JAUNAREN AURKEZPENA -otsailak 2
Kandelen bedeinkapena eta elizbira
Antifona
Ba dator gure Jauna bere indarrez: Berak argituko ditu bere morroien begiak. Aleluia.
Oharpena
Senide maiteok: Orain berrogei egun, pozaren pozez ospatu genuen Jaunaren Jaiotza-eguna. Gaur, berriz, Jesus elizara eraman zuteneko eguna dugu; Jesus aurkeztean, itxuraz, legea betetzea besterik ez zuten egiten; baina egiaz fededunen herriari bidera zetorkion Jesus. Espiritu Santuak erakarririk, han zeuden elizan Simeon eta Ana zoriontsuak; eta Espiritu berak argituta, haur txiki harengan Jauna ezagutu zuten, eta pozik zabaldu zuten Haren berria. Gu ere, Espiritu Santuak bilduta, goazen Jaunaren etxera, Kristoren bidera. Ogia zatitzean aurkitu eta ezagutuko dugu Bera, berriro aintzaz agertuko zaigun arte.
Bedeinkapen otoitza
Jainko Jauna, argi guztien iturri eta egile,
herrialde guztien argia den Kristo
erakutsi zenion gaurko egunez Simeon zintzoari:
santu egizkizu kandela hauek zure + bedeinkapenez;
entzun zure herriaren eskariak, argiak eskuetan ditugula
zure izena goresteko hemen bildu garenok
bide honetatik ibil gaitezela, betiko argira iritsi gaitezen.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. AMEN.
Sarrerako antifona
Gogoratzen dugu, Jainko, zure maitasuna, zure jauretxe erdian. Zure izena bezala, Jainko, zure gorespena iristen da lurraren bazterrera: zure eskuina zuzentasunez dago betea.
Kolekta otoitza
Jainko ahalguztidun betierekoa;
zure Seme bakarra, gurea bezalako giza izatez jantzirik,
aurkeztua izan zen Jerusalengo jauretxean;
egizu, gu ere bihotzez garbi
aurkeztuak izan gaitezela zure aurrean.
Zure Seme Jesu Kristo ... AMEN.
Malakias profetaren liburutik 3,1-4
Honela mintzo da Jaungoiko Jauna:
“Begira, hor bidaltzen dut Nik
nire mezularia nere aurretik,
bidea prestatzera.
Berehala etorriko da santutegira
zuek bila zabiltzaten Jauna,
eta zuek irrikatzen duzuen
elkargo-mezularia.
Horra non datorren
–dio diren guztien Jaunak–.
Nork jasan haren etorrera-eguna?
Nor zutik egon, Hura etortzen denean?
Urtzailearen sua bezala izango da,
lixibagilearen zurigarria bezala;
zilarra garbitzen duen
urtzailea bezala ariko da;
zilarra eta urrea bezala
garbituko ditu Lebiren semeak;
eta behar bezala eskainiko diote
oparia Jaunari.
Orduan atsegin izango zaio Jaunari
Judako eta Jerusalengo oparia,
lehengo urteetan bezala”.
ERANTZUN-SALMOA
23
JAUNA DA GURE SALBATZAILEA,
GURE INDARRA ETA BAKEA.
Ateburuak, gora zaitezte,
aspaldiko ateak, luza zaitezte,
Errege ospetsua sar dadin.
Nor da Errege ospetsu hori?
Jaun indartsu eta ahaltsua,
guduan Jaun ahaltsua.
Ebertarrei egindako epistolatik 2,14-18
Familia berekoak odol eta haragi bat-bera dute; eta Jesusek ere gure odola eta haragia hartu zituen, bere heriotzaz heriotzaren nagusia, deabrua, ezerezteko, eta heriotza-beldurrez bizitza guztian morroi zeudenak askatzeko. Eta bere eskua luzatu die, ez aingeruei, Abrahanen jatorriari baizik. Horregatik, gauza guztietan senideen antzeko izan behar zuen, errukior izan zedin eta Jainkoarenganako gauzetan apaiz nagusi leial, herriaren bekatuak ordaintzeko. Berak, tentaldiak eta oinazeak izan zituelako, lagun diezaieke tentaldian daudenei.
ALELUIA Atzerriak argitzeko argia
eta zure herri Israelen edergarria. ALELUIA!
