HIRUTASUN SANTUA
Sarrerako antifona
Bedeinkatua izan bedi Jaungoiko Aita, eta Haren Seme bakarra, eta Espiritu Santua; haundia izan bait da guretzat bere errukia.
Kolekta otoitza
Jainko Aita,
egiaren Hitza eta santutasunaren Espiritua mundura bidaliz,
zure misterio miragarria agertu zenigun gizon-emakumeoi;
emaiguzu, egiazko sinesmena aitortzen dugunoi,
betiereko Hirutasunaren aintza ezagutzea
eta Haren batasun ahalguztiduna gurtzea.
Zure Seme Jesu Kristo... AMEN.
Exodo liburutik 34,4b-6.8-9
Egun haietan, Moises, goizean goiz, Sinai-mendira igo zen, Jaunak agindu zion bezala, bi harlosa eskuetan zeramazkiela.
Jaitsi zen hodeian Jauna, eta han gelditu zen harekin, eta Moisesek Jaunaren izenari dei egin zion. Eta Jaunak, aurretik igarotzean, honela oihu egin zuen:
- “Jauna, Jauna, Jaungoiko errukitsu eta bihotz-bera, haserrerako nagi, errukian aberats eta leial”.
Moisesek, berehala lurreraino makurturik, ahuspez gurtu zuen, esanez:
- ‘Jauna, zure begietan ederra aurkitu baldin badut, ibil zaitez gure artean, herri hau lepa-gogorra bada ere; barka gure gaiztakeriak eta bekatuak, eta har gaitzazu Zeuretzat’.
ERANTZUN-SALMOA
Dn 3,52-56
AINTZA ETA GORESPEN ZURI GIZALDIETAN!
Bedeinkatua Zu, Jauna, gure arbasoen Jainkoa. R/
Bedeinkatua Zure izen santu eta aintzagarria: R/
Bedeinkatua Zu jauretxe santu eta aintzagarrian: R/
Bedeinkatua Zu zure erreinuko aulkian: R/
Bedeinkatua Zu, kerubin gainean eseriz leizeak ikusten dituzuna: R/
Bedeinkatua Zu zeru-sapaian. R/
San Paulo Apostoluak Korintoarrei 2 Ko 13,11-13
Senideok: Poztu zaitezte; saia zaitezte onak izaten; gora zuen bihotzak; izan iritzi bereko, eta bizi bakean. Eta maitasunaren eta bakearen Jaungoikoa zuekin izango da.
Agur egiozue elkarri, musu santua emanez. Kristau guztiek agurtzen zaituzte.
Jesu Kristo gure Jaunaren grazia, eta Jaungoikoaren maitasuna, eta Espiritu Santuaren batasuna izan bedi zuek guztiokin.
ALELUIA Aintza Aitari, eta Semeari, eta Espiritu Santuari;
Baden, bazen eta badatorren Jaungoikoari. ALELUIA!
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Joanen liburutik 3,16-18
Aldi hartan honela esan zion Jesusek Nikodemori:
- “Hain maite izan bait du Jaungoikoak mundua, bere Seme bakarra eman dio; Hari sinesten dionik inor gal ez dadin, baizik betiko bizia izan dezan.
Jaungoikoak ez bait du bere Semea, mundua galtzera bidali; baizik Haren bitartez mundua salba dadin. Hari sinesten dionak, ez du auzirik izango; sinesten ez dionarentzat, berriz, erabakia dago auzia, Jaungoikoaren seme bakarraren izenean sinetsi ez duelako”.