SANTIAGO -uztailak 25
Apostoluen Eginetatik 4,33; 5,12.27-33; 12,2
Egun haietan, apostoluek kementsu ematen zuten Jesus Jaunaren Biztueraren aitormena, eta guztiek oso ongi ikusiak ziren. Apostoluen eskuz herrian mirari eta harrigarri asko egiten zen. Batzarre Nagusiaren aurrera ekarri zituzten apostoluak, eta apaiz nagusiak galdetu zien:
- ‘Ez al genizuen zorrotz agindu, Horren izenean ez erakusteko? Zuek, berriz, Jerusalem osoa bete duzue zuen erakutsiz, eta gizon horren odolaren erantzukizuna guri ezarri nahi diguzue’.
Pedrok eta apostoluek erantzun zuten:
- ‘Jaungoikoaren esana egin behar da aurrena, ez gizonena. Gure arbasoen Jaungoikoak biztu egin zuen, zuek habetik zintzilik hil zenuten Jesus. Jaungoikoak goratu egin du bere eskuinez, eta Buruzagi eta Salbatzaile egin, Israeli bihotzberritzea eta bekatuen barkamena emateko. Gu gara gauza hauen testigu, baita Jaungoikoak bere esana egiten dutenei ematen dien Espiritu Santua ere’.
Erantzun honek haserretu zituen biziro batzarrekoak, eta haiek hiltzea erabaki zuten.
Eta Herodes erregeak Joanen anaia Santiagori ezpataz lepoa moztu zion.
ERANTZUN-SALMOA
125
MALKOZ EREIN BAZUTEN,
POZEZ BILDUKO DUTE.
Jaunak Siongo atxilotuak erakartzean,
bageunden amets antzean.
Orduan bete zitzaigun ahoa barrez,
gure mihia goratzarrez.
Atzerrietan, orduan, esan zuten:
‘Jauna haundikiro jokatua dute’.
Gurekin haundikiro jokatu da Jauna:
Hau da poza daukaguna!
San Paulo Apostoluak Korintoarrei 2 Kor 4,7-15
Senideok: Ondasun hau buztinezko ontzitan darabilgu, honenbesteko indarra Jaungoikoarengandik dela ager dadin, eta ez guregandik. Alde guztietatik estutzen gaituzte, baina ez itotzen: larri gaude, baina ez etsita; erasopean bai, baina ez eskutik utzita; lurrera botatzen gaituzte, baina ez hiltzen. Nonnahi eta beti Jesusen heriotza daramagu gorputzean, Jesusen bizia ere gure gorputzean ager dadin. Bizi garen bitartean, beti heriotzara eramaten gaituzte Jesusengatik; Jesusen bizia ere ager dadin gure izate hilkor honetan. Horrela guregan heriotza ari da; zuengan, berriz, bizia.
Liburu Santuak honela dio: ‘Sinetsi dut, eta horregatik hitzegin dut’. Eta guk ere sinesmen-espiritu bera dugularik, sinesten dugu, eta horregatik hitz egiten dugu; jakinik, Jesus Jauna piztu duenak Berak piztuko gaituela gu ere Jesusekin eta bere ondoan ipiniko zuekin batera. Hau guztia zuen onerako da; graziadunak ugaritzen direlarik, haien esker ona ere ugariago izan dadin Jaungoikoaren aintzarako.
ALELUIA Gure Elizaren izar dirdaitsu, Santiago apostolua:
zure gorputza bakean dago;
zure aintza gure artean bizi da. ALELUIA!
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Mateoren liburutik 20,20-28
Aldi hartan, zebedeotarren ama hurbildu zitzaion Jesusi bere semeekin, eta aurrean ahuspeztu, eskabide bat egiteko.
Jesusek galdetu zion:
- “Zer nahi duzu?”
Eta berak:
- ‘Eser eraz ditzazula nire bi seme hauek, bata zure eskuinetan eta bestea zure ezkerretan, zure erreinuan’.
Eta Jesusek:
- “Ez dakizue zer eskatzen duzuen. Gauza al zarete zuek, Nik edango dudan kaliza edateko?”
Haiek:
- ‘Bai, gauza gara’.
Berak orduan:
- “Nire kaliza edan, bai, edango duzue; baina nire ezker-eskuin esertze hori, ez dago nire esku inori ematea; hori nire Aitak erabakitzen duen haientzat da”.
Beste hamarrak, hori entzutean, biziro haserre jarri ziren bi anaiekin. Jesusek, berriz, Beregana bilduta, esan zien:
- “Ba dakizue, herrietako agintariek gogor hartzen dutela menpean herria, eta haundikiek azpian hartzen dutela. Ez bedi izan horrela zuen artean; baizik, zuen artean haundi izan nahi duena, bego zuen serbitzari; eta zuen artean lehenengo izan nahi duena, bego zuen menpeko. Gizonaren Semea ere ez bait da etorri besteen serbitzuak hartzera, besteak serbitzatzera baizik, eta bere bizia askoren erospen-sari ematera”.