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 2,22-40
Aldi hartan, Mariarentzat, Moisesen Legearen arauera, garbikundeko egunak bete zirenean, gurasoek Jerusalena eraman zuten Jesus, Jaunari aurkezteko (Jaunaren Legean idatzirik bait dago: Lehen-semea Jaunari eskainia izango da), eta opari egiteko (Jaunaren Legeak agintzen duen eran: Bi usapal edo bi usakume).
Simeon izeneko gizon bat bizi zen orduan Jerusalenen, gizon zintzo eta jainkozalea, Israelen poza itxadoten zuena, eta Espiritu Santua berekin zuena. Espiritu Santuak adierazi zion ez zuela heriotzarik ikusiko, Jaunaren Mesias ikusi arte. Eta Espiritu Santuak eraginda jauretxera joan zen. Gurasoek Jesus eraman zutenean, Legeak agindua Harekin betetzera, hartu zuen Simeonek haurra besoetan eta Jaungoikoa bedeinkatu zuen, esanez:
‘Orain utz dezakezu, Jauna, morroi hau bakean joaten, Zeuk hitzeman bezala. Ikusi bait dute nere begiok Zuregandiko salbamena, herri guztien aurrean ipini duzuna: Atzerriak argitzeko argia, eta zure herri Israelen edergarria’.
[Haurraren aitamak harriturik zeuden, haurrarengatik esaten zirenekin. Eta Simeonek bedeinkatu zituen, eta haurraren ama Mariari esan zion:
- ‘Begira, israeldar asko erortzeko eta beste asko altxatzeko ipinia dago hau; eta eztabaida sortzen duen ezaugarri izango da, horrela bihotz askotako asmoak argitan ager daitezen; eta zerorri ezpata batek aldez alde zulatuko dizu arima’.
105
Ba zen emakume profeta bat, Ana zeritzana, Fanuelen alaba, Aserren jatorrikoa. Adin haundikoa zen; gazte-gazterik ezkondua, zazpi urtez senarrarekin bizi izan zen, eta orain ba zituen larogeitalau urte, eta alargun zegoen. Gau eta egun jauretxean zegoen, barau eta otoitz, Jaungoikoa serbitzatzen. Ordu hartan han gertatu zen, eta Jaungoikoa goresten eta haurraz mintzatzen hasi zitzaien Israelgo askatasunaren zain zeuden guztiei.
Dena Jaungoikoaren Legeak agintzen duen bezala bete zutenean, Galileara itzuli ziren, beren herri Nazareta. Haurra hazten eta indartzen ari zen, eta jakinduriaz betetzen; eta Jaungoikoaren grazia Harekin zegoen].
Oparigaien otoitza
Atsegin dakizula, Jauna,
Elizak pozik egiten dizun eskaintza,
Zuk nahi izan bait duzu
zeure Seme maitea bildots garbi Zuri eskainia izatea
munduaren bizirako.
Errege bizi baita gizaldi eta gizaldietan. AMEN.
Prefazioa
Egoki da, bai, eta zuzen
nonahi eta beti Zuri eskerrak ematea,
Jauna, Aita guztiz santu,
Jaungoiko ahalguztidun betiereko Horri.
Zure betiko Semea
gaurko egunez eskainia izan zen jauretxean,
eta Espiritu Santuak adierazi zuen
Berau zela Israelen edergarria eta atzerrien argia.
Horregatik, pozez beterik
Zuk bidalitako Salbatzailearen bidera goazela,
aingeru eta santu guztiekin goresten zaitugu,
beti eta beti abesten dizugula:
Jaunartze-antifona
Ikusi dute nere begiok Zugandiko salbamena, herri guztien aurrean ipini duzuna.
Jaunartze ondorengo otoitza
Simeonen itxaropena bete duzun Jauna, emaiguzu, Eukaristia honi esker, zure graziaren betea; eta egizu, hark, hil aurretik, Kristo besoetan hartzeko poza izan zuen bezala, guk ere, Jaunaren bidera goazenok, betiko bizia iritsi dezagula. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. AMEN.
Liturgia lagungarriak (Iñaki Beristain)
Gaur jai berezia ospatzen dugu liturgian. Jesus Tenpluan aurkeztua izan zeneko jaia. Herri-mailan «Kandelaria-eguna» deitu ohi diogu. Alderdi asko eta aberatsak gordetzen ditu bere barnean gaurko jaiak. Baina nik, gaurko idaztitxoan, bat aipatu eta sakondu nahi nuke. Eta hauxe da: nola topo egiten duten Simeon zaharrak eta Jesusek, itxaropenak eta argiak, Itun zaharrak eta berriak. «Argiaren festa» ere deitu izan zaio gaurko jai honi, eta halaxe da! Itxaro zuenak itxaro zuena aurkitzen du, eta horrek sekulako poza sortzen du. Argiak poztu egiten du!
