SAN PEDRO ETA SAN PAULO -ekainak 29
Apostoluen Eginetatik 12,1-11
Egun haietan, Herodes erregea gogor erasotzen hasi zen eliztar batzuen aurka, eta Joanen anaia Santiagori ezpataz lepoa moztu zion. Eta judutarrei poz ematen ziela ikusirik, baitu erazi egin zuen Pedro ere. Pazko-astea zen. Eta, loturik, espetxean sarrarazi zuen, eta launa gudariko lau sailek zaindu zezatela agindu. Pazko-ondorenean herriaren aurrean hilarazteko asmoa zuen. Pedro giltzapean ondo zainduta zeukaten bitartean, Eliza otoitzean ari zitzaion Jaungoikoari haren alde, etengabe.
Herodesek hura atera behar zuen aurreko gauean, lo zegoen Pedro, bi gudarien erdian, haiei katez loturik. Eta espetxe-zainak ate-aurrean zeuden hura zaintzen. Bat-batean Jaunaren aingerua agertu zen, eta gela-barrua argitu egin zen. Eta saihetsean ukituz, esnarazi zuen Pedro, esanez: “Jaiki azkar!”. Kateak eskuetatik erori zitzaizkion. Eta aingeruak berriro: “Lotu gerrikoa eta jantzi oinetakoak”.
Hala egin zuen Pedrok; eta aingeruak berriz: “Jantzi soingainekoa; eta jarrai neri”. Pedro, atera eta atzetik zihoakion. Ez zuen uste, ordea, aingeruak ari zuena egia zenik; irudipena zerizkion. Eta lehenengo eta bigarren zaintzaile-taldeak igaro ondoren, herrira daraman burdinezko ateraino iritxi ziren, eta berez zabaldu zitzaien. Atera eta kale bat igaro zuten; orduan, aingerua bat-batean ezkutatu egin zitzaion. Pedrok, bere baitara etorririk, honela zioen: ‘Bai, egia zen; Jaunak bere aingerua bidali du, Herodesen eskuetatik eta judutarren ikusi-nahi guztietatik ni ateratzeko’.
ERANTZUN-SALMOA
33
TXASTA EZAZUE TA IKUS
ZEIN SAMUR DEN JAUNA.
Bedeinka dezadan aldi oro Jauna,
nere ahoan beti Haren gorespena.
Gailendu bekit bihotza Jaunarekin,
poztu bitez apalak hori entzutearekin.
Jaunaren aingeruak txabolak ipintzen ditu
beldur diotenen inguruan, eta babesten ditu.
Dasta ezazue ta ikus zein samur den Jauna,
bai dohatsu, Harengana ihes dihoana.
San Paulo Apostoluak Timoteori 2 Tm 4,6-8.17-18
Anaia maite: Nire odola isurtzeko zorian nago ni; nireak laster egingo du. Borroka ona egin dut, ibilaldia bukatu dut, gorde dut sinesmena. Orain prestaturik dago niretzat zuzentasunaren koroa, Jaunak, epaile zuzenak, egun hartan emango didana; ez, ordea, niri bakarrik; baita Haren etorrera maite duten guztiei ere. Zatozkit lehenbaitlehen.
Jauna nire alde nuen eta Berak indartu ninduen, Berri On osoa nire bidez zabal zedin eta herri guztiek entzun zezaten; Berak atera ninduen lehoiaren ahotik. Jaunak aterako nau berriz ere gaitz guztietatik; salbatuko nau eta bere zeru-erreinura eramango. Berari aintza gizaldiz gizaldi. Amen.
ALELUIA Zu ‘Harria’ zara;
harri horren gainean eraikiko dut Nik nere Eliza;
eta heriotzaren indarrak ez zaizkio nagusituko. ALELUIA!
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Mateoren liburutik 16,13-19
Aldi hartan, Jesusek, Filipoko Zesarea aldera etorri zelarik, honela galdetu zien bere ikasleei: “Gizonaren Semea nor dela dio jendeak?” Eta haiek: ‘Batzuek, Joan Bataiatzailea dela; beste batzuek, Elias; besteek, Jeremias edo profetaren bat’.
Jesusek orduan: “Eta zuek, nor naizela diozue?” Eta Simon Pedrok erantzun zion: ‘Zu Mesias zara, Jaungoiko biziaren Semea’.
Jesusek: “Zorionekoa zu, Simon, Jonasen semea! Ez haragik, ez odolek, ez bait dizu adierazi hori zuri, zeruan dagoen nere Aitak baizik. Eta horra Nik esan: Zu ‘Harria’ zara; harri horren gainean eraikiko dut Nik nere Eliza; eta heriotzaren indarrak ez zaizkio nagusituko.
Zuri emango dizkizut zeruetako erreinuaren giltzak. Eta zuk lurrean lotua, zeruetan ere lotua izango da; eta zuk lurrean askatua, zeruetan ere askatua”.