KRISTOREN GORPUTZ-ODOL SANTUAK
Sarrerako antifona
Gari-mamiz janaritu zituen Jaunak, eta harkaitzeko eztiz ase.
Kolekta otoitza
Jesu Kristo gure Jauna,
sakramentu harrigarri honetan
zeure nekaldiaren oroigarria utzi diguzu;
iguzu, arren, zure gorputz-odolen misterioa
begirune osoz gores dezagula,
zure erospenaren ondorenak gugan suma ditzagun beti.
Aitarekin eta Espiritu Santuarekin batean errege bizi bait zara gizaldi eta gizaldietan. AMEN.
Deuteronomio liburutik 8,2-3.14b-16a
Moisesek honela hitzegin zion herriari:
- ‘Gogora ezazu, basamortuan barrena berrogei urtez Jaunak, zure Jaungoikoak, eginarazi dizun bidea. Zu apaltzeko eta aztertzeko izan da, eta zure bihotz-ondoa ezagutzeko: Haren aginduak betetzen ote dituzun ala ez.
Berak apaldu zintuen, eta goseak euki; eta gero, ez zuk, ez zure gurasoek, ezagutu ez zuten mana eman zizun jateko; ikas dezazun, gizona ez dela ogiz bakarrik bizi, Jaungoikoaren ahotik ateratzen den hitz guztitik baizik.
Ez ahaztu, Ejiptoko lurretik, morrontza-etxetik, atera zintuen Jauna, zure Jaungoikoa. Harek eraman zintuen, pozoidun sugez eta arrobioz betetako basamortu beldurgarrian barrena; lur lehor eta urik gabean, Hark atera zuen su-harrizko harkaitzetik ura zuretzat. Hark eman zizun jateko basamortuan, zure gurasoek ezagutu ez zuten mana’.
ERANTZUN-SALMOA
147
O JERUSALEN,
ZURE JAUNARI KANTUZ EKIN.
Jerusalen, ospa ezazu Jauna,
Sion, goretsazu zeure Jainkoa.
Zure ateen sarrailak indartu bait ditu,
zure seme-alabak zure barnean bedeinkatu ditu.
Zure mugetan bakea ezarri bait du,
gari-mamiz ase zaitu.
Bidaltzen du lurrera bere mintzoa,
eta Haren hitza bizkor eta arin dihoa.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei 1 Ko 10,16-17
Senideok: Bedeinkatzen dugun esker onezko kalizak, ez al gaitu guztiok Kristoren odolean elkartzen? Eta zatitzen dugun ogiak, ez al gaitu guztiok Kristoren gorputzean bat egiten? Ogia bat denez gero, guztiok gorputz bat gara, ogi bakarretik hartzen bait dugu guztiok.
ALELUIA Ni naiz ogi bizia, zerutik jaitsia -dio Jaunak-;
Ogi honetatik jaten duena betirako biziko da. ALELUIA!
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Joanen liburutik 6,51-58
Aldi hartan honela esan ziion Jesusek jende taldeari:
- “Ni naiz ogi bizia zerutik jaitsia. Ogi honetatik jaten duena betirako biziko da; eta Nik emango dudan ogia nere haragia da munduaren bizirako”.
Judutarrak eztabaidan ari ziren:
- ‘Nola eman diezaiguke Honek jatera bere haragia?’
Eta Jesusek:
- “Egi-egiaz diotsuet: Gizonaren Semearen haragia ez baduzue jaten eta Haren odola edaten, ez duzue bizirik zuengan. Nere haragia jaten duenak eta nere odola edaten, ba du betiko bizia, eta Nik biztuko dut hura azken egunean. Nere haragia egiazko janaria da; eta nere odola egiazko edaria. Nere haragia jaten duena eta nere odola edaten, Neregan dago eta Ni harengan. Bizi den Aitak bidali nau, eta Ni Aitarengandik bizi naiz; era berean, Ni jaten nauena, Neregandik biziko da. Hau da zerutik jaitsitako ogia; ez zuen gurasoena bezalakoa; jan eta hil egin bait ziren. Ogi honetatik jaten duena betirako biziko da”.