URTEAN ZEHAR XVII IGANDEA
Erregeen liburutik 1Er 3,5.7-12
Egun haietan, Jauna agertu zitzaion Salomoni gauez ametsetan, eta honela esan zion:
- “Eska iezadazu nahi duzuna”.
Salomonek erantzun:
- ‘Jauna, ene Jainko, Zuk ipini nauzu, zure serbitzari hau, nire aita Dabiden lekuan errege. Ni, ordea, ume naiz; ez dakit nondik nora jo. Zure serbitzari hau, Zuk aukeratutako herriaren erdian dago, ugariaren ugariz ezin konta eta zenbatu-halako herri haundian. Emaiozu zure serbitzari honi bihotz zentzuduna, zure herria gidatzeko, ona eta txarra bereizteko. Izan ere, nork gida dezake zure herri haundi hau?’
Gogoko izan zitzaion Jaunari, Salomonek eskabide hau egitea, eta esan zion:
- “Hori eskatu duzulako, eta ez zeuretzat bizi luzerik, ez aberastasunik, ezta zure etsaien heriotzarik ere, baizik-eta zuzen erabakitzeko jakinduria eskatu duzulako, beteko dut Nik, zuk eskatua: emango dizut bihotz zentzudun eta jakintsua, zuk baino lehen inork izan ez duen bezalakoa, eta zure ondoren ere inork izango ez duen bezalakoa”.
ERANTZUN-SALMOA
118
BAI MAITE DUDALA, JAUNA,
ZURE LEGEA.
Hau da, Jauna –esan dut–, nire ondarea:
zure hitzak betetzea.
Niretzat zure ahoko legea
urre eta zilar asko baino hobea.
Horregatik ditut zure aginduak urrea baino,
urre garbia baino maiteago.
Horregatik hartzen ditut zure arauen bideak
eta gorroto ditut bide gezurtiak.
San Paulo Apostoluak Erromatarrei 8,28-30
Senideok: Badakigu, gauza guztiak onerako ari direla, Jaungoikoa maite dutenentzat, Haren erabakiz deituentzat.
Izan ere, Jainkoak aurrez ezagutu zituenak, aukeratu ere egin zituen, bere Semearen irudiko izan zitezen; Hau, senide askoren artean lehen-seme izan zedin. Aurrez aukeratu dituenak, deitu ere egin zituen; deituei, berriz, bere zuzentasuna eman zien; eta zuzen-eginak, aintzaz bete zituen.
ALELUIA Bedeinkatua Zu, Aita, zeru-lurren Jauna,
zure erreinuko misterioak
jende xumeari erakutsi baitizkiozu. ALELUIA!
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Mateoren liburutik 13,44-52
Aldi hartan, Jesusek parabola hau esan zion jendeari:
- “Zeruetako erreinua, soroan ezkutatutako gordailuaren antzekoa da. Aurkitzen du gizon batek eta gorde egiten du. Pozez beterik joaten da, saltzen ditu dauzkan gauza guztiak, eta soroa erosten du.
Era berean, zeruetako erreinua, harri bitxi ederren bila dabilen merkatariaren antzekoa da. Bat oso bikaina aurkitzen duenean, joaten da, saltzen ditu dauzkan gauza guztiak, eta harri bitxia erosten du.
[Era berean, zeruetako erreinua itsasora botazen den sarearen antzekoa da. Era guztietako arraiak hartzen ditu. Beterik dagoenean, ateratzen dute itsas bazterrera eta, eseririk, onak saskirako bereizten dituzte, eta txarrak kanpora botatzen. Horrela gertatuko da gizaldiaren azkenean: aterako dira aingeruak eta, zintzoen artetik gaiztoak bereizi, eta su-leizera amilduko dituzte. Han izango da negarra eta hotz-karraska!”
Orduan Jesusek galdetu zien: “Ulertu al duzue?”
Haiek erantzun: ‘Bai!’
Eta Jesusek: “Beraz, zeruetako erreinuan ikasia den idazlaria, bere gordailutik gauza zaharrak eta berriak ateratzen dituen etxe-nagusiaren antzekoa da”.]