Familia Santua
Siraken liburutik 3,3-7.14-17a
Goresgarriago egiten du Jainkoak aita, seme-alabak baino;
eta amari eskubidea ematen dio bere umeen gainean.
Aita goresten duenak bere bekatuak ordaintzen ditu;
eta ama goresten duenak ondasunak pilatzen.
Aita goresten duenak poz izango du bere seme-alabetan;
eta otoitz egunean entzun egingo zaio.
Aita goresten duena luzaro biziko da;
eta Jaunak entzuten dio, amari atsegin ematen dionari.
Ene seme, iraun zure aita goresten, eta ez utzi bizidaino.
Burua galtzen badu ere, izan zakizkio bihotz haundiko
eta ez gutxietsi bizi zeraino;
aitari emandako laguntza ez da ahaztuko,
bekatuen ordain izango duzu;
zoritxar egunean, gogoan hartuko dizu Jaunak.
ERANTZUN-SALMOA
127
DOHATSU, JAUNAREN BELDUR DENA,
HAREN BIDEETAN DABILENA!
Dohatsu, Jaunaren beldur dena,
Haren bideetan dabilena!
Zure eskuen lana bait duzu jango,
zoriontsu izango zara eta ongi zaizu joango.
Zure emaztea mahasti emankorraren antzean,
zure etxe barnean;
zure semeak badirudite olio-kimuak,
zure mahai inguruan.
San Paulo Apostoluak Kolosarrei 3,12-21
Senideok: Jantzi zaitezte bihotz errukitsuz, onberatasunez, apaltasunez, egokitasunez, eraman-onez, Jaungoikoaren herri aukeratu, santu eta maitea zaretenez gero. Eramazue ondo elkar eta barkatu batak besteari, inork inorentzat ezer baleuka. Jaunak barkatu dizuen bezala, barka zuek ere.
Guzti hoien gainetik, ordea, izan ezazue maitasun; hori bait da lokarririk bikainena. Kristoren bakeak agindu beza zuen bihotzetan, bake hortara deituak zaretenez gero gorputz batean; eta izan esker onekoak. Oparo bizi bedi zuengan Kristoren hitza: Jakinduriarik osoenean elkar argituz eta berotuz; salmoak, goratzarreak, eta goi-arnasezko abestiak Jaungoikoari bihotzez eta esker onez kantari. Edozer esaten edo egiten duzuela, egizue dena Jesu Kristo Jaunaren izenean, Beraren bidez Jaungoiko Aitari eskerrak emanez.
Emazteok, zaudete zeuron senarren menpean, Jaunarengan egoki den bezala. Senarrok, maita itzazue zeuron emazteak, eta ez izan gogorrak haiekin. Seme-alabok, egin zuen gurasoen esana gauza guztietan, hori nahi du-eta Jaunak. Gurasuok, ez samindu zuen seme-alabak, gogoa gal ez dezaten.
ALELUIA. Kristoren bakeak agindu beza zuen bihotzetan; oparo bizi bedi zuengan Kristoren hitza. ALELUIA!
Jesu Kristoren Ebanjelioa s. Mateoren liburutik 2,13-15.19-23
Magoek aldegitean, Jaunaren aingerua agertu zitzaion Joseri, esanez:
- “Jaiki zaitez; hartu haurra eta ama, eta zoaz ihes Ejiptora; eta egon han, nik esan arte; Herodes, haurra hil-nahian ibiliko da-eta”.
Jaiki zen, beraz, Jose, hartu zituen haurra eta ama gauez, eta Ejiptora joan zen eta han egon, Herodes hil zen arte; horrela bete zen Profetaren ahoz Jaunak esandakoa: Ejiptotik dei egin nion nire semeari.
Herodes hil zenean, Jaunaren aingerua agertu zitzaion ametsetan Joseri Ejipton, esanez:
- “Jaiki zaitez, hartu haurra eta ama, eta zoaz Israelgo lurraldera, hilak dira-eta haurrari bizia kendu-nahirik zebiltzanak”.
Jaiki zen, beraz, Jose, hartu zituen haurra eta ama, eta Israelgo lurraldera itzuli zen.
Baina, Herodesen ondoren, Judean haren seme Arkelao zegoela errege jakinik, beldur izan zen hara joateko. Eta ametsetan albiste harturik, Galileara jo zuen. Hara iritsi zenean, Nazaret deritzan herrian gelditu zen bizitzen, profetek esan zutena bete zedin: Nazaretarra deituko diote.
