JAUNAREN GIZAKUNDEAREN ADIERAZPENA -martxoak 25
Sarrerako antifona
Jaunak, munduan sartzerakoan, hau dio: Hona hemen Ni, Jainko, zure nahia egin dezadan.
Kolekta otoitza
Jauna, zure Hitza
Maria Birjinaren sabelean gizon egitea nahi izan zenuen;
egizu, gure Salbatzailea
Jainko eta gizon dela aitortzen dugunok,
Haren antzeko izan gaitezela jainkotasunean.
Zurekin eta Espiritu Santuarekin… AMEN.
Isaias profetaren liburutik 7,10-14
Egun haietan, Jaunak honela hitzegin zion Akaz-i:
- “Eska iezaiozu Jaunari, zure Jaungoikoari, ezaugarri bat zuretzat, nahiz lurraren barrenean, nahiz zeruen goienean”.
Eta Akazek:
- ‘Ez diot eskatuko, ez dut tentatuko Jauna’.
Orduan Isaiasek:
- “Entzun, Dabiden etxe: Gutxi derizkiozue gizonentzat aspergarri izateari? Jaungoikoarentzat ere aspergarri izan behar al duzue? Horregatik, Jaunak berak emango dizue ezaugarri. Begira, birjina haurdun dago, eta semea izango du; Emmanuel ipiniko dio izen, hau da: ‘Jaungoikoa gurekin’”.
ERANTZUN-SALMOA
39
HEMEN NATOR NI, HEMEN, JAUNA,
EGIN DEZADAN ZUK ESANA.
Opari eta eskaintzarik ez duzu nahi izan,
baina belarriak ireki dizkidazu;
erre-opari eta hoben-oparirik ez duzu eskatu,
eta orduan esan dut nik: ‘Hemen nauzu’.
Liburuan nitaz hau dago idatzia:
egin dezadala zure nahia.
Ene Jainko, gogozko zait hori,
eta bihotz-mamian daukat zure legea.
Ebertarrei egindako epistolatik 10,5-10
Senideok: Zezen eta akerren odolak ez ditzake bekatuak kendu: Horregatik Kristok, munduan sartzerakoan, hau dio:
“Oparirik eta eskaintzarik ez zenuen nahi izan, baina gorputza eman zenidan Niri; erre-oparirik eta bekatuentzakorik ez zitzaizun atsegin. Orduan esan nuen Nik, Niretaz Liburuan idatzia dagoena: Hona hemen Ni, Jainko, zure nahia egin dezadan”.
Lehendabizi honela esaten du: “Oparirik eta eskaintzarik, erre-oparirik eta bekatuentzakorik, ez zitzaizun atsegin izan”, hauek legez eskaintzen badira ere. Gero honela dio: “Hona hemen Ni, zure nahia egin dezadan”.
Lehendabizikoa kendu eta bigarrena jartzen du. Nahi horren indarrez santu eginak gara, Jesu Kristok behin betiko egin zuen bere gorputzaren opariarengatik.
ALELUIA Hitza haragi egin zen,
eta gure artean jarri zuen bizilekua:
eta geurok ikusi dugu Haren aintza. ALELUIA!
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 1,26-38
Aldi hartan, Gabriel aingerua bidali zuen Jaungoikoak, Nazaret deritzan Galileako herri batera, birjina batengana; Dabiden etxeko Joserekin ezkontzeko hitzemana zegoen birjina, eta Maria zuen izena. Aingeruak, haren etxean sartuta, honela esan zion:
- “Poztu zaitez, graziaz bete hori: Jauna zurekin”.
Ikaratu zen Maria hitz haiek entzutean, eta pentsatzen jarri zen, zer ote zitekeen halako agur hura. Aingeruak, orduan:
- “Ez izan beldurrik, Maria; Jaungoikoaren ederra aurkitu duzu. Begira, sabelean sortu eta semea izango duzu; eta Jesus ezarriko diozu izen.
Haundia izango da; Goi-goikoaren Seme deituko dute; eta Jainko Jaunak Haren aita Dabiden errege-aulkia emango dio; Jakoben etxean errege izango da beti, eta Haren erregetzak ez du azkenik izango”.
Baina Mariak orduan aingeruari:
- ‘Baina nola daiteke hori? Nik ez bait dut ezagutzen gizonik’.
Eta aingeruak:
- “Espiritu Santua jaitsiko da zuregana, eta Goi-goikoaren indarrak bere itzalpean hartuko zaitu.
Horregatik zuregandik jaioko den Santua, Jaungoikoaren Seme deituko dute. Hara, zure ahaide Isabel ere, bere zaharrean, haurdun dago; eta agorra omen zena seigarren hilabetean aurkitzen da; Jaungoikoarentzat ez bait da ezer ezinik”.
Mariak orduan:
- ‘Hona hemen ni, Jaunaren mirabea; gerta bekit, zuk diozun bezala’.
Orduan aingeruak utzi zuen.