Gaurko ebanjelioan ageri den Simeon zaharra, zain egoten zahartu den gizakia da. Bihotzak zerbait gehiagoren promesa egiten zion. Egunero igotzen zen Tenplura, bai baitzekien bere besoek egunen batean besarkatu behar zutela espero zuena. Bizitza itxaropena da. Bihotzak barru-barrutik beti gehiago espero eta nahi baitu. Barruko amets handien eta begietako itxaropen gordeen historia da gure historia. Gure barruari ase-ezina gailentzen zaio beti. Ez baikaude edozerekin eta nolanahi asetzeko eginak. Gure eguneroko mugen artean, mugarik ez duena desio dugu. Eta horrek eusten digu eguneroko amets berrien poderioz.
Barruak gehiago eskatzen digula, alde guztietatik antzematen zaigu. Gure aurpegiko zimur bakoitzak, amets ezinezkoen erretena erakusten du. Gure begirada lausotuari, nahi eta ezinaren kolore arrea nabaritzen zaio. Gure hitzetan, amets hautsien etsipena aletzen dugu. Baina gure barruak badu zerbait, etsitzen uzten ez diona. Amets asko hautsi baldin bazaigu ere, ametsari eutsi egiten diogu. Esperantzak su gehiegi du, amets batean edo bitan itzaltzeko. Eta beti pizten zaigu argi bat, handik ez bada hemendik. Beti esnatzen gara itxaropen berrietara. Gau guztiek bai baitute egunsentia.
Txarra, amets hori itotzea da. Frustraziora ohitzea. Amets berrien iturria agortzea. Itxaropenari izanbideak etetea. Eta gaur jende askotxo dago ezer berririk espero ez duena. Esku artean daukana, eta kitto! Eta horrelakoen historia benetan iluna gertatzen da: gauzak pilatzea, dirua inguratzea, etxe dotorea, erosotasuna, lanpostu gero eta hobea... Ez daukate bestelako ezeren egarririk. Eduki, edukiko dituzte barruan egarri eta amets sakonagoak ere; baina ito egin dituzte. Esperantzarik gabeko gizon eta emakume bihurtuta dabiltza. Eta barruko frustrazioaren hutsunea, gauzez estali nahi izaten dute. Baina, jakina!, barruko hutsa ere islatu egiten da aurpegian.
«Ikusi dute nire begiok Zugandiko salbamena. Atzerriak argitzeko argia». Simeon zaharrak argia ikusi du, eta ez du besterik ezer behar. Hiltzeko ere bapo gelditu da, argiak bete baitio barrua. Gure gizarte honek asmatuko ote du gizaki bakoitzaren barruan amets handiak pizten? Edo gutxienez, asmatuko ote dugu, ametsen kontrako borroka ez egiten? Errespetatuko ote dugu giza bihotzaren gehiago-nahia? Gure gazteek berreskuratuko ote dute guk ito diegun etorkizunaren ametsa? Asmatuko ote dugu gizarte materialista honi arima txertatzen?
Gaur kandela eskuetan hartu eta Jesus giza bihotzarentzako argitzat aitortzean, itxaropenean bizitzeko desafioa egingo diot neure buruari. Batzuek esaten dute ez dagoela beti itxaropenean bizitzerik. Eta, horren harian, eskuz uki daitezkeen gauzez konformatzen ikasi dute. Nik diot, ez dagoela uki daitezkeen gauzen lilura hutsez bizitzerik. Eta, horren harian, beti gehiagoren esperantzari eutsiko diot. Ametsa ez dut kateatuko. Itxaropena ez dut itoko.
Simeon zaharrak bezala, egunero jasoko dut nire bihotza esperantzaren gainera. Eta ametsez begiratuko dut, ea zerbait berririk sortzen ari zaidan nire bizitzan. Eta seguru nago, argia piztuko zaidala handik edo hemendik. Eta argiak itxaropen berri baterako indarra emango dit egunero. Itxaropenak pozaren indarra behar baitu. Argiak pozten gaitu!