URTEAN ZEHAR XXIII IGANDEA
Ezekiel profetaren liburutik 33,7-9
Honela dio Jaunak:
- “Adanen seme, zu Israel-etxeko begirale ipini zaitut. Nire ahoko hitzak entzuten dituzunean, oihu egingo diezu nire izenean. Nik gaiztoari esaten badiot: ‘Gaizkile, heriotzara galdua zaude’, eta zuk hitz egiten ez baduzu, hura jakinaren gainean egon dadin eta bere jokabide okerra alda dezan, gaiztoa bere erruz hilko da, baina haren odolaren kontua zuri eskatuko dizut. Baina zuk jakinaren gainean jartzen baduzu gaiztoa, bere jokabide okerra alda dezan, eta hark aldatzen ez badu bere jokabide okerra, hau bere erruz hilko da; zuk, ordea, salbatu izango duzu zeure bizia”.
ERANTZUN-SALMOA
94
ENTZUNGO AL DUZUE GAUR JAUNAREN MINTZOA:
“EZ GOGORTU ZUEN BIHOTZA”.
Zatozte, pozez oihu dagiogun Jaunari,
txalo dagiogun salbamen dugun Harkaitzari.
Hurbil gakizkion aurrera esker kantuekin,
jai dagiogun txalo eta eresiekin.
Entzungo al duzue gaur Jaunaren mintzoa:
“Ez gogortu zuen bihotza Meriban bezala,
Masa-egunean basamortuan bezala.
Zuen gurasoek han zirikatu ninduten,
Nik eginak ikusi arren, tentatu ninduten”.
San Paulo Apostoluak Erromatarrei 13,8-10
Senideok: Ez euki zorrik inorekin, elkar maite izatekoa besterik. Maite duenak, bete du Legea. Izan ere, arako ‘ez ezkontzarik nahasi, ez inor hil, ez lapurtu, ez grinaz irrikatu’, eta beste edozein agindu, hitz honetan biltzen da: ‘Maita lagunurkoa zeure burua bezala’.
Lagunurkoa maite duenak, ez dio gaitzik egiten. Maitatzea da, beraz, Lege osoa betetzea.
ALELUIA Jaungoikoa mundua Berekin adiskidetzen
ari zen Kristogan,
eta guri eman zigun adiskidetzearen hitza. ALELUIA!
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Mateoren liburutik 18,15-20
Aldi hartan, honela esan zien Jesusek bere ikasleei:
- “Zure anaiak hutsegiten badizu, joan eta aitor eraz iezaiozu zuen bion artean bakarka. Entzuten badizu, irabazi duzu zeure anaia. Entzuten ez badizu, har itzazu zeurekin beste bat edo bi; bi edo hiru testiguren hitzak erabaki dezan gauza. Eta haiei entzuten ez badie, esan elkarteari. Eta elkarteari ere entzuten ez badio, arrotz edo zergalari bezala izan bedi zuretzat.
Benetan diotsuet: Zuek lurrean lotua zeruetan ere lotua izango da; eta zuek lurrean askatua, zeruetan ere askatua.
Benetan diotsuet hau ere: Zuetako bik elkar hartzen badute lur honetan zerbait eskatzeko, emango die zeruetan dagoen nire Aitak. Izan ere, bi edo hiru lagun nire izenean bildurik dauden batzarrean, han nago Ni haien erdian”.