Jainkoaren Ama Maria
Sarrerako antifona
Agur, Ama deuna!, gizaldien gizaldietan zeru-lurren Errege denaren Ama!
Kolekta otoitza
Jainko Jauna, Maria Birjina ama eginez,
betiko salbamena eman diozu gizonari;
iguzu, biziaren iturria den
Jesu Kristo zure Semea ekarri diguna,
laguntzaile ere izan dezagula zure aurrean.
Zurekin eta Espiritu Santuarekin… AMEN.
Zenbakien liburutik 6,22-27
Jauna honela mintzatu zitzaion Moisesi:
- “Hitz egiozu Aaroni eta haren semeei, eta esan: Honela bedeinkatuko dituzue israeldarrak:
‘Bedeinka zaitzala Jaunak, eta zaindu.
Ager diezaizula Jaunak bere aurpegi argia,
eta erruki dadila zutaz.
Ager diezaizula Jaunak bere aurpegia,
eta eman bere bakea’.
Honela aipatuko dute nere izena israeldarren gainean, eta Nik bedeinkatuko ditut”.
ERANTZUN-SALMOA
66
AGERTU ZURE BIHOTZ ONA;
EMAN ZUK, JAUNA, OSASUNA.
Erruki bekigu Jainkoa, bedeinka gaitzala,
ager diezaigula aurpegi alaia;
ezagutu dezaten lurrean zure bidea,
herri guztietan Zugandiko salbamena.
Poztu bitez kantari atzerriak,
zuzenbidez baitaramazu izadia;
zintzo baitituzu gidatzen herriak,
eta zaintzen lurrean atzerriak.
San Paulo Apostoluak Galaziarrei 4,4-7
Senideok: Garaia bete zenean, bere Semea bidali zuen Jaungoikoak, emakumeagandik jaioa, Legepeko egina, Legepean zaudenak erostera, guk seme-ordetza har genezan. Eta seme zaretelako, bere Semearen Espiritua bidali du Jaungoikoak zuen bihotzetara, ‘Abba!, Aita!’ deika ari dena. Beraz, gehiago ez zara morroi, seme baizik; eta seme bazara, baita oinordeko ere, Jainkoari esker.
ALELUIA Askotan eta era askotara
hitzegin zien Jaungoikoak Profeten bidez
aspalditik gure arbasoei;
eta azkenak diren egun hauetan,
Semearen bidez hitzegin digu. ALELUIA!
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 2,16-21
Aldi hartan, laisterka joan ziren artzainak, eta han aurkitu zituzten Maria eta Jose, eta haurra askan etzana. Ikusi zutenean, jakin erazi zuten, haur hartaz esan zitzaiena. Entzun zuten guztiak harriturik gelditu ziren, artzainek esaten zutenarekin. Mariak, berriz, gogoan jasotzen zituen gauza guzti hauek, bere bihotzean hausnartuz. Eta artzainak Jaungoikoari aintzaka eta goraka itzuli ziren, entzun eta ikusi zutenagatik.
Haurra erdaintzeko zortziurrena bete zenean, Jesus ezarri zioten izen, sabelean sortu baino lehenago aingeruak esan zuen izen bera.
Liturgia lagungarriak (Iñaki Beristain)
Mariaren altzo gozoan eserita, Eukaristia ospatzen ari gara Arantzazun. Maria beraren ondoan Jainkoaren Hitza entzun dugu. Gaur hasten dugun urte berriari begira jarrita, zer eskaini dizu berririk Hitz horrek? Edo gaur ospatzen dugun bakearen egunari begira jarrita, bakeari ateak irekitzen dizkion esperantza-izpirik sortu al zaizu Hitz honetatik? Mariaren altzoan gaudenez, Jainkoaren Amari begira diezaiogun urte berri honetarako bake biderik eta zorion biderik harengan ikusten dugun edo.
Gaurko ebanjelioaren une hartan, Maria “urte berri” baten hasieran bezala aurkitzen zen. Jainkoak Bere Semearen amatzat aukeratua zuen. Aurrean zeukan, aska batean, Jainkoaren Semea omen zena. Bizitza guztia aldatu zitzaion. Amets izugarri bat zeraman barnean, Jainkoak berak sartua. Bere Seme hura handia izango zitzaion. Salbatzailea. Bere inguruan orain Belengo koba zuloko isiltasuna besterik ez du entzuten. Artzainen aintzaka eta goraka jardun beharra. Eta hantxe daukazu Maria, isilean hausnartzen. Zer ari zen gertatzen? Zer gertatu behar zuen? Koba zulo batean hasitakoak zer etorkizun zekarkeen? Isildu eta barruan hausnartu.
