2024-11-20
2024-11-24
URTEAN ZEHAR XXXIV IGANDEA
B zikloa
JESU KRISTO ERREGE
Daniel profetaren liburutik 7,13-14
Begira nengoela,
gizonaren semea zirudien bat ikusi nuen,
zeruetako hodeietan zetorrela.
Gizon zaharrarengana hurbildu zen,
eta haren aurrean aurkeztu.
Agintaritza, ospea eta erregetza eman zitzaizkion;
eta herri, herrialde eta hizkuntza guztiak
serbitzari zituen.
Haren agintea, betiereko agintea da,
inoiz ere amaituko ez dena;
eta haren erregetzak
ez du azkenik izango.
ERANTZUN SALMOA 92
ZU ZARA, JAUNA, GURE ERREGE.
Errege da Jauna, jantzi da handikiro;
jantzi da Jauna, indarra du gerriko.
Lurbira Berak jarri du sendo,
eta ez da kolokatuko.
Sendo dago betidanik zure aulkia,
Zu betidanik zara.
Apokalipsis liburutik 1,5-8
Grazia zuei eta bakea, Jesu Kristo testigu zintzoaren izenean, hilen arteko lehen semearen eta munduko erregeen nagusiaren izenean.
Gu maite izan gaituenari eta, bere odolaz, gure bekatuetatik garbitu gaituenari, errege-leinu eta Jaungoiko gure Aitaren apaiz egin gaituenari: aintza eta agintea gizaldi eta gizaldietan. Amen.
Begira, badator hodeietan; begi guztiek ikusiko dute, baita Bera zulatu zutenek ere; eta Harengatik negar egingo dute bular-joka, lurreko herri guztiek. Bai. Amen. Honela dio Jainko Jaunak: Ni naiz alfa eta omega; baden eta bazen eta badatorrena, Ahalguztiduna.
ALELUIA Bedeinkatua, Jaunaren izenean datorrena!
Bedeinkatua,
gure aita Dabidengandik datorren erreinua! ALELUIA.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Joanen liburutik 18,33-37
Aldi hartan, sartu zen Pilato auzitegira, deitu zion Jesusi eta esan zion: ‘Zu judutarren errege al zara?’
Jesusek erantzun: “Zeure buruz galdetzen al didazu hori, ala besteren batek esan dizu Niretzat?”
Pilatok: ‘Judutarra ote naiz bada, ni? Zure herritarrek eta apaiz nagusiek ekarri zaituzte niregana; zer egin duzu?’
Jesusek orduan: “Nire erregetza ez da mundu honetakoa. Mundu honetakoa balitz nire erregetza, nire zaintzaileek gogor egingo lukete, Ni judutarren esku geldi ez nendin. Nire erregetza, ordea, ez da hemengoa”.
Pilatok: ‘Errege zara, beraz?’
Jesusek erantzun zion: “Zeuk diozu: errege naiz. Horretarako jaio naiz, eta horretarako etorria mundura: egiari aitormen egiteko. Egiarena denak entzuten du nire hitza”.
Homiliak
Liturgi urtea hasi genuenean, Abenduko garaian, ozen esaten zitzaigun: «Zaudete erne, hurbil baita Jainkoaren Erreinua». Eta urtea amaitzean, gaur, Jesus berak garbi asko adierazten du: «Zerorrek diozu: Errege naiz». Eta bi une horien tartean, igandea joan igandea etorri, Jesusen Hitza entzun dugu eta askapen-egintzak burutzen ikusi dugu. Eta egintza horiek burutu dituenean esaten du Jesusek «Errege naiz» nagusi hori.
Jesusek berak esateaz gain, ordea, nik uste denok galdetu beharko genukeela gaur: Baina, benetan errege ote da Jesus? Eta hala dela esaten badut, zertan agertzen eta erakusten du erregetza hori? Izan ere, Ebanjelioak aditzera eman digun ikuskizun hori txokagarria da: Jesus atxilotua Pilatosen aurrean, gurutzera kondenatua izateko zorian, lotua... eta hain zuzen orduantxe, «Errege naiz» esaten. Errege baldin bada, berezia oso!
Eta gaur, fededunok gozotasun eta poz betez aitortzen diogu Jesusi bere erregetasuna. Errege aitortzen dugu, eta barne-poz nabarmenez gainera! Lotua, gurutzeratua, zapaldua, baztertua..., hala eta guztiz ere, Errege! Eta guk nahiago dugu Jesus era horretako Errege izatea: bere bizia besteren zerbitzuan ematen duen Erregea. Gaizkileei barkazioa eskaintzen dakien Erregea. Irainari bakeaz erantzuten dion Erregea. Egiari aitormen egiten dion Erregea. Bere borondatea, bihotzak aldatuz ezartzen duen Erregea. Indarkeriaren beharrik ez duen Erregea. Nahiago dugu era honetako Erregea! Ez da mundu honetan ohiko den horietakoa. Eta hobe!
