LETRANGO ELIZA SAGARATZEA –azaroak 9
(Irakurgaiak Elizaren sagaratzearen betikotik aukeratzen dira)
Ezekiel profetaren liburutik 47,1-2.8-9.12
Egun haietan, jauretxeko atarira eraman ninduen berriro aingeruak; jauretxeko ate-azpitik ura zerion sortalderantz; jauretxea sortalderantz begira zegoen. Ura, berriz, jauretxearen eskuin-aldetik jaisten zen, aldarearen hego aldera. Ipar aldeko atetik aterarazi ninduen, eta etxe inguruan barrena eguzki-aldera begira zegoen ateraino eraman. Eta han ere eskuin-aldetik zihoan ura. Eta honela esan zidan: “Ur hau sortalderantz dihoa; eta Araba-ibaira jaitsi eta ur-usteleko itsasoan sartuko da, eta itsasoko urak garbitu egingo ditu. Ibai hori noranahi sartzen dela, hango uretako bizidun guztiak biziko dira, eta arrainak ugari izango dira; ur hau hara sartuz gero, itsasoak garbitu egingo dira; eta ibaia sartzen den toki guztietan bizia izango da. Ibai-ondoan, haren bazter bietan, mota guztietako zuhaitz fruitudunak haziko dira; haien hostorik ez da eroriko, ez zaie fruiturik bukatuko ere. Hilero fruitu berriak emango dituzte, horko urak santutegitik sortzen bait dira. Eta fruitu horiek janari izango dira, eta hostoak sendagai”.
ERANTZUN-SALMOA
45
KANTA JAUNARI KANTU BERRI,
EGIN BAIT DITU HAINBAT HARRIGARRI.
Jainkoa dugu gordeleku eta indar,
Hura atera zaigu estualdian laguntzaile azkar.
Horregatik ez gara beldurtuko lurra bada dardaratzen,
nahiz mendiak itsaserdira erortzen.
Ibai-besangek alaitzen dute Jainko-hiria,
Goigoikoaren bizileku guztiz santua.
Jainkoa dauka erdian, ez da kolokatuko,
argi-txintarekin Jainkoak du lagunduko.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei 1 Kor 3,9b-11.16-17
Senideok: Zuek Jaungoikoaren etxe zarete. Jainkoak eman didan graziaren arauera, nik oinarriak ipini ditut, etxegile trebe bezala; eta beste batek eraikitzen du etxea. Ikus beza bakoitzak, nola eraikitzen duen. Ipinita dagoen oinarriaz besterik, ez dezake inork ipini, eta oinarri hori Jesu Kristo da.
Ez al dakizue, Jaungoikoaren etxe zaretela eta Jaungoikoaren Espiritua zuengan bizi dela? Jaungoikoaren etxea hondatzen duena, Jaungoikoak hondatu egingo du. Jaungoikoaren etxea santua bait da: etxe hori, berriz, zuek zarete.
ALELUIA Leku hau aukeratu dut eta sagaratu -dio Jaunak-
eta nere izena hemen egongo da beti zuekin. ALELUIA!
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Joanen liburutik 2,13-22
Judutarren Bazkoa hurbil zegoen, eta Jesus Jerusalena igo zen. Jauretxean idi, ardi eta uso-saltzaileak aurkitu zituen, eta dirulariak eserita. Zigor bat lokarriz egin eta jauretxetik bota zituen denak, ardi eta idiekin, diruak sakabanatuz eta mahaiak irauliz. Eta uso-saltzaileei honela esan zien: “Ken horiek hortik! Ez bihurtu azoka-etxe nere Aitaren etxea”.
Eta ikasleak, idatzirik dagoenaz gogoratu ziren: ‘Zure etxearekiko maiteminak jango nau’.
Orduan judutarrek, tartetik sartuta, esan zioten: ‘Zer ezaugarri ematen diguzu, hori egiteko?’
Eta Jesusek: “Xeha ezazue jauretxe hau, eta hiru egun barru jasoko dut”.
Judutarrek erantzun zioten:
- ‘Berrogeitasei urte behar izan ziren jauretxe hau egiteko, eta Zuk hiru egunetan jaso?’
Baina Jesusek bere gorputzaren jauretxea esan nahi zien. Hilen artetik berbiztu zenean gogoratu ziren ikasleak honetaz, eta sinetsi zuten Liburu Santuak eta Jesusek esandako hitza.