URTEAN ZEHAR XXIV IGANDEA
Sirak-en liburutik 27,33-28,9
Iguingarri dira gorrotoa eta haserrea;
hoien jabe da bekataria.
Bendeku egiten duenak,
bendeku hartuko du Jainkoarengandik,
eta Jainkoak zorrotz eramango du
haren bekatuen kontua.
Barka zure lagunurkoari berak hutsegina,
eta hala, zuk eskatzean,
zuri ere barkatuko zaizkizu zure bekatuak.
Gizon batek beste bati gorrotoa baldin badio,
nola eskatu Jaunari osasuna?
Gizonak bere kidekoarentzat errukirik ez badu,
nola otoitz egin bere bekatuengatik?
Gizonak, bera haragizkoa izanda,
besteri gorroto badio,
nor izango du bere bekatuentzat barkamen-opari?
Izan gogoan bizitzaren azkena, eta utzi gorrotoa;
izan gogoan heriotza eta usteltzea,
eta jarrai leial aginduei.
Izan gogoan aginduak,
eta ez izan gorrotorik lagunurkoari;
izan gogoan Jaunaren elkargoa eta barka hutsegiteak.
ERANTZUN-SALMOA
102
ERRUKI HUTSA DUGU JAUNA,
ERRUKIA TA MAITASUNA.
Ene arima, goretsazu Jauna,
nire barren osoak Haren izen deuna.
Ene arima, goretsazu Jauna,
eta ez ahaztu Hark zuri egina.
Hark sendatzen bait ditu zure hobenak,
sendatzen zure gaitzak denak;
begiratzen du heriotzatik zure bizia,
ematen dizu koroatzat grazia eta errukia.
San Paulo Apostoluak Erromatarrei 14,7-9
Senideok: Guretakorik inor ez da beretzat bizi; ezta inor beretzat hiltzen ere. Bizi baldin bagara, Jaunarentzat gara bizi; eta hiltzen bagara, Jaunarentzat gara hiltzen. Beraz, nahiz bizitzan, nahiz heriotzean, Jaunarentzat gara. Honetarako hil eta biztu zen Kristo: bizien eta hilen Jauna izateko.
ALELUIA Agindu berria ematen dizuet –dio Jaunak–:
Maite ezazue elkar,
Nik maite izan zaituztedan bezala. ALELUIA!
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Mateoren liburutik 18,21-35
Aldi hartan Pedrok, Jesusengana hurbildurik honela esan zion:
- ‘Jauna, nere anaiak hutsegiten badit, zenbat aldiz barkatu behar diot? Zazpi aldiz?’
Jesusek erantzun zion:
- “Zazpi aldiz ez, baizik zazpitan zazpi hamar aldiz.
Horregatik, zeruetako erreinua, morroiekin bere harremanak garbitu nahi izan zituen erregearen antzekoa da. Hasteko, hamar mila talentu zor zizkion bat ekarri zioten. Eta nondik ordaindurik ez bait zeukan, nagusiak agindu zuen haren emazte, seme-alaba eta zituen guztiak saltzeko, eta horrela zorrak ordaintzeko.
Morroiak, nagusiaren oinetan ahuspezturik, arren eta arren esaten zion: ‘Emaidazu epea, eta dena ordainduko dizut’. Erruki izan zuen nagusiak morroia, askatu zuen eta barkatu egin zion zorra.
Morroi horrek, atera zenean, hor topatzen du, ehun denario zor zizkion bere morroi-lagun bat; lepotik heldu eta, itobeharrez, honela eraso zion: ‘Ordain iezaidazu zor didazuna’. Eta lagunak, haren oinetan ahuspezturik, arren eta arren esaten zion: ‘Emaidazu epea eta dena ordainduko dizut’. Baina bestea ezetzean zegoen; eta joan eta giltzapean sartu zuen, zorra ordaindu arte.
Haren morroi-lagunek, gertatu zena ikusita, biziro atsekabeturik gelditu ziren; eta nagusiarengana joan eta salatu egin zioten dena. Orduan nagusiak deitu eta esan zion: ‘Morroi gaiztoa, zor guztia barkatu dizut, eskatu didazulako; ez al zen bidezkoa, zu ere zure morroi-lagunaz errukitzea, ni zutaz errukitu nintzen bezala?’ Eta nagusiak, haserretuta, zigorlarien esku utzi zuen, zor guztia ordaindu arte.
Zuei ere berdin egingo dizue zeruetako nere Aitak, elkarri bihotzez barkatzen ez badiozue”.