Eguberri ondorengo II. Igandea
Siraken liburutik 24,1-4.12-16
Jakinduriak bere burua goresten du,
bere herriaren erdian aintzaz betetzen da.
Goi-goikoaren batzarrean bere ahoa irekitzen du,
eta Haren indardunen aurrean aintzaz betetzen da.
Bere herriaren erdian goratua izango da,
eta santuen batzar osoak ospe emango dio;
aukeratuen taldeek gorespenak emango dizkiote
eta bedeinkatua izango da bedeinkatuen artean.
Orduan, guztien egileak agindu zidan,
ni sortu ninduenak, etxola eraiki zidan,
eta esan: “Jakobenean bizi zaitez,
eta Israel izan bedi zure ondare”.
Hasieran, gizaldiak baino lehenagotik sortu ninduen,
eta inoiz ere ez dut amairik izango.
Etxola santuan, Haren aurrean egin dut serbitzu,
eta Sionen ipini dit bizitoki;
Hiri santuan eman dit atseden,
eta Jerusalemen dago nere agintaritza.
Izen haundiko herrian bota ditut sustraiak,
Jaunaren ondarean, Haren lurrean.
ERANTZUN-SALMOA
147
HITZA HARAGI EGIN ZAIGU,
GUREAN HAREN BIZILEKU.
Jerusalem, ospa ezazu Jauna,
Sion, goretsazu zure Jainkoa.
Zure ateen sarrailak indartu baititu,
zure seme-alabak zure barnean bedeinkatu ditu.
Zure mugetan bakea ezarri baitu,
gari-mamiz ase zaitu.
Bidaltzen du lurrera bere mintzoa,
eta Haren hitza bizkor eta arin doa.
San Paulo Apostoluak Efesoarrei 1,3-6.11-12
Bedeinkatua izan bedi Jainkoa,
Jesu Kristo gure Jaunaren Aita,
Espirituaren era guztietako bedeinkapenez,
zeruan Kristogan bedeinkatu gaituena.
Harengan aukeratu bait gintuen,
mundua sortu baino lehen,
bere aurrean, maitasunez,
santu eta errugabe izan gaitezen.
Aurrez aukeratu gintuen bere semeorde izateko,
Jesu Kristoren bidez,
bere nahiaren onberatasunez;
bere Seme maitearengan
hain ugari eman digun graziaren aintzak
Bera gorespenez bete dezan.
Horregatik, Jesus Jaunagan duzuen sinestea, eta santu guztienganako daukazuen maitasuna entzunda, etengabe ari naiz zuengatik eskerrak ematen, nire otoitzetan zuetaz oroituz. Jesu Kristo gure Jaunaren Jaungoikoak, aintzaren Aitak, eman diezaizuela jakinduriazko eta goi-argizko espiritua, Bera ezagutzeko. Argi bitza zuen bihotzeko begiak, horrela jakin dezazuen, nolakoa den Haren deiaren itxaropena, nolakoak Haren aintzaren aberastasunak, Berak santuei oinordekotzan emanak.
ALELUIA Aintza Zuri, Kristo, hots egina izan baitzara atzerriei; aintza Zuri, Kristo, sinestua izan baitzara munduan. ALELUIA!
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Joanen liburutik: 1,1-18
Hasieran ba zen Hitza;
eta Hitza Jaungoikoarekin zen;
eta Jaungoiko zen Hitza.
Hitz hau hasieran Jaungoikoarekin zen.
Dena Hitzaren bidez egina da;
eta egindakoetan ez da ezer Hura gabe eginik.
Harengan zen bizia.
Eta bizia gizonen argia zen.
Argiak ilunbetan argi egiten du;
baina ilunak Hura ez zuen onartu.
[Agertu zen gizon bat, Jaungoikoak bidalia: Joan zuen izena. Aitormenerako etorria zen: argiaren aitormen egitera, haren bidez sinets zezaten. Bera ez zen argia, argiaren aitormen egin behar zuena baizik.]
Hitza zen, mundura etorritako gizon oro
argitzen duen egiazko argia.
Munduan zegoen;
eta mundua Haren bidez egina da;
baina munduak ez zuen ezagutu.
Bereetara etorri zen,
eta bereek ez zuten onartu.
Onartu zuten guztiei, berriz,
Jaungoikoaren seme-alaba izateko eskubidea eman zien,
Haren izenean sinesten badute.
Hauek ez dira odoletik sortu,
ez haragiaren nahieratik,
ezta gizonaren nahieratik ere;
Jaungoikoarengandik baizik.
Eta Hitza haragi egin zen,
eta gure artean jarri zuen bizilekua;
eta geuk ikusi dugu Haren aintza,
Aitaren Seme bakarrari dagokion aintza,
graziaz eta egiaz betea.
