URTEAN ZEHAR XXXI IGANDEA
Malakias profetaren liburutik 1,14b-2,2a.8-10
Ni naiz Errege Haundia –dio diren guztien Jaunak–,
eta nire izena beldurgarria da herrialdeetan.
Orain, apaizok, zuentzako da agindu hau:
Ez baduzue entzun nahi, eta ez baduzue ajolarik
nire izenari aintza emateko,
–dio diren guztien Jaunak–,
nere madarikapena bidaliko dut zuen gainera.
Atera egin zarete bidetik,
eta oztopo eginarazi diozue askori Legean;
hautsi egin duzue Lebiren elkartea,
–dio diren guztien Jaunak–.
Horregatik iguingarri egingo zaituztet eta zirtzil
herri guztiaren aurrean,
zuek nere bideei eutsi ez diezuelako,
eta Legeari buruz alderdikeriak egin dituzuelako,
nor zein den begiratuz.
Ez al dugu guztiok Aita bera?
Ez al gaitu Jaun berak egin?
Zergatik dabiltza, beraz, gizonak elkar saltzen,
gure gurasoen elkargoa lohituz?”
ERANTZUN-SALMOA
130
EZ EGON, JAUNA, NIGANDIK URRUN;
ZUREA NAUZU, ZATOZKIT LAGUN.
Jauna, nere bihotz hau ez dago harro,
begiak ez dauzkat behar baino gorago.
Ez nabil gauza handien atzetik,
ni baino gorago dauden harrigarrien atzetik.
Ostera, bil-bil egin naiz neuregan,
arimaren bakean,
haurtxoa bezala amaren altzoan;
haurtxoa bezala baita nere arima nere baitan.
San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei 1 Ts 2,7b-9.13
Senideok: Apal agertu ginen zuen artean, bere haurrak maiteki zaintzen dituen ama bezala. Zuen maitez, ez Ebanjelioa bakarrik, baita geure bizia ere zuei emateko prest geunden; hainbesteraino maite zintuztegun. Gogoan izan gure neke eta ahaleginak: zuetako inorentzat astun ez izateagtik, gau eta egun lan eginez adierazi genizuen Jaungoikoaren berri ona.
Gu ere, Jaungoikoari beti eskerrak ematen ari gara; bere hitza gure ahotik hartu zenutenean, ez bait zenuten gizonen hitza bezala hartu, baizik-eta egiaz denez, Jainkoaren hitza bezala, zuengan –sinesten duzuenongan– ari dena.
ALELUIA Bakarra da zuen Aita: zerukoa;
eta bakarra zuen zuzendaria: Kristo. ALELUIA!
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 23,1-12
Aldi hartan, Jesus honela mintzatu zitzaien gizataldeari eta bere ikasleei:
- “Idazlariak eta farisearrak Moisesen maisu-aulkian eseri dira. Egizue, beraz, eta bete, haiek esandako guztia; baina ez egin, haiek egiten dutenik; esan, esaten bait dute; baina egin ez.
Zama astun eta eraman-ezin halakoak egiten dituzte, eta besteren bizkarrean jarri; beraiek, ordea, behatz batez ere heldu ez. Egiten duten guztia, jendeak ikusteagatik egiten dute; uhal-zirrinda luzeak erabiltzen dituzte, eta soinekoetan galartzu zabalak. Afarietan lehenengo jarlekuak, eta sinagogetan aurreneko aulkiak nahi izaten dituzte, eta enparantzetan agurrak; eta jendeak ‘maisu’ deitzea.
Zuek, ordea, ez utzi inori ‘maisu’ izenik zuei ematen; bakarra bait da zuen maisua, eta zuek guztiok elkarren senide zarete. Eta zuen artean ez eman inori ‘aita’ izenik lur gainean; bakarra bait da zuen Aita: zerukoa. Ez eman zeuen buruari ‘zuzendari’ izenik; bakarra bait da zuen zuzendaria: Kristo. Zuetan haundiena dena, izan bedi zuen serbitzari. Bere burua goratzen duena, beheratua izango da; eta bere burua beheratzen duena, goratua”.