PENTEKOSTE-IGANDEA, Eguneko Eukaristia
Sarrerako antifona
Jaunaren Espirituak beterik dauka lurra; eta guztia batean daukanak ba du mintzo guztien berri. Aleluia.
Kolekta otoitza
Pentekoste-misterioaren bidez, Jauna,
herri eta jendalde guztietan santutzen duzu zeure Eliza;
isur itzazu Espiritu Santuaren dohainak
mundu zabalaren gainera,
eta berri ezazu orain fededunen bihotzetan,
Ebanjelio-zabaltzearen hasieran
errukiz egin zenituen mirariak.
Zure Seme Jesu Kristo... AMEN.
Apostoluen Eginetatik 2,1-11
Iritsi zen Pentekostes eguna, eta ikasle guztiak elkarrekin leku berean bildurik zeuden; bat-batean, zerutik hots bat etorri zen, haize-bolada indartsu batena bezalakoa, eta haiek zeuden etxe dena bete zuen. Suzkoak bezalako mihi batzuk agertu zitzaizkien; banatu ziren hauek eta bakoitzaren gainean gelditu. Guztiak Espiritu Santuaz bete ziren eta hizkuntza arrotzetan mintzatzen hasi, bakoitzari Espirituak ematen zion bezala.
Bazen egun haietan Jerusalenen judutar jainkozalerik asko, zerupean diren herri guztietakoak. Hots hura entzun zenean, jendetza haundia bildu zen eta harriturik gelditu, norberaren hizkuntzan mintzo zirela entzunda. Harri eta zur eginik, honela zioten:
- ‘Ez al dira, bada, galilearrak, hizketan ari diren guzti horiek? Nola entzuten diegu, bada, bakoitzak geure jatorriko hizkuntzan? Gure artean badaude partiarrak, mediarrak, elamdarrak; badaude Mesopotamian, Judean, Kapadozian, Ponton, Asian, Frigian, Panfilian, Ejipton eta Zirene ondoko Libian bizi direnak; badaude erromatarrak, judutarrak eta proselitoak, greziarrak eta arabiarrak; eta denok gure hizkuntzan entzuten diegu Jaungoikoaren mirariak adierazten’.
ERANTZUN-SALMOA
103
ZURE ARNASA BIDAL GUGANA,
TA LUR-AZALA BERRITU, JAUNA.
Ene arima, goretsazu Jauna!
Guztiz haundi zaitut, Jauna, ene Jainkoa!
Bai ugari direla, Jauna, Zuk eginak,
zuhurtasunez eginak zeharo,
lurra zure sorkariz betea dago!
Aurpegia gordetzen baduzu, ikara dira,
arnasa kentzen badiezu, hiltzen,
beren hautsetara bihurtzen.
Zure arnasa bidaltzen baduzu,
izatea ematen diezu;
lur-azala berriarazten duzu.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei 1 Ko 12,3-7;12-13
Senideok: Ezin dezake inork esan: ‘Jauna da Jesus!’ Espiritu Santuak eraginez izan ezik.
Era askotakoak dira dohainak, baina bat-bera Espiritua; era askotakoak serbitzuak, baina bat-bera Jauna; era askotakoak eginbideak, baina bat-bera guztiengan dena egiten duen Jaungoikoa. Bakoitzari guztien onerako ematen zaio Espirituaren agerpena.
Gorputza bat izanik ere, atal asko dituen bezala, eta gorputzeko atal guztiak, asko izanik ere, gorputz bat diren bezala, berdin Kristo ere. Gu guztiok –judutar nahiz greziar, menpeko nahiz askatu– Espiritu berberarengan bataiatuak izan gara, gorputz bat bakarra izateko. Eta guztiok Espiritu bakarretik edan dugu.
SEKUENTZIA
1. Zatoz, bai, Gogo Guren eta bidal zerutik zure argi izpia. Zatoz, gaisoen aita, zatoz, dohain emaile zatoz, bihotzen argi. |
2. Poz-emaile bikaina etxelagun atsegin, sargorian haize pin. Lan artean atseden, nekean aringarri, malkoetan pozgarri. |
3. Bete, argi dohatsu, zintzoen bihotzeko zirrikiturik barnena. Zure laguntza gabe ez du gizonak ezer, ez du ezer on denik. |
4. Garbi, zikin dagoena, |
5. Zugan uste on duten |
ALELUIA Zatoz, Espiritu Santu!
Bete itzazu zure fededunen bihotzak,
eta biztu haiengan zure maitesua. ALELUIA!
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Joanen liburutik 20,19-23
Astearen lehenengo eguneko ilunabarrean, etxe batetan bildurik zeuden ikasleak, ateak itxita, judutarren beldurrez. Sartu zen Jesus eta, haien erdian zutik, esan zien:
- “Bakea zuekin”.
Hori esanda, eskuak eta saihetsa erakutsi zizkien. Eta ikasleak pozez beterik gelditu ziren, Jauna ikustean.
Jesusek berriro:
- “Bakea zuekin. Aitak Ni bidali nauen bezala, Nik ere bidaltzen zaituztet zuek”.
Eta hori esanez, haizeman zuen haien gainera, eta esan zien:
- “Har ezazue Espiritu Santua: zuek bekatuak barkatzen dizkiezuenei, barkatuak gelditzen zaizkie; eta lotzen dizkiezuenei, lotuak gelditzen zaizkie”.