SAN JOSE -martxoak 19
Sarrerako antifona
Hona hemen etxezain zintzo eta zentzuduna, nagusiak bere serbitzarien buru ipini duena.
Kolekta otoitza
Jainko ahalguztiduna
gizadi berriaren hasieran,
Kristo Salbatzailearen zaintzaile leial
egin zenuen Jose santua;
egizu, beronen otoitzez,
Elizak ere leial zaindu dezala
Jesu Kristoren salbamen-misterioa,
eta bere betera eraman.
Zure Seme Jesu Kristo… AMEN.
Samuelen liburutik 2Sm 7,4-5a.12-14a.16
Egun haietan, Jaungoikoaren hitza etorri zitzaion Natani:
- “Zoaz, eta esaiozu nere morroi Dabidi:
‘Hau dio Jaunak: Zure egunak betetzen direnean eta zure gurasoekin atseden hartzen duzunean, ondorengo bat emango dizut, zure erraietatik aterea, eta sendotu egingo dut haren erreinua. Harek etxea eraikiko dio nire izenari, eta Nik sendotu egingo dut haren errege-aulkia betiko. Aita izango nau harek Ni, eta hura seme izango dut Nik.
Zure etxeak eta zure erreinuak betiko iraungo dute nere aurrean, eta zure errege-aulkiak sendo iraungo du beti’”.
ERANTZUN-SALMOA
88
JAUNA, ZURE MAITASUNA
ABESTUKO DUT BETIREN BETI.
Jauna, zure maitasuna abestuko dut betiren beti,
zure leialtasuna adieraziko gizaldiz gizaldi.
Esan bait duzu: “Maitasuna betiko dut eraiki”,
zure leialtasuna zeruan duzu sendo erazi.
Elkargo egin dut nere autatuarekin,
Dabid nere morroiari nion zin egin:
“Betiko sendotu dut zure hazia,
menderen mende eraikiko zure aulkia”.
San Paulo Apostoluak Erromatarrei 4,13.16-18.22
Senideok: Lurraren jabe izango zirelako agintzaria ez zitzaien egin Abrahami eta haren ondorengoei Legea betetzeagatik; sinesmenaren zuzentasunagatik baizik. Dena sinesmenetik dator, eta dena dohain hutsa da; horrela agintzariak ondorengo guztientzat irauten du; ez Legetik diren ondorengoentzat bakarrik, baita Abrahamen sinesmenetik direnentzat ere; hau guztien aita bait da, idatzia dagoenez: “Herri askoren aita egin zaitut”. Abrahamek, hilak pizten dituen Jainkoa, eta ez direnak izatera deitzen dituena, aurkitu zuenean sinestu egin zion.
Itxaropenean oinarriturik, sinestu egin zuen itxaropen guztien kontra, herri askoren aita izango zela, esan zitzaion bezala: “Hainbestekoa izango da zure ondorengoa”. Hori zela eta, sinesmena aintzat hartu zitzaion zuzentasunerako.
EBANJELIOA
Bai dohatsu, zure etxean bizi direnak,
beti Zu goresten ari direnak!
Jesu Kristoren Ebanjelioa s Mateoren liburutik 1,16.18-21.24a
Jakobek Jose sortu zuen, Mariaren senarra, eta Mariarengandik jaio zen Jesus, Kristo deritzana.
Jesu Kristoren jaiotzea honela gertatu zen: Jesusen ama Maria, Joserekin ezkontzeko hitzemana zegoelarik, elkarrekin bizi izan baino lehen, haurdun aurkitu zen Espiritu Santuaren egitez. Haren senar Josek, gizon zintzoa bait zen, eta ez bait zuen bere emaztea salatu nahi, isilka utzi eta joatea erabaki zuen. Baina, asmo hori gogoan zerabilkiela, Jaungoikoaren aingerua ametsetan azaldu zitzaion, eta esan zion:
- “Dabiden seme Jose: ez izan beldurrik, Maria, zure emaztea, etxean hartzeko, sabelean daraman haurra, Espiritu Santuarengandik bait dator. Semea izango du, eta zuk ‘Jesus’ ezarriko diozu izen, Horrek salbatuko bait du bere herria bekatuetatik”.
Josek, lotatik esnatu zenean, Jaunaren aingeruak agindu bezala egin zuen.