URTEAN ZEHAR XXXIII IGANDEA
Esaera Zaharren liburutik 31,10-13.19-20.30-31
Nork aurki lezakeen etxekoandre ona!
Harribitxiena baino haundiagoa da haren balioa.
Harengan du uste on senarraren bihotzak;
eta ez da harekin galduan aterako.
Bizitzako egun guzietan,
emango dio onik asko, txarrik ez.
Artilea eta lihoa eskuratuko ditu,
eta eskulanetan trebe ariko da.
Lotzen dio eskua linaiari,
eta eragiten diote haren behatzek ardatzari.
Ez duenari zabaltzen dio eskua,
eta behartsuari luzatzen besoa.
Gezurtia da liraintasuna, iheskorra edertasuna,
goresgarria, ordea,
Jaunaren beldur den etxekoandrea.
Goretsazue bere eskulanengatik,
eta haren egiteak izan bitez haren goresgarri
herriko ateetan.
ERANTZUN-SALMOA
127
BAI DOHATSU, GAU TA EGUN,
JAUNAREN LEGEA AUSNARTZEN DUENA.
Dohatsu, Jaunaren beldur dena,
Haren bideetan dabilena!
Zeure eskuen lana bait duzu jango,
zoriontsu izango zara eta ongi zaizu joango.
Zure emaztea mahasti emankorraren antzean,
zure etxe barnean;
zure seme-alabek badirudite olio-kimuak,
zure mahai inguruan.
San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei 1 Ts 5,1-6
Senideok: Noiz eta nola izango denik, ez duzue nik idatzi beharrik; zeurok dakizue aski ongi, Jaunaren eguna lapurra gauez bezala etorriko dela.
‘Bakea eta lasaitasuna’ esaten ari direnean, orduan, ustekabean etorriko zaie hondamendia gainera, haurdun dagoenari erdiminak bezala; eta ez dute ihes egiterik izango. Zuek, ordea, senideok, ez zarete ilunpetan bizi, egun horrek lapurrak bezala harrapatzeko zorian; guztiok argiaren eta egunaren seme zarete. Ez gara gauarenak, ez ilunarenak. Beraz, ez dezagun lorik egin besteek bezala; gauden erne, eta izan gaitezen neurritsu.
ALELUIA Zaudete Nigan eta Ni zuengan –dio Jaunak–;
Nigan dagoenak fruitu asko ematen du. ALELUIA!
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik. 25,14-30
Aldi hartan, Jesusek parabola hau esan zien bere ikasleei:
- “Gizon batek, urrutira joaterakoan, bere morroiei dei egin eta bere ondasunak utzi zizkien. Bati bost talentu eman zizkion; beste bati bi; beste bati bakarra; bakoitzari bere trebetasunaren arauera. Eta gero joan egin zen. Bost talentu hartu zituena, haiekin lanean hasi zen berehala, eta beste bost irabazi zituen. Bi hartu zituenak ere berdin egin zuen, eta beste bi irabazi zituen. Bat hartu zuenak, ordea, lurrean zulo bat egin eta han gorde zuen bere nagusiaren dirua.
Handik luzarora, etorri zen morroi haien nagusia, eta kontuak garbitzen hasi zitzaien. Hurbildu zen bost talentu hartu zituena, eta beste bost eraman zizkion, esanez:
- ‘Jauna, bost talentu utzi zenizkidan; begira, beste bost irabazi ditut’.
Nagusiak esan zion:
- “Ederki, morroi zintzo eta leiala! Gutxian zintzo izan zarelako, askoren buruzagi egingo zaitut; sar zaitez zure nagusiaren pozetara”.
Hurbildu zen bi talentu hartu zituena, eta esan zion:
- ‘Jauna, bi talentu utzi zenizkidan; begira, beste bi irabazi ditut’.
Nagusiak esan zion:
- “Ederki, morroi zintzo eta leiala! Gutxian zintzo izan zarelako, askoren buruzagi egingo zaitut; sar zaitez zure nagusiaren pozetara”.
Azkenean hurbildu zen talentu bat hartu zuena, eta esan zion:
- ‘Jauna, ba nekien gizon zorrotza zinela; erein ez duzun tokian igitaitzen duzuna, eta zabaldu ez duzun tokian biltzen duzuna. Beraz, beldurrez joan nintzen, eta lurpean gorde nuen zure talentua. Hor duzu zeurea!’
Nagusiak erantzun zion:
- “Morroi gaizto eta alferra! Ba zenekien, beraz, nik, erein ez dudan tokian igitaitzen dudala, eta zabaldu ez dudanean, biltzen. Horregatik nire dirua dirulariei utzi behar zenien, nik, etortzean, irabazi eta guzti jaso nezan. Ken iezaiozue talentu hori, eta eman hamar dituenari. Duenari eman egingo bait zaio, eta gainezka izango du; ez duenari, berriz, duen hura ere kendu egingo zaio. Eta morroi alfer huts hori bota kanpoko ilunbeetara. Han izango da negarra eta hortz-karraska!”