URTEAN ZEHAR XIX IGANDEA
Erregeen liburutik 1Erg 19,9a.11-13a
Egun haietan, Elias Horeba, Jaungoikoaren mendira etorri, eta hango haitzulo batean sartu zen. Jaunak honela esan zion:
- “Atera, eta zaude mendian, Jaunaren aurrean; Jauna igaroko baita”.
Hara, Haren aurretik haize zakar haundi bat igaro zen, mendiak urratzen eta harkaitzak porrokatzen zituela; baina Jauna ez zegoen haizean. Haizearen ondoren, lurrikara; baina Jauna ez zegoen lurrikaran. Lurrikararen ondoren, sua; baina Jauna ez zegoen suan. Suaren ondoren, haize goxoaren zuzmurra.
Hura entzun orduko, aurpegia soin-gainekoz estali zuen Eliasek; atera eta zutik gelditu zen haitzuloaren aurrean.
ERANTZUN-SALMOA
84
JAUNA, ZURE ONGINAHIA ERAKUS IEZAIGUZU;
ZURE SALBAMENA EMAIGUZU.
Entzungo dut Jainko Jaunak dioen hitza:
“Bakezkoa da Jainkoaren hitza”.
Hurbil zaie Haren beldur direnei salbamena:
gure lurrean Haren aintza biziko da.
Onginahia eta leialtasuna elkarren bidera aterako dira,
zuzentasuna eta bakea laztanka biziko dira.
Lurretik erneko da leialtasuna,
zerutik begira egongo zuzentasuna.
San Paulo Apostoluak Erromatarrei 9,1-5
Senideok: Kristau naizenez egia esan behar dut; Nire barruak, Espiritu Santuak argituta, esaten dit ez diodala gezurrik. Handia da nire atsekabea; etengabea, nere bihotzaren mina.
Anatema, Kristorengandik aldendua, izan nahi nuke nik, haragi aldetik nire senide eta senitarteko direnen alde. Israeldarrak dira hauek; eta beroiek dituzte semetzakoa, aintza, elkargoa, Legea, gurtza eta agintzariak. Haienak dira Aitalehenak, haiengadik dator, haragi-aldetik, Kristo: gauza guztien gainetik dagoena, Jaungoiko bedeinkatua gizaldietan. Amen.
ALELUIA Jaunagan itxaroten nago,
nire barrena Haren hitzaren zain dago. ALELUIA!
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Mateoren liburutik 14,22-33
Aldi hartan, jendea ase zenean, Jesusek ikasleak ontzian sar erazi zituen, itsasoaz beste aldera joan zitezen bere aurretik, Berak jendea bidali bitartean. Jendea bidali zuenean, mendira igo zen Bera bakarrik, otoitz egitera; eta, ilundu zuenean, han zegoen bakar-bakarrik. Ordurako, ontzia lehorretik oso urruti zihoan, olatuek astinduta, haizea aurretik zuten-eta. Goiz aldera, Jesus ur gainean oinez hurbildu zitzaien. Ikasleak, ur gainean zebilela ikusi zutenean, ikaratu ziren eta honela zioten:
- ‘Mamuren bat da!’
Eta beldurraren beldurrez deiadarka hasi ziren. Jesus berehala mintzatu zitzaien:
- “Izan bihotz! Ni naiz; ez izan beldurrik!”
Orduan Pedrok erantzun:
- ‘Jauna, Zu baldin bazara, agindu iezadazu, Zuregana joateko ur gainean’.
Jesuek esan zion: “Zatoz!”
Pedro ontzitik atera eta ur gainean zebilen; eta Jesusengana zihoan. Baina haize zakarra zela ikusirik, beldurtu egin zen; urperatzen hasi zen eta deiadar egin zuen:
- ‘Jauna, salba nazazu!’
Berehala Jesusek, eskua luzaturik, hartu zuen, eta esan zion:
- “Sinesmen gutxiko gizona! Zergatik hasi zara zalantzan?”
Ontzira igo zirenean, haizea gelditu zen; eta ontzian zeudenak ahuspez jarri ziren Jesusen aurrean, esanez:
-‘Egiaz Jaungoikoaren Semea zara Zu!’