Apaltasun eta azkenerainoko zerbitzu horri, a zer argia eta edertasuna darion! Gurutziltzatu horixe da hodei gainean airoso datorren Ahaltsua. Bere eskuan azkenik gabeko erregetza duela. Beti Aitaren maitasunezko askatasun-nahia azalduz. Jainkoa Aita dugula esanez. Bekatariak bere artegira bilduz. Gaixoei geroaren esperantza hautsi-ezina bihotzean txertatuz. Baztertuei beti bere bihotzaren estalpe babestua eskainiz. A zer errege izateko modu berezi eta gozoa!
Berak esan du bere erreinua ez duela «mundu honetakoa». Eta, hala ere, «errege izateko etorria dela mundu honetara». Biak batera. Errege izatera etorria da, baina ez munduko errinuen erara. Berak giza bihotzetan eraiki nahi du maitasunezko erreinu zerbitzaria. Baina, erreinu hori bihotzetan eraikitzeak ez du esan nahi erreinu hori barruan gorde eta bizitzeko erreinua denik. Munduko arazoak benetan hartzen dituen erreinua da. Gizakien arazoak bere arazo bihurtzen dituen erregetza da. Ez mundukoen erara, baina munduko bizibidea askatu nahi duen erreinua da. Ez indarrez, maitasunez baizik. Ez behartuz, askatasunez baizik. Ez zapalduz, jasoz baizik. Erreinu berezia, ederra eta askatzailea.
Horrexegatik gaur, ospaketa honetan, bigarren irakurgaiak esan duena egin nahi dugu: «Aintza eta agintea eman gu maite izan gaituenari, gure bekatuetatik garbitu gaituenari, Jaungoiko bere Aitaren apaiz egin gaituenari». Hori da, sekulako «bejondaizula» ozena bota nahi diogu. Badakigu asko eta gehiegi ere zor diogula. Eta hori eskertzeko festaburua dugu gaur.
Eta, bide batez, gaur gure bihotzean itsatsia eta josia laga beharko genuke egia hau: Kristo dela Alfa eta Omega, A eta Z, Hasiera eta Azkena. Harengan oinarritzen dela zorion oro eta harengan burutzen dela zorion oro. Harengan oinarritzen eta burutzen gizatasun oro. Harengan oinarritzen eta burutzen edertasun oro. Harengan oinarritzen eta burutzen askatasun oro. Gure izan-ametsak burutu nahiz beste zerbaitetara makurtzen bagara, ez dugula inolako atarramentu onik izango.
Baina, festaburu honetan, gure bizitzari eta ekintzari ere begiratu behar diegula esango nuke. Izan ere, Jesusen erreinuaren langile izateak, gure jokabideak aztertzera eraman behar gaitu. Gure eguneroko bizitzan ari dugun lanak eta bizi dugun moldeak, ba al du zer ikusirik Jesusen jokamoldearekin? Jesusen maitasunezko jarrerak geuretuak al dauzkagu? Gure jokaera, zerbitzuzkoa al da ala behartuz jokatzen dugu? Gure begiak zabalik al daramatzagu, Jesusen erreinuaren argi txikiak ikusteko? Ala dena gaizki eta kaltegarri ikusten jarraitzen dugu oraindik ere? Erreinuaren hazi txikiak sumatzen al ditugu gure eta ingurukoen bizitzan? Maitasunari askotan ez zaio argi handietan antzematen, baina maitasuna da Jesusen erreinuaren egiazko indarra. Maite al dugu, maitasunaren beharrean dagoen behartsua?
Goazen, adiskideok, Erregearen mahaira. Goazen bere burua zerbitzu ederrean eskaintzen duen Erregearengana. Gure fedea aitor dezagun, Kristoren erregetza sinesten dugula oihukatuz. Eta maitasunak neurririk ez duen ospaketan murgil gaitezen pozez eta bakez. Kristo Erregek erakuts diezagula bere Erregetzaren aztarrena. Eta eman diezagula, erreinu horren sintonian bizitzeko argi eta indarra.