[Joanek Hartaz egiten zuen aitormen, oihuka esanez: - ‘Hau zen, nik esan nizuen Hura: Nire ondoren datorrena nire aurrean jarria izan da, ni baino lehenagokoa bait zen’. Eta Haren betearen betetik, grazia graziaren gain hartu dugu guztiok. Legea Moisesen bidez emana izan da; grazia eta egia, berriz, Jesu Kristoren bidez etorri dira. Jaungoikoa ez du inork ikusi; Aitaren altzoan dagoen Seme bakarrak eman digu Haren berri.]
Beti bidean, beti bila
Misterioan iraun
(Iñaki Beristain, Beti bidean, beti bila, 2014-01-03)
Urte berriaren eta Epifania festaburuaren tarteko igande honek Eguberriko misterioan irautera eramaten gaitu. Iraun. Horixe dela uste dut une honi bete-betean dagokion aditza. Gabon-Eguberriak ospatu ditugu. Urte zahar, urte berri: zarata artean atzean utzi ditugu biak. Gizartearen ikuspuntutik, askorentzat amaitua da Eguberri. Baina, fededunontzat oraindik ere Epifania eta Jaunaren Bataioa geratzen dira. Horregatik esaten nuen «iraun».
Eta igande honetako ebanjelioak ematen digu Eguberri osoa josten duen haria. Jainkoa Hitzaren haria iruten ikusten dugu. Beregandik sortu zaion Hitza Jainkoak haur bihurtu du, guretzat ere Hitza izan dadin. Jainkoak bere osoa esan digu, bera den Hitza esan baitigu. Jainkoaren aldetik dena esana geratu da. Jainkoa hustu egin da Eguberriz. Hauek denak esateak sarri hotz eta huts uzten gaitu. Hainbestetan entzundako hitzak izanik, horrek zer esaten dio gure bizitza minduari? Ezer gutxi.
Alde batetik, hitzak hustean, Hitza bera hutsik gelditu zaigu. Eta bestetik, zarata deigarri asko dugu inguruan eta barruan, Hitza aditzen jartzeko. Ulergarriagoak, onargarriagoak, gureagoak ditugu beste zarata horiek.
Misterioan iraun. Zer darama berekin irautearen jarrera honek?
- Aurrena, Eguberriz gertatu zaiguna (horri deitzen diot misterioa) geure bizitzaren hondoko oinarri bihurtu. Ez dadila izan paseko festa. Zoru finkoa izan dezagula gure bizitzan.
- Bigarrenik, gure eguneroko jarduerak begira dezala bere egia eta bere jarrera, Belengo Jesusengan agertu zaigun ispiluan. Jainkoak giza duintasuna bisitatu eta handitu baldin badu, guk ere bisitatu eta handitu dezagula gure ingurukoen duintasuna.
- Hirugarrenik, maitasunaren argiari munduan argi egiten utzi. Ez inposatu derrigorrez argia. Mundua ez bihurritu geure ikuskerara ekartzeko. «Ilunpetan argi egin». Doakotasunez eta barne garbiz. Baldintzarik gabe eta sailkapenetan ibili gabe. Argia Jainkoarena da eta denentzat da.
- Eta laugarrenik, erne bizi, Jainkoak han eta hemen egiten duen lanaz jabetzeko. Kontenplazio-begi begiralea behar dugu fededunok. Jainkoak ez baitu bere argi-lana guk nahi dugun lekuan egiten, berak nahi duenean baizik. Argia ez dago kontrolatzerik. Argia maitatu egin behar dugu nolanahi eta nonahitan delarik ere.
Misterioan iraun. Egia da, jende asko bizi dela Eguberriko misteriorik gabe. Egia da, Eguberriko misteriorik gabe ere badela jende jator eta ongilea. Egia da, etikazko jarrera giza egileak bizi daitezkeela, Eguberriko argiaz konturatu gabe. Baina, hori bezain egia da, behin Eguberriko misterioaren argia dastatuz gero, ezin dugula gure bizitza ulertu argi hori gabe. Behin Eguberri ezagutu dugunez, Eguberri dugu gure arnasa eta bizi-indarra. Beharrezko, ezinbesteko egin zaigu.
Misterioan iraun. Pena ematen du. Zenbat kristau izeneko bizi den Misterioa ahaztuta! Garaitsu honetan urtero «zerbait» ospatzen dute. Baina ez dute sentitzen «norbait» hurbildu zaienik. Tristea da esatera noana: zenbait «kristauri» Eguberri kenduko baliote, ez litzaioke ezer garrantzizkorik gertatuko. Berdin-berdin jarraituko lukete.
Misterioan iraun behar dugula esanez bukatu nahi nuen. Baina, igual izango da hobea beste hau esatea: Misterioak iraun dezala guregan. Jainkoaren maitasunak ez dezala aldegin gure ondotik.