Gaur zuk, entzule, “urte berri on” esaten eta entzuten duzu. Eta, agian, zuk ere (Mariak bezalatsu) zeure ezinaren eta miseriaren ikusmira negargarri bat besterik ez daukazu ondoan. Eta urte “berri eta ona” nondik baina? Ikas Mariagandik: isildu eta hausnartu. Eta hausnarrean Mariarekin begira zeure miseriaren askan etzana dagokeen Haur horri. Hortxe duzu zeure bizitza eta urtea berritu eta ondu ditzakeena. Hor Mariarengandik jaio eta zure haragitan ezinean agertzen den Jainkoaren Seme horixe da berritasunaren, pozezko nobedadearen iturria eta susto alaia. Munduaren builek eta zaratek ez dizute urtea berrituko, zaude ziur! Agintzari handi eta ahobeteko horiek ez dizute bizitza poztuko, hori seguru! Isildu eta hausnartu: hor daukazu, urruti gabe, zeure miseriaren sehaskan etzana, pozaren iturria: Mesias salbatzailea!
Mariak “Jesus ezarri zion izen”, orain hain indargabe ikusten duen haur horri. Ez daki nondik eta nola izan daitekeen haur hori salbatzaile. Baina Jainkoak esandakoari atxikitzen zaio bere ahalmen guztiaz. Eta hain ahul eta kaskar ikusten duen haur horrengan, Salbatzailea aitortzen du. Begirada berria eta bihotz fededuna erakusten ditu horretan Mariak.
Guretzat ere ikasgai ederra dagoke hor. Gure ahulean eta ezinean, Salbatzailea sumatzen jakingo ote dugu! Geure bizitzaren ahula eta ezina onartu eta pozik besarkatu, horietan Jainkoak bere berritasuna eta poza mamitu nahi dituela sinesturik! Jainkoak garen bezala maite gaitu! Jainkoak garen bezala onartzen gaitu. Izena alda iezaiozu zeure horri. Tristura eta etsipena eta deitu ordez, dei ezaiozu salbazio! Jainkoak seme edo alaba egin zaitu. Jainkoak bere bizia eman dizu. Jainkoak horrela maitatu bazaitu, zuk zergatik ez duzu zeure burua maitatu behar?!
Azkenik Maria, bere isilean eta hausnarrean, bakearen sabel eta eliza bezala ikusten dugu. Beragandik datorkigu baketzen gaituen Salbatzailea! Maria dugu, egiaz, Bakearen Erregina! Mariak haurtxo horrengana makurtzen ditu bere begiak eta bere gozoz haurtxo horrengana zuzentzen gaitu: hortxe dago bakearen iturria eta aukera onena! Sozial eta politika mailako bakea baino harutzagotik sortzen den bakea eta, onenean, beste bake guztientzat ere aukera bakar izan daitekeen oinarrizko bakea! Jesus da bakea! Jesus da harreman berria! Jesus da bakeari atea irekitzen dion maitasuna! Jesus da bakean bizitzeko pozten gaituena! Jesus, Mariaren Semea da Bakea!
Mariak, Nazaretetik hasita, bere bizitzan, erromesaldi luzea burutu behar izan zuen. Belengoa aurreneko pausoa da. Urte berri honen hasieran, erromesaldi luze baten aurrean gaude gu ere. Mariari begira, fedearen arrastoak jarraitu behar ditugu. Urte hau aukera ederra dugu Jainkoaren bendizio handiaz gehixeago jabetzeko. Aukera ederra, fedean abiatzeko. Aukera ederra bihotza baketzeko, eta, ondoren, bihotz baketsuz, gizartearen bake-bideak samurtzeko.
Goazen Eukaristiara. Gure gaurko Belen aldare hauxe dugu. Arantzazuko Amaren oinetan bilduta, Jesusi begira gaude. Berpiztuari begira. Orain galdetzen dizut berriro: zergatik \"urte berri on\"? Jesus Salbatzailea jaio delako! Zergatik \"urte berri on\"? Mariak bere fedezko isiltasunean salbazio-hausnarrean jartzen gaituelako! Zergatik bakea? Mariagandik datorkigulako aldare honetara bakearen iturria eta bakearen poza! Aitor dezagun gure fedea, urte guztian bizi nahi duguna, eta barnean onar dezagun dezagun on eta poz guztien Jauna den Mariaren Semea!