Beti bidean
Familiaren ibilerak
(Iñaki Beristain, Beti bidean, beti bila, 2013-12-26)
Eguberri ondorengo igandeak, urteberriko festaren zain, Nazareteko familia santuaren jaia ekartzen digu gogora. Beti ere Eguberri giroan, noski. Familiari buruzko gogoeta egiteko baino gehiago da Eguberriko gertaera hausnartzeko. Hala ere, ez zaigu gaizki etorriko Nazareteko familiaren argitan geureari begiratzea. Familiak nozitu dituen aldaketak eta gaur ikusten dizkiogun ibilerak, gutxienez gogoeta egiteko dira eta, norberaren arabera, erabaki batzuk hartzeko ere izan daitezke.
Familiaren garai bateko eredua aldatu dela esatea, ez da asko esatea; baina egia da. Eredu bat atzean utzi dugu: agintearen inguruan eratutako eredua, molde erlijioso baten arabera antolatua, uniformea... Bere alderdi onak eta errepika-ezinak bazituen eredu hark. Eta askok pena handia sentitu du alderdi on horiek galtzen ikusi dituenean. Eta asko horietatik batzuek oraindik ere lehengo balio haiek errekuperatzeko ametsa bizi dute. Familiaren gaurko ibilera igarokorra ikusten dute, sentidu gabea, eta lehengoaren itzulera amestu ez ezik eragin ere egin nahi lukete.
Baina, nire uste apalean, onerako eta txarrerako, lehengo eredua joan zen eta, joanak joan, ez dut uste berriz itzuliko denik. Eta joanaren minez atzera begira gelditzeak ez dut uste probetxu handirik ekar diezagukenik. Kristau-begiradak ere irekia izan behar du. Ez dut esan nahi edozer gauza edozein modutara onartu behar dugunik. Esan nahi dut, erne bizi behar dugula gaurko moldeak berekin izan ditzakeen balioez jabetu eta horiek bultzatu eta lantzen saiatzeko.
Gaurko familia anitza da. Eta aniztasun hori ez du erakusten auzoko beste familiekiko bakarrik; aniztasuna teilatupe berean ikusten da, etxe bereko kideen artean. Eta aniztasunak gauzak eta etxeko martxa beste era batera begiratu eta bizitzera garamatza.
Garai bateko aginteak beste molde bati egin behar izan dio leku. Agintearen ordez, beharbada, elkarrizketa eta negoziazioa erabili beharko dira gaur egun. Erlijioaren bizipenak familiari ematen zion ordena eta izaera hura joan zen. Erlijioa gaur nor bakoitzaren aukera bihurtu da. Garai bateko hari bateko heziketa hura gaur erabat desberdina da.
Lehen baino okerrago? Ez dut uste. Balio batzuk galdu direla? Besteak irabazi ditugu. Familiaren izaera aldatu den bezainbat aldatu beharko genuke familiarekiko geure begirada. Esate baterako, eta adibide bat jartzeko: familiako kideen artean ez al genuke komunikazioa askoz gehiago sustatu behar gaurko balio bikain bezala? Familikide bakoitzaren garapen eta heziera pertsonala ez al dugu estimatu behar, lehen hainbeste begiratzen genuen familiaren itxura bateratu haren ordez? Lehen agintez inposatzen zen jarrera erlijiosoa ez al genuke testigantza pertsonal zintzoaren bidez txertatu beharko gure gazteenen bihotzean? Beraz, elkarrizketa, prozesu pertsonala, bizi-testigantza...
Gure elizetan ere, arduraz aztertu beharko genuke zer nolako famili moldea ari garen proposatzen. Niri askotan pena ematen dit, oraindik ere lehengoari begira bizi diren pertsona batzuen jarrera itxiak. Lehengo familiak, nire ustez, bere aukerak zituen, aukera onak. Gaurkoak, hau ere nire ustez, aukera askoz gehiago jartzen dizkigu eskura, baita fede-bizitza sustatzeari begira jarrita ere. Nire iritzian, arestian aipatu ditugun balioak (komunikazioa, prozesu pertsonala, testigantza...) askoz egokiago datozkio Nazareteko familia santuari, lehengoak baino.
Hori esanda, bistan da hala ere, gaur egun familiak ez duela oraindik eredu berria aurkitu. Eta eredu finkatu bat, seguru asko ez du aurkituko. Atergabeko lana eta arreta da, une bakoitzean familia «sortzea» eta «garatzea». Zaindu egin behar familiaren ibilerak!