URTEAN ZEHAR XIV IGANDEA
Zakarias profetaren liburutik 9,9-10
Honela mintzo da Jauna
“Poztu zaitez, Siongo alaba;
kanta ezazu, Jerusalengo alaba.
Hor datorkizu zure erregea
zintzo eta garaile;
apal, asto-gainean,
astakume baten gainean jarrita.
Honek hondatuko ditu Efraingo guda-gurdiak
eta Jerusalengo zaldiak;
honek hautsiko guda-uztaiak,
eta hots egingo bakea atzerriei.
Honen agintaritza itsasotik itsasora,
eta Eufratestik lurraren azken-mugetaraino”.
ERANTZUN-SALMOA
144
JAUNA, ZURE MAITASUNA
ABESTUKO DUT BETIREN BETI.
Goratuko zaitut, ene Jainko, ene errege,
bedeinkatuko dut zure izena betiren beti.
Egunero zaitut bedeinkatuko,
zure izena goretsiko beti.
Errukiorra eta bihotzbera da Jauna,
haserregaitza eta onginahiez betea.
Ona da Jauna guztientzat,
gupidaz betea bere sorkari guztientzat.
San Paulo Apostoluak Erromatarrei 8,9.11-13
Senideok: Zuek ez zarete haragiaren menpean aurkitzen, Espirituaren menpean baizik, Jaungoikoaren Espiritua zuengan bizi baita. Norbaitek Kristoren Espiritua ez badu, hori ez da Kristorena. Jesus hilen artetik piztu zuenaren Espiritua zuengan bizi bada, Jesus hilen artetik piztu zuenak, bizieraziko ditu zuen gorputz hilkorrak ere, zuengan den bere Espirituaren bitartez.
Beraz, zorretan gaude, baina ez haragiarekin, haragi-erara bizi izateko. Haragi-erara bizi bazarete, hilko zarete; baina Espirituarekin gorputzaren egiteak hilarazten badituzue, biziko zarete.
ALELUIA Bedeinkatua Zu, Aita, zeru-lurren Jauna,
zure erreinuko misterioak
jende xumeari erakutsi baitizkiozu. ALELUIA!
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Mateoren liburutik 11,25-30
Aldi hartan, Jesusek honela esan zuen:
- “Bedeinkatua Zu, Aita, zeru-lurren Jauna, gauza hauek jakintsuei eta burutsuei gorde, eta jende xumeari erakutsi bait dizkiozu. Bai, Aita, hala nahi izan duzu.
Nire Aitak dena eman dit; inork ez du ezagutzen Semea, Aitak baizik; ezta Aita ere, Semeak baizik, eta Semeak agertu nahi izan dionak baizik.
Zatozte Niregana nekatuok, lanpetuok; eta Nik arinduko zaituztet. Har ezazue nire uztarria eta ikas Niregandik: bihotzbera naiz eta apala; eta aurkituko duzue zuen arimentzat atseden. Nire uztarria leuna bait da, eta nire zama arina”.