LOIOLAKO INAZIO SANTUA -uztailak 31
Deuteronomio liburutik 30, 15-20
Jauna honela mintzatu zitzaion herriari Moisesen ahoz:
- “Begira, bizia eta zoriona, heriotza eta zorigaitza jartzen dizkizut gaur aurrean. Aditzen badituzu gaur ematen dizkizudan aginduak: Jauna, zure Jainkoa, maitatuz, Haren bidetik ibiliz, eta Haren aginduak, erabakiak eta esanak betez, biziko zara eta ugarituko; eta bedeinkatuko zaitu Jaunak, zure Jainkoak, jabe izateko sartuko zaren lurraldean.
Baina zure bihotza okertzen bada, aditzen ez baduzu eta zeure burua liluratzen uzten baduzu, jainko arrotzei belauna makurtzen badiezu eta serbitzu egiten, gaurtik esaten dizut, nahitanahiez hondatuko zarela, eta ez duzula luzaro iraungo, Jordan igarota menperatzera zoazen lurraldean.
Zeru-lurrak deitzen ditut gaur testigu: bizia eta heriotza, bedeinkapena eta madarikapena jartzen dizkizuedala aurrean. Zuk eta ondorengoek bizi nahi baduzue, aukera ezazue bizia Jauna, zure Jaungoikoa, maitatuz, Haren esana adituz, eta Hari loturik; Bera baita zure bizia eta zure egunen luzagarria; eta biziko zara Jaunak zure guraso Abrahani, Isaaki, eta Jakobi emango ziela hitz eman zien lurraldean”.
ERANTZUN-SALMOA
1
BAI DOHATSU, GAU TA EGUN
JAUNAREN LEGEA
HAUSNARTZEN DUENA.
Bai dohatsu, gaiztoen asmoari jarraitzen ez zaiona,
hobendunen bidean ez dabilena,
lotsagabeen batzarrean esertzen ez dena.
Ostera, Jaunaren legean atsegin duena,
gau eta egun Haren legea hausnartzen duena.
Ur ertzean aldaturiko zuhaitza bezala izango da,
bere garaian ematen du fruitua;
eta hostorik ihartzen ez zaio;
zeregin guztietan ongi doakio.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei 1 Kor 10,31-11,1
Senideok: Nahiz jan, nahiz edan, nahiz beste edozer egiten duzuelarik, egizue dena Jaungoikoaren aintzarako. Ez eman gaizbiderik, ez judutarrei, ez greziarrei, ez Jaungoikoaren Elizari.
Nik ere neure aldetik guztiei ematen diet atsegin, ez nire onari begira, haienari baizik, guztiak salba daitezen. Izan zaitezte nire antzeko, ni Kristoren antzeko naizen bezala.
ALELUIA Poztu zaitezte eta alaitu,
handia izango da-eta zuen saria zeruetan. ALELUIA!
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 9,18-26
Aldi hartan, Jesus bakarrik otoitzean ari zela Hamabien aurrean, honela galdetu zien: “Ni nor naizela dio jendeak?”
Haiek erantzun: ‘Batzuek, Joan Bataiatzailea; beste batzuek, Elias; besteek, berriz, aintzinako profetaren bat biztu dela’.
Hark orduan: “Eta zuek, nor naizela diozue?”
Pedrok erantzun zion: ‘Jaungoikoaren Mesias’.
Baina Hark inori ez esateko agindu zien zorrotz. Eta esan zien: “Beharrezkoa da, Gizonaren Semeak neke haundiak jasatea: zaharrek, apaiz nagusiek eta idazlariek gaitzetsi egingo dute eta hil; baina hirugarren egunean biztuko da”.
Eta guztiei esan zien:
- “Nirekin etorri nahi duenak, uko egin biezaio bere buruari, har beza egunero bere gurutzea, eta jarrai biezait. Izan ere, bere bizia salbatu nahi duenak, galdu egingo du; baina bere bizia Niregatik galtzen duenak, salbatu egingo du.
Zertarako du gizonak mundu guztia irabaztea, bere bizia galtzen eta hondatzen badu? Norbait Niretaz eta Nik erakutsiaz lotsatzen bada, Gizonaren Semea ere lotsatu egingo da hartaz, bere edertasunean eta Aitaren eta aingeru santuen aintzatan datorrenean”.