PAZKO ALDIKO V IGANDEA
Sarrerako antifona
Kanta Jaunari kantu berri, egin bait ditu hainbat harrigarri; agertu du atzerrien aurrean bere zuzentasuna. Aleluia.
Kolekta otoitza
Jainko Jauna, Zuk gaituzu salbatzen
eta zure seme-alabatzat hartzen;
ikus begi onez hain maite dituzun zeure seme-alabak;
eta Kristorengan sinesten dugunoi
emaiguzu egiazko askatasuna eta betiko bizia.
Zure Seme Jesu Kristo... AMEN.
Apostoluen Eginetatik 6,1-7
Egun haietan, ikasleak ugaritzen ari zirela-eta, marmarra sortu zen grezi hizkuntzakoen artean heber hizkuntzakoen aurka: haien alargunak bazterrera uzten omen zituzten eguneroko serbitzuan. Apostoluek ikasle-taldeari batzarrera deitu eta esan zieten:
- ‘Ez da bidezko, guk Jaungoikoaren hitza uztea, mahaiak serbitzatzeko. Aukera itzazue, beraz, zuen artean izen oneko zazpi gizon jakinduri espirituz beteak, eta lan hori beren gain utziko diegu; gu, berriz, otoitzean eta hitzaren serbitzuan ariko gara erabat’.
Batzarreak ongi iritzi zion asmo honi, eta hauek aukeratu zituzten: Esteban, sinesmenez eta Espiritu Santuaz betetako gizona, Felipe, Prokoro, Nikanor, Simon, Parmenas eta Nikolas Antiokiako judutar berria. Apostoluen aurrera eraman zituzten; eta haiek, otoitz eginez, eskuak ezarri zizkieten.
Jaungoikoaren hitza gero eta gehiago zabaltzen ari zen; ikasle-taldea ugaritu zen Jerusalem-en, eta apaiz asko ere sinestedun egin zen.
ERANTZUN-SALMOA
32
ZU ZAITUT, JAUNA, ONDASUNA.
Poztu zaitezte, zintzoak, Jaunagan,
zuzenak direnei dagokie Hura gorestea.
Ospa ezazue Jauna kitaraz,
egiozue soinu hamar hariko salteriaz.
Zuzena bait da Jaunaren hitza,
leiala Harek egin duen guztia.
Zuzen eta bidezko dena du maite,
Haren graziaz lurra dago bete.
San Pedro Apostoluaren epistolarik 1 Pe 2,4-9
Senide maiteok: Jaunarengana hurbiltzen zaretelarik -harri bizia bait da, gizonek zapuztua, baina Jaungoikoaren begietarako aukeratua eta ederretsia-, zuek ere, harri bizi bezala, Espirituaren etxegintzan parte hartzen duzue, eta apaizgo santu bat izango zarete, Jesu Kristoren bitartez Jaungoikoak onartuko dituen espiritu-opariak eskaintzeko. Liburu Santuan bait dago:
‘Hona Nik ipini Sionen giltzarri aukeratu eta bikaina;
eta honengan sinesten duenik ez da lotsatuko’.
Beraz, zuentzat –fededunontzat- aintzagarri da: sinesgabeentzat, ordea:
‘etxegileek baztertutako harria berori gertatu da giltzarria
eta irristagarri eta gaizpide-harkaitz’.
Sinesten ez dutelako egiten dute oztopo hitz horretan, horretarako jarriak izan bait ziren. Zuek, ordea, jatorri hautatua zarete, errege-apaizgo, enda santu, Jainkoak aukeratutako herri, ilunpetatik atera eta argi zoragarrira dei egin dizuenaren egintza harrigarriak oihuka ditzazuen.
ALELUIA Ni naiz bidea, egia eta bizia –dio Jaunak–;
ez dijoa inor Aitarengana,
nere bitartez ez bada. ALELUIA!
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Joanen liburutik 14,1-12
Aldi hartan honela esan zien Jesusek bere ikasleei:
- “Ez izan bihotz-larririk. Sinets ezazue Jaungoikoarengan, eta sinets Niregan ere. Nire Aitaren etxean bizitoki asko da; hala ez balitz, esango al nizuen Nik, zuentzako tokia eratzera noala? Joan eta tokia eratu ondoren, etorriko naiz berriro, eta Nerekin hartuko zaituztet, Ni nagoen toki berean zuek ere egon zaitezten. Ba dakizue Ni noan tokirako bidea”.
Tomasek orduan:
- ‘Jauna, ez dakigu nora zoazen, eta nola jakin bidea?’
Eta Jesusek:
- “Ni naiz bidea, egia eta bizia. Ez doa inor Aitarengana, nere bitartez ez bada. Ni ezagutuko baninduzue, nere Aita ere ezagutuko zenukete; oraindanik ezagutzen duzue, eta ikusten”.
Felipek orduan:
- ‘Jauna, erakus iezaiguzu Aita, eta nahikoa dugu’.
Eta Jesusek:
- “Hainbeste denboran zuekin egon, eta ez al nauzu ezagutzen, Felipe? Ni ikusten nauenak, Aita ere ikusten du. Nola diozu ‘erakus iezaiguzu Aita’? Ez al duzu sinesten Ni Aitarengan nagoela eta Aita Neregan dagoela? Esaten dizuedana, ez dizuet Nik neurez esaten. Neregan dagoen Aitak, Berak egiten ditu bere egintzak. Sinets iezaidazue; Ni Aitarengan nago eta Aita Neregan. Sinets, bestela, Haren egintzengatik. Egi-egiaz diotsuet: Neregan sinesten duenak, Nik egiten ditudan lanak egingo ditu hark ere, eta haundiagoak ere bai; Ni Aitarengana bait noa”.