SAN JOAN BATAIATZAILEAREN JAIOTZA -ekainak 24
Eguneko meza
Isaias profetaren liburutik 49,1-6
Uharteak, entzun! Urrutiko herriak, aditu!
Amaren sabeletik deitu ninduen Jaunak,
amaren erraietatik zidan izen eman.
Ezpata zorrotz egin zuen nire ahoa,
bere gerizpean gorde ninduen;
gezia bezala zorrozturik,
gezi-ontzian sartu ninduen.
Eta esan zidan:
“Zu, (Israel), nire morroi zara,
zugan dut gorespena”.
Nik neure baitan esaten nuen:
‘Alferrikakoak, nire nekeak;
hutsean erre ditut nire indarrak’.
Baina egiaz, Jaunak zeukan nire zuzenbidea;
nire Jainkoak zeukan nire saria.
Orain honela mintzo da Jauna, amaren sabeletik
bere serbitzurako deitu ninduena;
Jakob Beregana bihurtzeko
eta Israel biltzeko;
izan ere, halako ospea eman zidan Jaunak,
eta Jainkoa izan zen neure indar.
Eta hau esan dit:
“Oso gutxi da zu nire serbitzaria izatea,
Jakoben leinuak eraikitzeko
eta gelditzen diren israeldarrak herriratzeko.
Atzerrien argi egiten zaitut,
nire salbamena lurraren azken mugaraino iritxi dadin”.
ERANTZUN-SALMOA
138
JAUNA, ZURE MAITASUNA
ABESTUKO DUT BETIREN BETI.
Jauna, Zuk aztertzen nauzu eta Zuk ezagutzen:
Zuk dakizu noiz esertzen naizen, noiz jaikitzen.
Urrundik ulertzen dituzu nire gogorakizunak,
noiz nabilen, noiz natzan, Zuk ikusten duzu,
nire bide guztiak ezagunak dituzu.
Nire barrena Zuk antolatu duzu,
amaren sabelean Zuk eho nauzu.
Gora Zu, hain harrigarriro egin nauzulako,
Zuk eginak hain miragarri direlako.
Apostoluen Eginetatik 13,22-26
Egun haietan, Paulok honela zioen: ‘Jaungokoak Dabid eman zien errege, harentzat aitormen hau eginez: “Aurkitu dut Dabid, Jeseren semea, neure gogoko gizona, nire agindu guztiak beteko dituena”.
Hitzemana zeukanez, honen hazitik atera zion Jainkoak Israeli Salbatzailea, Jesus. Berau etorri baino lehen, Joanek bihotz-berritzeko bataioa hotsegin zion Israel-herri osoari. Eta bere bizia bukatzera zihoanean, honela zioen Joanek:
- ‘Ez naiz ni, zuek uste duzuena; badator nire ondoren beste bat, eta ni ez naiz inor Haren oinetakoak askatzeko ere’.
Senideok, Abrahanen ondorengo eta Jaungoikoaren beldur zaretenok: Zuei bidali zaizue salbamen-hitz hau’.
ALELUIA Zu, haurra, Goi-goikoaren profeta deitua izango zara,
Jaunaren aurpegi aurretik joango baitzara
Hari bidea prestatzera. ALELUIA!
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 1,57-66.80
Etorri zitzaion ordua Isabeli, eta semea izan zuen. Entzun zuten auzokoek eta ahaideek Jaunak egin zion erruki haundia, eta zorionak ematen zizkioten. Zortzigarren egunean, haurra erdaintzera eraman zuten, eta Zakarias deitzen zioten, aitari bezala. Amak, ordea, esan zuen:
- ‘Ez! Joan izango du izena’.
Haiek, berriz:
- ‘Ez duzue zuen senitartean inor, izen hori duenik’.
Orduan aitari keinuka hasi zitzaizkion, ea zer izen eman nahi zion haurrari. Eta hark, idatz-ohol bat eskatu, eta idatzi zuen:
-‘Joan du bere izena’.
Eta denak harriturik gelditu ziren. Bat-batean askatu zitzaion mihia, eta hitzegiten hasi zen eta Jaungoikoa goresten. Beldurrak hartu zituen auzokoak; eta berri hau Judeako mendialde guztietan zabaldu zen. Entzuten zutenek, beren barruan pentsaka, honela zioten:
- ‘Zer izango ote da haur hau?’
Jainkoaren eskua harekin bait zegoen.
Haurra hazten ari zen, eta bizkortzen haren espiritua; eta basamortuan bizi izan zen, Israel-herriaren aurrean agertu zen egunera arte.
Oparigaien otoitza
Zure aldarean ezarri ditugu, Jauna, emaitza hauek,
San Joanen jaioteguna egoki ospatzeko:
berak esan bait zuen munduaren Salbatzailea hurbil zegoela,
baita, etorri zenean, erakutsi ere.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. AMEN.