GURUTZE SANTUAREN GORALPENA –irailak 14
Zenbakien liburutik 21,4-9
Egun haietan, Hor-menditik Itsas-Gorri aldera abiatu ziren ebertarrak, Edongo lurraldea inguratuz. Bidez aspertuta, Jainkoaren eta Moisesen aurka marmarrean hasi ziren: ‘Zertarako atera gaituzu Ejiptotik, basamortuan hiltzeko? Ez da, ez ogirik, ez urik; eta asperturik gaude janari txar honekin’.
Orduan Jaunak pozoi-mihiztodun sugeak bidali zizkion herriari; hauek horzka egiten zieten, eta israeldar asko hil ziren. Herria Moisesengana joan zen eta esan zion: ‘Bekatu egin dugu, Jaunaren eta zure kontra marmar eginez. Ezkaiozu Jaunari ken ditzala sugeak gugandik’.
Egin zuen otoitz Moisesek herriaren alde, eta Jaunak esan zion: “Egizu suge bat, eta ipini haga baten muturrean. Sugeak horzkatuak izan diren guztiak, hari begiratzen badiote, sendatuko dira”. Egin zuen Moisesek tupikizko suge bat eta hagaren muturrean ipini zuen. Sugeren batek inori horzka egiten zionean, tupikizko sugeari begiratzen zion eta sendatu egiten zen.
ERANTZUN-SALMOA
77
KANTA JAUNARI KANTU BERRI,
EGIN BAIT DITU HAINBAT HARRIGARRI.
Entzun irakaskizun hau, ene herria,
nire ahoko hitzetara itzul belarria.
Alegitan zabalduko dut ahoa,
aterako ditut antzinako ezkutuak.
Hiltzen zituenean hasten ziren Haren bila,
berriro Jainkoaren bila.
Gogoan zuten Jainkoa harkaitz zutela,
eta Jainko Goi-goikoa beren askatzailea.
San Paulo Apostoluak Filipoarrei 2,6-11
Kristo Jesusek, Jainkoaren izaera bereko izanik,
ez zion gogor eutsi Jainkoarekin berdin izateari;
bestela baizik, bereaz hustu egin zen,
morroi-izaera hartuz,
eta beste edozein bezala azalduz.
Eta gizon bezala agerturik,
apaldu egin zuen bere burua,
menpeko eginez heriotzaraino,
gurutzeko heriotzaraino.
Horregatik Jainkoak goratu egin zuen,
eta izen guztien gaineko izena eman zion,
Jesusen izenera belaun guztiak makur daitezen,
zeruan, lurrean eta lurpean,
eta mingain guztiek aitor dezaten:
Jesu Kristo Jauna da, Aita Jainkoaren aintzarako.
ALELUIA Gorespen Zuri, Kristo, bedeinkatua Zu,
zure gurutzeaz salbatu bait duzu mundua. ALELUIA!
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 3,13-17
Aldi hartan, honela esan zion Jesusek Nikodemori:
- “Inor ez da zerura igo, zerutik jaitsi zena besterik: Gizonaren Semea. Moisesek basamortuan sugea altxa zuen bezala, hala altxa beharra da Gizonaren Semea; sinesten dion guztiak betiko bizia izan dezan.
Hain maite izan bait du Jaungoikoak mundua, bere Seme bakarra eman dio; Hari sinesten dionik inor gal ez dadin, baizik betiko bizia izan dezan.
Jaungoikoak ez bait du bere Semea, mundua galtzera bidali; baizik Haren bitartez mundua salba dadin”.