11,33-36
Senideok: Bai handia, Jaungoikoaren esku-zabala, jakinduria eta ezaguera! Bai aztertuezinak Haren erabakiak, eta ezagutuezinak Haren bideak! Nork ezagutu ditu inoiz Jaunaren asmoak? Nor izan da Haren kontsejatzaile? Nork eman dio Berari lehendabizi, Berak gero bihurtzekotan? Harengandik dira gauza guztiak, Haren bidez eta Harentzat. Berari aintza gizaldietan. Amen.
ALELUIA Zu Harria zara;
harri horren gainean eraikiko dut Nik neure Eliza:
eta heriotzaren indarrak ez zaizkio nagusituko. ALELUIA!
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Mateoren liburutik 16,13-20
Aldi hartan, Jesusek, Filipoko Zesarea aldera etorri zelarik, honela galdetu zien bere ikasleei:
- “Gizonaren Semea nor dela dio jendeak?”
Eta haiek: ‘Batzuek, Joan Bataiatzailea dela; beste batzuek, Elias; besteek, Jeremias edo profetaren bat’.
Jesusek orduan: “Eta zuek, nor naizela diozue?”
Eta Simon Pedrok: ‘Zu Mesias zara, Jaungoiko biziaren Semea’.
Jesusek orduan:
- “Zorionekoa zu, Simon, Jonasen semea! Ez haragik, ez odolek, ez bait dizu adierazi hori zuri, zeruan dagoen nire Aitak baizik. Eta horra Nik esan: Zu ‘Harria’ zara; harri horren gainean eraikiko dut Nik nire Eliza; eta heriotzaren indarrak ez zaizkio nagusituko. Zuri emango dizkizut zeruetako erreinuaren giltzak. Eta zuk lurrean lotua, zeruetan ere lotua izango da; eta zuk lurrean askatua, zeruetan ere askatua”.
Orduan, Bera Mesias zenik inori ez esateko agindu zien bere ikasleei.