PAZKO ALDIKO VI IGANDEA
Apostoluen Eginetatik 8,5-8.14-17
Egun haietan, Felipe Samariako herrira jaitsi zen, eta Kristoren berri eman zien; guztiek arretaz eta gogo batez hartzen zuten, Felipek esaten zuena; entzuten bait zituzten eta beren begiz ikusten, hark egiten zituen mirariak: etsaidun askorengandik espiritu lohiak ateratzen ziren deiadarka, eta elbarri eta herren asko sendatzen zituen. Horregatik poz haundia izan zen herri hartan.
Jerusalem-en zeuden apostoluak, Samariak Jaungoikoaren hitza onartu zuela entzun zutenean, Pedro eta Joan bidali zituzten haiengana. Eta biok iritsi zirenean, haien alde otoitz egin zuten, Espiritu Santua har zezaten; oraindik ez bait zen haietako inorengana jaitsia; Jesus Jaunaren izenean bataiatuak bakarrik zeuden. Orduan eskuak ezartzen zizkieten, eta Espiritu Santua hartzen zuten.
ERANTZUN-SALMOA
65
LUR OSOA,
EGIOZU IRRINTZI JAINKOARI.
Lur osoa, egiozu irrintzi Jainkoari,
egin eresi Haren izen ederrari,
eman gorespen eder Berari.
Esan Jainkoari: ‘Zuk eginak bai direla harrigarri’.
Ahuspeztu bedi lur osoa zure aurrean eresi eginez,
zure izenari eresi eginez.
Zatozte eta ikus Jainkoaren lanak,
harritzeko dira-eta gizakiengatik egin dituenak.
San Pedro Apostoluaren epistolatik 1 Pe 3,15-18
Senide maiteok: Gora ezazue Jauna, Kristo, zuen bihotzetan, eta prest egon beti zuen itxaropenaren arrazoi-bidea emateko, eskatzen dizueten guztiei; baina era onean eta begirunez, barrena garbi duzuela. Horrela, zuen kontra esaten dutena, lotsagarri gerta dakien, zuen kristau jokabide ona itsusten dutenei. Hobe da, Jaungoikoak hala nahi badu, ongi eginez nekeak izatea, gaizki eginez baino.
Kristok ere heriotzea jasan zuen bekatuengatik behin betiko –Zintzoak, zintzo ez direnengatik–, gu Jaungoikoarengana eramateko. Heriotzea jasan zuen bere gorputzean, baina bizia hartu zuen berriro Espirituarengatik.
ALELUIA Ni maite nauenak,
beteko du nere hitza -dio Jaunak-;
nere Aitak maiteko du,
eta harengana etorriko gara. ALELUIA!
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Joanen liburutik 14,15-21
Aldi hartan honela esan zien Jesusek bere ikasleei:
- “Maite banauzue, beteko dituzue nere aginduak. Eta eskatuko diot Nik Aitari, eta emango dizue beste laguntzaile bat, beti zuekin egon dadin: egiaren Espiritua; munduak ez dezake har, ez bait du ez ikusten, ez ezagutzen; zuek bai, ezagutzen duzue, zuekin bizi bait da, eta zuen artean bait dago.
Ez zaituztet umezurtz utziko, etorriko natzaizue; laister munduak ez nau ikusiko; zuek bai, ikusiko nauzue eta biziko zarete, Ni bizi bait naiz. Egun hartan ezagutuko duzue, Ni Aitarengan nagoela, eta zuek Neregan eta Ni zuengan. Nere aginduak hartu eta betetzen dituena, hori da Ni maite nauena; eta Ni maite nauena, maiteko du nere Aitak, eta Nik ere maiteko dut eta agertuko natzaio”.