URTEAN ZEHAR XXXII IGANDEA
Jakinduriaren liburutik 6,13-17
Dizdiratsua da jakinduria, ezin-zimeldua;
hura maite dutenek erraz ikusten dute bera,
eta erraz aurkitzen haren bila dabiltzanek.
Irrikatzen dutenei, aurrera datorkie;
bera lehenik azaltzen zaie.
Haren bila jaikitzen dena ez da nekatuko;
bere atean eserita aurkituko bait du.
Hura gogoan erabiltzea, jakinduria betea da;
harengatik esna dagoena
laster izango da kezkarik gabe.
Inguruka dabil, bera maite dutenen bila;
bideetan aurpegi alaiz agertzen zaie,
eta asmo guztietan bidera ateratzen.
ERANTZUN-SALMOA
62
ZURE EGARRIZ DAUKAT GOGOA,
JAUNA, ENE JAINKOA.
Jainko, nere Jainko zaitut,
goizetik bilatzen zaitut,
zure egarriz daukat gogoa, zure irrikaz haragia,
lur idor, egarri, urgabe iduria.
Egona nauzu Zuri begira jauretxean,
zure ospea eta indarra ikusi nahian.
Bizia baino hobea bait da zure maitasuna,
ezpainok egingo dute zure goralpena.
San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei 1 Ts 4,13-17
Senideok: Hildakoez zuek ezjakinean egoterik ez dugu nahi, goibel ez zaitezten, itxaropenik ez duten beste horien antzera. Jesus hil eta piztu zela sinesten dugun bezala, Jesusengan hil direnak ere, Jaungoikoak Harekin batean Beraganatuko ditu.
[Jaunaren hitzez diotsuet nik: Bizi garenok, Jaunaren etorrerarako geldituok, alegia, ez diegu hil direnei aurrea hartuko. Jauna bera, goiangeru-oihuz eta turuta-hotsez, deika jaitsiko da zerutik; eta aurrena, Kristogan hilak piztuko dira; gero gu, oraindik bizi garenok, haiekin batean, lainoetan gora Jaunaren bidera eramango gaituzte. Eta horrela beti Jaunarekin egongo gara. Poztu ezazue, beraz, elkar, hitz hauekin].
ALELUIA Zaudete erne,
uste ez duzuen orduan etorriko zaizue-eta
Gizonaren Semea. ALELUIA!
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 25,1-13
Aldi hartan, parabola hau esan zien Jesusek bere ikasleei:
- “Begira zeren antzekoa izango den zeruetako erreinua. Hamar neskatxa, beren krisailuak eskuetan zituztela, senargaiaren bidera atera ziren. Haietan bost zentzugabeak ziren; eta beste bostak, zentzudunak. Zentzugabeek krisailuak hartu zituzten, baina oliorik ez berekin. Zentzudunek, berriz, krisailuekin batera olioa ere hartu zuten ontzietan. Senargaia berandu zetorrelarik, logaletzen hasi ziren denak eta lo gelditu ziren. Baina gauerdian oihu bat entzun zen:
- ‘Ba dator senargaia; irten zakizkiote bidera!’.
Jaiki ziren orduan neskatxa guztiak, eta prestatu zituzten beren krisailuak. Zentzugabeek honela esan zieten zentzudunei:
- ‘Ekartzue zuen oliotik, gure krisailuak itzaltzen ari zaizkigu-eta’.
Zentzudunek, ordea, erantzun zieten:
- ‘Behar bada, ez dugu nahikorik guretzat eta zuentzat. Zoazte saltzaileetara eta erosi’.
Baina erostera zihoazela, iritsi zen senargaia; eta prest zeudenak sartu ziren harekin ezteietara, eta itxi zen atea. Geroxeago etorri ziren beste neskatxak ere, esanez:
- ‘Jauna, Jauna, ireki iezaiguzu!’
Baina hark erantzun zien:
- ‘Egia esan, ez zaituztet ezagutzen’. Zaudete, beraz, erne; ez bait dakizue, ez egunik, ez ordurik”.