ANDRE MARIAREN ZERURATZEA -abuztuak 15
Apokalipsis liburutik 11,19a;12,1.3-6a,10ab.
Ireki zen, zeruan dagoen Jaungoikoaren etxea, eta Haren barruan elkargo-kutxa agertu zen. Ikusgarri handia agertu zen zeruan: emakume bat, eguzkiz jantzia eta ilargia oinpeko, eta hamabi izarreko koroa buruan.
Beste ikusgarri bat ere agertu zen zeruan: herensuge gorri haundi bat; zazpi buru eta hamar adarrekoa; eta buruetan zazpi koroa zituena. Haren isatsak zeruko izarrak hirutatik bat arrastaka zaramatzan eta lurrera bota zituen. Herensugea, haurra izateko zegoen emakumearen aurrean gelditu zen, jaio-orduko semea iresteko. Emakumeak izan zuen, herri guztiak burdin-zigorrez zuzenduko dituen semea; hartu zuten seme hori eta Jainkoaren aulkira eraman zuten. Emakumeak, berriz, ihes egin zuen basamortura, Jainkoak prestatutako leku batera.
Eta oihu haundi bat entzun nuen zerutik: “Orain etorri da salbamena, gure Jainkoaren indarra eta erregetza, eta bere Kristoren ahalmena”.
ERANTZUN-SALMOA
44
GURE ERREGINA
ZURE ESKUINEAN DAGO ZUTIK.
Erregeen alabak bidera datozkizu;
Erregina, Ofirko urrez apaindurik,
zure eskuinean dago zutik.
Entzun, alaba, eta ikus, aldera ezazu belarria:
ahaztu itzazu aitaren etxe eta herria.
Erregek zure edertasuna irrikatu du;
Bera duzu jaun, egiozu ahuspez agur.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei 1 Kor 15,20-26
Senideok: Biztu da Kristo hilen artetik, lo daudenetan lehen fruitu bezala. Izan ere, gizon baten bidez etorri bazen heriotza, gizon batez bidez etorri da hildakoen biztuera ere. Adanengan guztiek heriotza duten bezala, Kristorengan bizia izango dute guztiek. Baina bakoitzak bere mailan: aurrena Kristok, lehen fruitu bezala; gero, kristau guztiek, Hura berriz etortzean. Ondoren, azkenekoek, Kristok Jainko Aitari erreinua itzultzen dionean, ahalmen, aginte eta indar guztiak ezereztu ondoren. Berak eduki behar baitu erregetza, Jainkoak ‘etsai guztiak Haren oinazpian ipini arte’. Heriotza izango da, azkenik ezereztuko den etsaia; izan ere Liburu Santuak honela dio: “Guztiak Haren oinazpian ezarri ditu”.
ALELUIA Maria zeruetara jasoa izan da;
pozik daude aingeruak. ALELUIA!
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 1,39-56
Aldi hartan, Maria jaiki eta bizi-bizi mendi aldera joan zen, Judeako herri batetara; eta Zakariasenean sartu, eta Isabeli agur egin zion. Isabelek Mariaren agurra entzun zuen orduko, jauzi egin zion haurrak sabelean. Isabel Espiritu Santuaz bete zen eta honela esan zuen oihu haundiz:
- ‘Bedeinkatua zu emakumeen artean, eta bedeinkatua zure sabeleko fruitua. Nondik niri, nire Jaunaren ama niregana etortzea? Zure agurra nire belarrietara iritsi orduko, jauzi egin dit haurrak pozez sabelean. Zorionekoa zu, sinetsi duzulako, beteko bait du Jaunak esan dizuna!’
Orduan Mariak esan zuen:
‘Haundiesten du nire arimak Jauna,
pozaren pozez daukat nere barruna;
Jainkoa bait da nere salbamena,
ikusi bait du mirabe honen ezereztasuna.
Dohatsu deituko naute gaurdanik gizaldi guztiek,
haundiak egin bait dizkit Ahalguztidunak.
Santua da Haren izena,
eta Haren errukia gizaldiz gizaldi,
beldur diotenengana.
Bere besoaren indarra erabili du,
buru-harroak suntsitu ditu;
bota ditu beren aulkitik haundizkiak,
eta gora jaso ditu ezerezak;
ondasunez bete ditu gose zeudenak,
eta esku-hutsik bidali asko zutenak.
Bere gain hartu du Israel, bere morroia,
errukia gogora zaiola;
gure gurasoei hala zien hitzemana,
Abrahan-i eta ondorengoei betiko esana’.
Hiru hilabete inguru egon zen Maria Isabelekin, eta gero etxera joan zen.