Urteak azkar pasatzen dira, gero eta azkarrago. Beste hark askotan esaten zuena: «Egunak luzeak dira eta urteak motzak». Eguneroko sufrimenduak luzatzen dizkigu egunak eta bizi nahi eta ezinaren gurariak laburtzen dizkigu urteak. Baina gauza bat urtea azkar pasatzea da eta beste gauza urtea lasterka pasatzea. Batean urtea pasatu egiten zaigu eta bestean geuk egiten dugu lasterka. Eta urte berri honen aurrean, lasterka bizi beharra jarri nahi nizun gogoetagai.
«Artzainak lasterka joan ziren». Hori da eredua. Zerbait gogoz bilatu nahi denean, bidea lasterka egiten da. Barruko gogoak jartzen gaitu lasterka. Bestela, berriz, barruko gogorik ezean, bizitzari joaten uzten diogu, gertakizunei gertatzen eta geuk ez dugu ezer bilatzen. Bizitza gertatu egiten zaigu. Eta oraintxe bertan ez gaude bizitzari bere horretan joaten uzteko. Bizitzari grina jarri behar diogu. Gure eguneroko bizitzak helburu bat behar du, amets bat behar du, barruko gogo sutsua behar du. Bizi nahi dugulako, “ukabilak estututa” bizi nahi dugu, lasterka bizi nahi dugu.
Lasterka, lasterka..., nora lasterka? «Han aurkitu zituzten Maria eta Jose, eta haurra askan etzana». Artzainei egin zitzaien adierazpenak zutik eta lasterka jarri zituen. Eta gogoz bilatu zutelako, «aurkitu» egin zuten. Beren bilaketak bihotz handia zeukan, egarri handia, gogo handia.
Guk zer bilatzen dugu? Datorren urte berri honi zer eskatzen diogu? Zeren gogoz abiatzen gara egutegi berriaren zenbakietan barna? Zenbakiei pasatzen utzi behar diegu, dena zozokeria txepel bihurtuz, ala eguneroko segundu bakoitzari «zerbaiten» gogoa jarri behar diogu? Urte berriari gogo berria jartzeko, zenbait gauza eta zenbait jarrera planteatu beharra ere eduki dezakegu. Izan ere, «ongizatearen» bigunkeria honetan ez gara gaizki bizi. Ondo gaude. «Egon» gaude. Ongi gaudenean, zertarako aldatu? Gure zibilizazioaren gaitzik txarrena «egotea» da. Habia beroak egin ditugu. Habia horiei «ongizatea» deitu diegu. Eta hortxe gaude, «egon».
Eta horrek arrisku handiak ditu. Ongi gaudenean, zer bila daiteke? Zergatik egin lasterka «zerbaiten» edo «norbaiten» bila? Beharbada, bilatzen dugun gauza bakarra, gure ongizatea inork ez aztoratzea da. Utz diezazkigutela geure habia beroak bakean. Baina horretatik insatisfakzioa eta gogo txarra besterik ez dator. Oso ondo bizi gara, baina poz gutxirekin. Lasaikerian bizi gara, baina ez lasai. Urduri eta ondoezik gabiltza, zerbait falta izango bagenu bezala. Eta falta dugu.
Urte berri baten aurrean aurkitzen gara. Eta ez diogu, besterik gabe, pasatzen utzi behar. Urte honetan «zerbait» bilatu nahi dugu. «Zerbaiten» gogoa daukagu. Eta «zerbait» horren grinatan lasterka eman nahi dugu urte hau. «Zerbait» hori «Norbait» izango balitz, artean hobe! Baina ez nuke nahi lasterka ibiltze hori gaizki ulertzerik. Lasterka esatean gogoz esan nahi dut, grinaz, barruko arduraz. Beharbada «lasterka» ibiltzeko, gelditu beharra edukiko dugu. Edo geure barruaren egoera aztertu beharko dugu, gogoeta sakon eta patxadatsuan. Eta gure bizitzaren eguneroko helburuak zeintzuk diren galdetu beharko dugu gogoz.
Normalean gure bizitzari ez zaio presa eta urduritasuna falta. Baina presaka ibiltzeak ez du esan nahi lasterka gabiltzanik, gogoz gabiltzanik. «Egotearen» urduritasunak sortu ohi du gure presa, eta hori ez da ona. Topo egin nahiaren gogoak jarri behar gaitu lasterka, eta hori oso ona da. Artzainen bizitza barean lasterka joateko gogoa sortu zen bezala; haien gauak bide berrirako argia jaso zuen bezala, horrelaxe gure urte berriak ere lasterka jarriko gaitu, argitara aterako gaitu.
Urte berri on, adiskide! Hori esatean urte berrirako ilusioa eta bizigogoa opa dizkizut. Egutegia estreinatzen dugu. Estreina dezazula ilusioa ere. Urte berri hau lasterka egin beharreko urtea da!