URTEAN ZEHAR XVI IGANDEA
Jakinduriaren liburutik 12,13.16-19
Ez da Zu beste jainkorik;
gauza guztien ardura duzu,
horrela erakusteko, ez duzula zuzengabe epaitzen.
Zure indarra zuzentasunaren hasiera da,
eta guztien Jaun izateak
guztien barkatzaile egiten zaitu.
Guztiz ahaltsu zarela sinesten ez duenari,
zure indarra agertzen diozu;
eta zapaltzen duzu
indar horren berri ez dutenen ausardia.
Zuk, agintari guztiz ahaltsu Horrek,
neurriz epaitzen duzu,
eta begirapen handiz erabiltzen gaituzu,
nahi duzun guztia egin baitezakezu.
Horrela eginez irakatsi diozu zure herriari,
gizon zuzenak bihotz oneko izan behar duela,
eta zure semeei itxaropen ona eman diezu,
bekatuen ondoren damu-bidea ematen duzula.
ERANTZUN-SALMOA
85
ERRUKI HUTSA DUGU JAUNA,
ERRUKIA TA MAITASUNA.
Ona zara, Jauna, eta gupibera,
deitzen zaituzten guztientzat onginahiz betea.
Entzun, Jauna, nire otoitza,
adi nire eskariaren hotsa.
Izan ere, Zu, Jauna,
Jainko errukior zaitut eta onbera,
berant-haserre, guztiz maitekor eta leiala.
Begira iezaidazu eta erruki zakizkit.
San Paulo Apostoluak Erromatarrei 8,26-28
Senideok: Espiritua datorkigu gure ahuleriaren lagun, guk ez baitakigu zer eta nola eskatu; Espirituak berak eskatzen du, ordea, gure alde, esan ezin halako intziriz. Eta bihotzak aztertzen dituenak ezagutzen du zer den Espirituaren gogoa, eta Espirituak Jaungoikoaren asmoen erara eskatzen duela, zintzoen alde.
ALELUIA Bedeinkatua Zu, Aita, zeru-lurren Jauna,
zure erreinuko misterioak
jende xumeari erakutsi baitizkiozu. ALELUIA!
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Mateoren liburutik 13,24-43
Aldi hartan, Jesusek parabola hau esan zion jendeari:
- “Zeruetako erreinua, bere soroan hazi ona erein zuen gizonaren antzekoa da. Mutilak lo zeudelarik, etorri zen etsaia, eta gari artean iraka erein eta hala aldegin zuen. Garia ernetzen eta burutzen hasi zeneko, han azaldu zen iraka ere. Etxeko mutilak joan zitzaizkion nagusiari, eta esan zioten:
- ‘Jauna, ez al zenuen hazi ona erein soroan? Nondik dator, bada, iraka?’
Nagusiak erantzun zien: ‘Etsairen batek egin du hori’.
Mutilek orduan: ‘Nahi al duzu, biltzera gu joatea?’
Eta nagusiak: ‘Ez! Iraka biltzen hasita, bai bait liteke irakarekin batean garia ere ateratzea. Utzi biak batera hazten uzta arte; eta uzta-garaian esango diet igitariei: Bil ezazue lehendabizi iraka, eta lotu balatan erretzeko; garia, berriz, pila ezazue nire galtegian’”.
[Beste parabola hau ere esan zien:
- “Zeruetako erreinua, gizon batek bere soroan ereiten duen mostaza-haziaren antzekoa da. Hazi guztietan txikiena da; baina hazten denean, beste barazki guztiak baino landare haundiagoa gertatzen da, eta zuhaitz egiten; etortzen dira txoriak, eta haren adarretan egiten dute habia”.
Beste parabola bat esan zien:
- “Zeruetako erreinua orantzaren antzekoa da; emakume batek hartu eta hiru lakari-irinetan sartzen du, eta orantzak ore guztia harrotzen du”.
Guzti hauek parabolatan esaten zizkion jendeari; eta parabolarik gabe ez zien hitzegiten, profetak esana bete zedin:
Parabolatan zabalduko dut nire ahoa;
eta lurra lur denetik ezkutuan daudenak
agertuko ditut.
Orduan Jesus, jendea utzirik, etxera joan zen. Ikasleak hurbildu zitzaizkion, esanez:
- ‘Argi iezaguzu soroko irakaren parabola’.
Jesusek erantzun:
- “Hazi ona ereiten duena Gizonaren Semea da; soroa, mundua; hazi ona, erreinuko semeak dira; iraka, berriz, Gaiztoaren umeak; erein duen etsaia, deabrua da; uzta, munduaren azkena; eta uzta-biltzaileak, aingeruak.
Beraz, iraka bildu eta sutan erretzen den bezala, hala izango da munduaren azkenean. Gizonaren Semeak bidaliko ditu bere aingeruak, eta hauek bilduko dituzte, Haren erreinutik, erorbide izan diren guztiak eta gaizkile guztiak. Eta su-labera botako dituzte: han izango da negarra eta hotz-karraska! Orduan zintzoek eguzkiak bezala argi egingo dute, beren Aitaren erreinuan.
Belarririk duenak, entzun dezala”.]