URTEAN ZEHAR XXII IGANDEA
Jeremias profetaren liburutik 20,7-9
Liluratu ninduzun, Jauna,
eta nik, liluratzen utzi;
ni baino indartsuago zara,
eta menperatu ninduzun.
Farregarri nintzen egun guztian;
burlaka ari zitzaizkidan denak.
Hitz egin behar nien bakoitzean,
oihu hau egin behar: ‘Zigorra!’,
deiadar hau: ‘Hondamendia!’.
Eta Jaunaren hitza lotsaizun eta iseka zen
niretzat egun guztian.
Eta esan nuen nire baitarako:
‘Gogoratu ere ez dut egingo;
ez dut gehiago Haren izenean hitz egingo’.
Baina Haren hitza su kiskalgarria zen nire bihotzean,
nire hezurretaraino sartua;
menpean eduki nahi nuen, eta ezin.
Eta Jaunaren hitza lotsaizun eta iseka zen
niretzat egun guztian.
Eta esan nuen nire baitarako:
‘Gogoratu ere ez dut egingo;
ez dut gehiago Haren izenean hitz egingo’.
Baina Haren hitza su kiskalgarria zen nire bihotzean,
nire hezurretaraino sartua;
menpean eduki nahi nuen, eta ezin.
ERANTZUN-SALMOA
62
ZURE EGARRIZ DAUKAT GOGOA,
JAUNA, ENE JAINKOA.
Jainko, nire Jainko zaitut,
goizetik bilatzen zaitut,
zure egarriz daukat gogoa, zure irrikaz haragia,
lur idor, egarri, urgabe iduria.
Zu gertatu baitzara nire laguntzailea,
pozez oihu dagit zure hegal-itzalean.
Nire gogoa Zuri itsatsia dago,
zure eskuinak eutsita nago.
San Paulo Apostoluak Erromatarrei 12,1-2
Senideok: Jaungoikoaren errukiagatik eskatzen dizuet, eskain ditzazuela zeuen buruak, opari bizi, santu eta atsegingarri Jainkoarentzat; hori da zuen egiazko gurtza. Ez zaitezte mundu honen antzeko egin, baizik-eta antzberritu zaitezte zuen iritzietan, Jaungoikoaren nahia ezagutu dezazuen: on eta bikain dena, eta atsegingarri zaiona.
ALELUIA Jesu Kristo gure Jaunaren Aitak
argi bitza gure bihotzeko begiak,
horrela jakin dezagun nolakoa den
Haren deiaren itxaropena. ALELUIA!
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Mateoren liburutik 16,21-27
Aldi hartan, Jesus bere ikasleei adierazten hasi zitzaien, beharrezkoa zela, Bera Jerusalena joatea, han neke haundiak jasatea zahar, apaiz nagusi eta idazlariengandik, hila izatea eta hirugarren egunean biztea. Orduan Pedrok, Jauna bereiz harturik, honela esan zion haserre-antzean:
- ‘Jainkoarengatik, hori ez, Jauna! Ez zaizu gertatuko horrelakorik!’
Jesusek, Pedrori begira, esan zion:
- “Ken zaitez nire aurretik, Satanas! Erorbide zara Niretzat; zure gogoetak ez bait dira Jaungoikoarenak, gizonarenak baizik”.
Orduan Jesusek honela esan zien bere ikasleei:
- “Nirekin etorri nahi duenak, uko egin biezaio bere buruari, har beza bere gurutzea, eta jarrai biezat. Izan ere, bere bizia salbatu nahi duenak, galdu egingo du; eta bere bizia Niregatik galtzen duenak, beretzat gordeko du. Zertarako du gizonak mundu guztia irabaztea, bere bizia hondatzen badu? Edo-ta zer eman dezake gizonak, bere bizia berriro eskuratzeko? Etorriko bait da Gizonaren Semea Aitaren aintzatan, bere aingeruekin; eta orduan bakoitzari bere egiteen neurriko ordaina emango dio”.