Iñaki Beristain (2015-11-17)
Beti bidean, beti bila
(Igandeko ebanjelioa: Jn 18, 33b-37)
Liturgi urtea, beti bezala, Jesu Kristo diren guztien errege aitortuz burutzen dugu. Urte guztiko fede-esperientzia laburbiltzen duen festaburua dela esango nuke. Mundura Belenen jaio eta bere bakez jabetu zitzaigunetik, Pazko-misterioaren bideetan zehar, Aitaren dohain eder eta asegarri bihurtu zaigu; bihotzeko «errege» egin zaigula, alegia. Eta harrezkero pozik asko «errege» aitortzen dugu. Eta barruko poz hori da, bera bizi-iturri aitortzearen poza da, gaur kantatzen duguna.
Ikusi duzu «errege» kakotx artean ari naizela idazten; izan ere, halako ondoez bat sortzen dit barruan errege hitzak. Gaur egunean daukagun errege-eredua ez zaio Jesusi inondik inora egokitzen. Nola bada? Pilatoren aurrean erabat desitxuratua ikusten dugun gizagaixo hori nola parekatu dena xarmaz eta handikeriaz inguratua ikusten dugun errege-irudiarekin? Ezin daiteke, guzak asko behartu gabe. Alde horretatik, Jesus erregearen irudiarekin deskribatzeak baditu bere eragozpenak, eta ez txikiak. «Nire erregetza ez da mundu honetakoa».
Hauek argituta, Jesus «errege» aitortzen dugunean, zer ari gara esaten? Galdera horri erantzuteko ez daukagu urrutira joan beharrik. Aski dugu gaurko ebanjelioan Jesusek esaten duena jasotzea: «Errege naiz. Egiaren aitorle izatera etorri naiz». «Egiaren aitorle» izateko eginkizuna duen erregea da, eta egia aitortuz burutzen du bere erregetza. Ez dator egia inposatzera. Ez dator boterez eta zapalketaz bere erreinua ezartzera. Ez du inor ezertara derrigortzen. Aitortza baten zerbitzua du eginkizun eta moldea.
Egia ari gara esaten; baina zer da hemen aipatzen den egia?, zer egiaz ari da Jesus? Bere programaren egia akaso? Bere jokamoldearen proiektua? Ez. Jesus eginkizun batekin etorri da mundura, Aitaren maitasun betea azaldu eta erakusteko eginkizunarekin. Eta Jesusek aitortzen duen egia, Aitaren maitasun neurrigabea da. Jainkoak gizakiak maite dituela, mugarik gabe maite dituela, beste ezeren gainetik maite dituela. Eta maitasun horrek ez duela ez neurririk, ez azkenik.
Horregatik, maitasunaren egia aitortu nahi duelako, Jesusek ez du erabiltzen gudalosterik; bere ikasle gizagajoak ditu lagun. Ez du indarrik erabiltzen, maitasuna ez baita indarrez erakusten. Ez du behartzen, maitasuna ez baita inposizioz erakusten. Maitasunaren indar soilaz fidaturik, gurutzeko bururaino eramango du maitasuna. Eta justu hantxe emango du bere erreinuaren neurri gorena, maitasun bete eta azkenerainokoa bizi duen unean. Jesusen erreinua maitasun beteko erreinua da.
«Nire erreinua ez da mundu honetakoa». Era eta neurri horretako maitasunik ez da gure munduan. Mundu honetako errealitateek ezin dute erakutsi muga gabeko maitasuna. Horrexegatik, errege deitura ere erabat jokoz kanpo geratzen da maitasun hau adierazteko. Ez da mundu honetakoa, ez; baina bai mundu honetarakoa. Eta hori da edertasun betea: Jainkoak bere maitasunaren proiektua erregalatu digula Jesusengan. Eta maitasun hori doan eta dohain eman digula, askatasun betean goza eta maita dezagun.
Errege da, bai, errege, inork baino gehiago maitatu gaituelako. Errege, bihotza maitasunaren xarmaz harrapatu digulako. Errege, zorion paregabe baten hartzaile egiten gaituelako. Errege, erakutsi digun maitasuna edertasunean apartekoa delako. Errege, bihotza liluratu digulako. Eta, zer nahi duzu?, bihotza liluratzen dizutenean, ez da esplikazio handien beharrik izaten. Eta Jesusekin ere horixe gertatu zaigu, liluratu egin gaituela eta, inolako zalantzarik gabe, geure bihotzeko errege aitortzen dugula.
Zuk beste lilura batzuk dauzkazu? Ondo. Zuk nahiago duzu bihotza beste norbaiti edo zerbaiti eman? Ondo. Guk, hala sinesten dugunok, gaur Jesusi esango diogu geure «errege» aitortzen dugula. Hala da eta!
Iñaki Beristain (2015-11-17)