JAUNAREN IGOKUNDEA
Apostoluen Eginetatik 1,1-11
Teofilo maite: Nire lehenengo liburuan idatzi nuen, Jesusek hasieratik egin eta erakutsi zuen guztia, Espiritu Santuak eraginda aukeratutako apostoluei aginduak eman ondoren, zeruetara igo zen arte. Jesus, bere nekaldiaren ondoren, agertu zitzaien bere apostoluei, bizirik zegoela argi erakutsiz; eta berrogei egunez azaltzen zitzaiela, Jaungoikoaren erreinuaz hitz egin zien.
Berarekin jaten ari ziren batean, honela esan zien: “Ez zaiteztela atera Jerusalendik. Zaudete han, Aitak hitzeman eta zuek Niri entzundako agintzariaren zain. Joanek urez bataiatu zuen; zuek, ordea, Espiritu Santuaz izango zarete bataiatuak hemendik egun gutxi barru”.
Bildurik zeudenek galdetu zioten: ‘Jauna, orain eraikiko al duzu berritik Israelgo erreinua?’ Eta Jesusek: “Ez dagokizue zuei, Aitak bere esku dauzkan uneak eta garaiak jakitea. Espiritu Santua etorriko zaizuenean, hartuko duzue indar nire aitorle izateko, Jerusalenen, Judea guztian, Samarian eta lurraren azken mugaraino”.
Hori esanik, igo egin zen, haiek begira zeudela; eta hodei batek gorde zuen begien aurretik. Zerura nola zihoan begira-begira zeudela, zuriz jantzitako bi gizon aurkeztu zitzaizkien, eta esan zieten: “Galilearrok, zertan zaudete hor, zerura begira? Zuek utzi eta zerura igo den Jesus hori berriz etorriko da, joaten ikusi duzuen bezala”.
ERANTZUN-SALMOA
46
LUR OSOA,
EGIOZU IRRINTZI JAINKOARI.
Herri guztiok, txalo jo ezazue,
Jainkoari irrintzi egiozue.
Goi-goiko Jauna, izan ere, izugarri,
lurbira osoan errege haundi.
Oihu alaien artean igo da Jainkoa,
turuta-soinuz Jauna.
Eresi Jainkoari, eresi,
eresi gure erregeri, eresi.
San Paulo Apostoluak Efesotarrei 1,17-23
Jesu Kristo gure Jaunaren Jaungoikoak, aintzaren Aitak, eman diezaizuela jakinduriazko eta goi-argizko Espiritua, Bera ezagutzeko. Argi bitza zuen bihotzeko begiak, horrela jakin dezazuen nolakoa den Haren deiaren itxaropena, nolakoak Haren aintzaren aberastasunak, Berak santuei oinordekotzan emanak; nolakoa Haren ahalmenaren haundia, sinesten dugunontzat.
Ahalmen eta indar guzti hori Kristorengan agertu du, Berau hilen artetik biztuaraztean eta zeruan bere eskuin aldean eseraraztean: agintaritza, nagusitza, ahalmen eta jauntasun guztien gainetik, eta nahiz oraingo gizaldian, nahiz gerokoan, aipa daitezkeen izen guztien gainetik eseraraztean. ‘Gauza guztiak oinpean jarri zizkion’ eta Bera, guztien gainetik, buru ezarri dio Elizari. Eliza, berriz, Haren gorputza da, guztietan guztia betetzen duenaren betea.
ALELUIA
Zoazte eta egin ikasleak herrialde guzietatik
-dio Jaunak-
Ni zuekin nauzue egunero,
munduaren azken-egunerarte.
ALELUIA!
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Mateoren Liburutik 28,16-20
Aldi hartan hamaika ikasleak Galileara joan ziren, Jesusek aurrez agindu zien mendira. Hura ikusi zutenean, ahuspez agur egin zioten; batzuk, ordea, zalantzan zeuden. Eta Jesusek, hurbildurik, honela hitzegin zien:
- “Aginpide oso-osoa eman zait Neri zeru-lurretan. Zoazte eta egin ikasleak herrialde guztietatik; bataia itzazue Aitaren, eta Semearen, eta Espiritu Santuaren izenean, eta erakutsi haiei, Nik agindu dizuedan guztia betetzen. Begira, Ni zuekin nauzue egun oro, munduaren azken egunera arte”.